Zigor-zuzenbide

Zigor-zuzenbidea edo zuzenbide penala Zuzenbide publikoaren adar bat da eta estatuaren zigortzeko ahalmena (Ius Puniendi) arautzen du. Zuzenbide penalaren bitartez, portaera batzuk delitu gisa kalifikatzen dira, eta portaera horiek egiten dituztenentzako ondorio juridikoak aurreikusten dira. Ondorio juridiko horiek zigorrak edo segurtasun neurriak izan daitezke.

Zentzu objektiboan, arau penalen multzoa da Zigor Zuzenbidea. Zentzu subjektiboan, berriz, Zuzenbide Penalak erreferentzia egiten dio estatuak arau penalak sortzeko eta aplikatzeko duen ahalmenari.

Zigor zuzenbidearen helburua

Zigor Zuzenbidea gizarte kontrolerako tresna bat da. Elkarbizitza posible izan dadin portaera batzuk onartezinak direla argi utzi behar da: horren aurrean, Zigor Zuzenbideak, portaera horiek ekiditeko tresna gisa jokatzen du eta ordena mantentzeko helburua du.

Hala ere, Zigor Zuzenbidearen bitartez ezin daiteke edozein arau hauste zigortu. Zigor Zuzenbidea estatuaren tresna errepresiboena da, eta, ondorioz, portaera larrienen aurka bakarrik erantzungo du.

Arau penalen helburuak bi dira: alde batetik babes funtzioa dute, elkarbizitza baketsu bat bermatu nahi dutelako; baina,beste alde batetik, motibazio funtzioa ere betetzen dute, gizartea motibatzen duelako delituak ez burutzera, zigorraren mehatxua dagoelako horren atzean.

Zigor zuzenbidearen printzipioak

Lege-erreserba printzipioa: printzipio honek esan nahi du Legea Zigor Zuzenbidearen iturria dela, hau da, delituak lege baten aurreikusita egon behar direla.

Legezkotasun printzipioa: Zigor Zuzenbidean iturri nagusia Legea izanik, legeak eremu penalean idatzita agertu behar du, jarrera atipiko eta zigorra barneratuz, ondoren pertsona bati egotzi ahal izateko.

Zehaztasun printzipioa: Tipizitate printzipioa ere deitu ohi da eta haren arabera, jarrera tipifikatuak eta haien zigorrak jasotzen dituzten lege eta xedapenek zehatzak izan behar dute.

Analogia debekuaren printzipioa: analogiaren aplikazioa Zigor Zuzenbidean ez da posible, aro penalean ez baitago hutsune-penalik. Horrek esan nahi du, jarrera bat lege batean idatzita ez badago, ezin izango dela analogia erabili jarrera hori zigortzeko.

Atzeraezintasun printzipioa: Zigor Kodeko arauak, haiek indarrean dauden bitartean geratutako egitateei besterik ezingo zaie aplikatu. Hala, legegileak printzipio honekin erabaki du,legea indarrean egon aurretik gertatutako ekintzak eta jarrerak ezingo direla zigortu.

Non bis in idemprintzipioa: Espainiako ordenamendu juridikoak erabiltzen duen printzipioa da. Hala, zigortzeko ahalmena Espainiako estatuan Administrazio Zuzenbidean eta Zigor Zuzenbidean aurkitu daitekeenez, jarrera beragatik zigor penala eta zigor administratiboa batera inposatzea ekidin nahi da.

Kaltegarritasun printzipioa: Zuzenbide Penalean, kaltegarritasuna erantzukizun penala egozteko balio duen elementua da. Printzipio honen arabera, erantzukizun penala jaiotzeko ondasun juridiko baten kalte erreala gertatu behar da: Zigor Kodeak tipifikaturiko jarrera eta zigorrez gain, bere xedapenetan babestu beharreko ondasun juridikoak aipatzen ditu. Adibidez, lapurretaren delituan babestu beharreko ondasun juridikoa jabetza da.

Erruduntasun printzipioa: Ius Puniendiren muga den printzipioa da. Zigor Zuzenbidean, pertsona bat erantzule izateko, ekintza edo jarrera egotzi behar zaio; baina, horrez gain, ekintza edota portaera hori legez kontrakoa izanik hau aurrera eraman duela ere beharrezko baldintza da, norbanako hori errudun izateko.

Zuzenbide penalaren elementuak

Delitua: portaera tipiko bat da (Zigor Kodean aurreikusia), legez kontrakoa, egozgarria eta zigorgarria, zeinarentzako legeak zigor penal bat aurreikusten duen. Hau da, delitu bat burutzeko Zigor Kodean delitu gisa jasotako portaera bat burutu behar da.

Zigorra: Zigor Kodeak delitu gisa aurreikusten duen portaera hori burutzen duenari, boterea duenak ezartzen dion betebeharra da. Zigor Kodeak aurreikusitako zigor bat ezartzeko boterea duen bakarra estatua da (Ius Puniendia estatuak du).

Segurtasun neurriak: zigorren ordezkoak dira. Epaileak segurtasun neurriak ezarriko ditu, delituaren teoriaren arabera, delitua burutu duen subjektua egozgarria ez delako eta beraz ezin delako beraren erruduntasuna baieztatu. Baina segurtasun neurriak jarri ahal dira subjektu horrek arrisku bat dakarrelako, eta burutu ditzakeen bestelako delituak saihestu nahi dira.

Zigortzeko ahalmena

Jakina denez, jurisdikzio organoek ez dute Zuzenbide Pribatuaren erabileran inolako monopoliorik. Zuzenbide pribatua eguneroko bizitzan aplikatzen dute partikularrek; hots, kontratuak egitean, testamentua egitean… Zuzenbide pribatua borondatearen autonomian oinarritzen da, baita herritarren askatasunean ere; horrenbestez, partikular batek eskatuz gero baizik ezin da gauzatu zuzenbide pribatuari buruzko jurisdikzio jarduera.

Zigor Zuzenbidearekin ez da gauza bera gertatzen. Jurisdikzio organoek Zigor Zuzenbidearen erabileraren monopolioa dute. Prozesutik kanpo ez dago zuzenbide hori erabiltzerik; alegia, partikularrek ezin dute Zigor Zuzenbidea aplikatu. Zigor Zuzenbidearen erabilerari dagokionez, hiru monopolio hartu behar ditugu kontuan: estatuaren monopolioa, jurisdikzioorganoen monopolioa eta prozesua.

Delituaren teoria

Delituaren elementuei dagokienez, alde batetik funtsezkoak daude, eta, bestetik, akzidentalak diren elementuak.

Funtsezkoen taldeari dagokionez, hainbat elementu agertzen dira hemen: hasteko, bidegabetasun tipoa aztertu behar da delitu baten egintzan: hemen portaera tipikoa eta zuzenbide kontrakoa den ala ez ondorioztatzen da.

Portaera nahiz ekintza jarduera tipikoa izan dadin, tipo objetkiboaren elementu guztiak (subjektu aktiboa, tipo mota, kausalitate harremana, egozpen objektiboa, ondasun juridiko babestua, subjektu pasiboa eta objektu materiala) zein tipo subjetkiboarenak (doloa, zuhurtzigabekeria…) bete beharko dira. Ez badira guztiz betetzen, alegia portaera eza egon delako edo adibidez errakuntza baten ondoriozko portaera izan delako, atipikotasuna dagoela esaten da, eta ezingo zaio deliturik egotzi subjektu aktiboari.

Bigarrenik, behin portaera eman den ala ez azaldurik, portaera hori pertsona jakin horri egotzi ahal zaion ala ez aztertu beharko da, egozgarritasuna dagoen ala egotz ezintasunezko kausak ematen diren: esaterako, anomalia psikikoak, buru-nahaste iragankorra, toxikazio osoa, adingabea dela subjektu pasiboa, debekuzko errakuntza, beldur gaindiezina eta abar.

Amaitzeko, funtsezko elementuetan eginiko portaera zigorgarria izan ahal dadin, pertsonaren inguruabarrak kontuan hartu behar dira, hau da, kausa pertsonalak eta zigortzeko baldintza objektiboak.

Behin funtsezko elementuak aintzat hartuta, akzidentalak zeintzuk diren jakitea komeni da zigorra jartzeko orduan: inguruabar aringarriak, astungarriak edo mistoak izan daitezke.

Inguruabar aringarriak Zigor Kodearen21. artikuluan daude (salbuesle ez-osoa, mendekotasun larria, zoroaldia, itsualdia edo beste grinaldi bat, aitortzea, kaltea konpontzea/murriztea,analogia); eta astungarriak aldiz, Zigor Kodearen 22. artikuluan aurreikusten dira (maltzurkeria, mozorroa, nagusitasun abusua, gauez egitea, prezioa, saria, arrazakeria- nahiz bereizkeria-zioak, konfiantza-abusua, izaera publikoaz baliatzea, berrerortzea...), eta bitariko inguruabarrak Zigor Kodearen 23. artikuluan daude jasota.

Delituaren garapen faseak

Iter Criminisala delituaren garapen faseak bi alderdi dituela esan daiteke: alde batetik, barne egitura delakoa, eta, bestetik, kanpoko fasea.

Barne faseari dagokionez, hiru aspektu hartzen dira kontuan: ideia, deliberazioa eta azkenik erabakia. Ideia, hasierako urratsa da, non norbanakoak, delitu bat bat burutzekoideia duen; deliberazioan, aldiz, delitu hori aurrera eramatekojarraibideak pentsatzen hasten da; eta erabakiak delitu hori praktikara eramatea esan nahi du, hots, portaera atipikoa aurrera eramatea.

Aldiz, kanpokofasean, delitua egiteko beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzea da helburua. Hemen, prestamen-egintza eta exekuzio-egintza bereizten dira:

Lehenengo kasuan delitua egiteko burutapena praktikan erreala izateko zer-nolako pausoak eman beharko liratekeen definitzen da. Pauso hauek, nahiz eta delitu bat aurrera eramateko balio izan, ordenamendu juridikoaren arabera ezin dira zigortu.

Bigarren kasuan, exekuzio-egintzan, delitu horren inguruko ideiak eta planak benetan praktikan jartzea suposatzen du. Egintzaz edo omisioz, arau penalak ezarritako portaera atipikoa jaiotzen da hemendik aurrera.

Hala ere, delitua gertatu dela esateko, kontuan hartu beharreko osagaiak daude exekuzio-egintzan: delitu-saiakuntza, delitu-burutzea edo kontsumatzea eta delitu-amaitzea.

Saiakuntza Kode Penaleko 16.1 artikuluan ageri da. Delitu bat saiakuntza graduan egin dela esateko, beharrezkoa da subjektu aktiboak delitua egiteko asmoa izatea eta egiten hastea, baina ez da kontsumaziora heltzen. Laburtuz, delitua ez da gertatzen, baina pertsona horrek delitua egiteko asmoa zuen eta urrats guztiak eman ditu hau posible izateko, nahiz eta azkenean ez lortu.

Delitu-burutzea Zigor Zuzenbidearen beste inguruabar bat da eta definizioz, legegileak Kode Penalean adierazitako legez kontrakoa den portaera edo ekintza hori gertatu egin dela esan nahi du. Hemen saiakuntza ezinezkoa da, hau da, Zigor Kodeak, delitu jakin batzuk egozgarriak izateko, delitua kontsumatuta egon behar dela azpimarratzen du. Adibidez, Kode Penaleko bigarren liburuan ageri diren delitu guztiek buruturik egon beharko dute ondorio juridikoak jaiotzeko.

Exekuzio-fasean aintzat hartu beharreko azkenengo elementua, delitu-amaitzea litzateke: hau ez da delitu-burutzearekin nahastu behar. Delitu-amaitzeak kontsumazioaren ostean datorren ondorio gisa uler daiteke, hau da, delitua kontsumatzean delitugileak delitua burutzeagatik lortu duen onura edo ordainsaria.

Egiletza eta partaidetza

Delitu batzuek pertsona bat baino gehiagoren parte-hartzea eskatzen dute delitua gertatzeko, eta beste batzuek ordea pertsona bakar baten jarrera kontuan hartzen dute. Hala, egiletza eta partaidetza bereizten dira delitu baten gertaeran.

Partaidetzak, delitu baten garapenean hainbat pertsonaren parte hartzea egon dela esan nahi du: Kode Penalaren 27. artikuluaren arabera, parte hartze hori autore, konplize edo bigarren mailako konplize gisa izan daiteke. Bestetik, estaltzailearen parte hartzea dago, baina legegileak hau modu autonomoan erregulatzea erabaki du.

Halaber, Kode Penalaren 27. artikuluak ez du parte hartze forma guztiak biltzen. Egiletza, esate baterako, 28. artikuluan ageri da. Horrenbestez, Kode Penalean autoretza mota ezberdinak aurreikusten direla esan genezake. Egiletzaren inguruan, amaitzeko, erantzukizun penala Kode Penaleko 31 bis artikuluan definiturik dagoela esan behar da, bai pertsona fisikoentzako baita pertsona juridikoentzat.

Egiletzan, beste egile bat ere bereizten da: egile kidetza delakoa; horrek esan nahi du, delituaren egikaritzan pertsona bat baino gehiago dagoela egile gisa. Hala ere, bitarteko egiletza egoteko, jurisprudentziak elementu subjektibo gisa egileen arteko akordioa oinarritzat hartzen du, baina bakoitzak ere delituaren ekintzan egiletza bere gain hartzen du; hau da, delitua gerta dadin bien parte hartzea ezinbestekoa da eta biek erabaki dute Zigor Kodean tipifikaturiko jarrera edota ekintza aurrera eramatea.

Bitarteko egilea ere beste egiletza mota bat da: bitarteko egileak ez du delitua bere kabuz egiten, beste pertsona batez baliatuz egiten baitu. Horrelako egoeretan, jarduera materiala egiten duen pertsonari atipikotasuna ezingo zaio egotzi; izan ere, zuzeneko egilearen ondorioz egin du delitua.

Bestetik,induktorea partaidetzaren barruan aurkitu dezakegun figura bat da: hemen eragin psikiko zuzenari esker pertsona batek beste pertsona bati, delitua egiten duenari, tipifikaturiko jarrera bat egiteko esaten dio. Horrela, pertsona horrek (delitua egiten duenak) askatasunez eginiko ekintza bat aurrera eramango du.

Amaitzeko, sopikuntza partaidetza mota bat da ere bai eta Kode Penalaren 29. artikuluan definitzen da. Partaidetza mota honek, erreferentzia egiten die, delituaren ekintzan laguntza ematen dutenei; aurreko egintzak, bitarteko egintzak edota geroko egintzak eginez. Ez da ezinbesteko laguntzarekin nahastu behar, praktikan bien arteko desberdintasunak nabariak baitira, sopikuntzan partaidetza bigarren mailakoa bezala ulertzen delako.

Erreferentziak

    Ikus, gainera

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.