Zubron
Zubrona, Żubroń polonieraz, etxeko behia eta Europako bisontearen arteko hibrido bat da. Zubrona da bera baino askoz hedatuago dagoen Amerikako beefaloaren parekoa. Azken hau Amerikako bisontearen eta etxeko behien arteko nahasketa da.
Etimologia
Bisontea, żubr deitzen da polonieraz, eta handik sortu zen zubron izena. Hibridoari zubron deitzea 1969. urtean onartu zen ofizialki, Przekrój aldizkari poloniarrak egindako inkestari erantzunez bertako jendeak egindako ehunka proposapenen artean izen hori aukeratuz.
Arrazaren historia
Sortutako lehendabiziko zubrona, ezagunak diren datuen arabera, Leopold Walicki poloniarrak sortu zuen 1847. eta 1850. urteren artean.[1], nahiz eta baliteke aldez aurretik ere zubronen bat sortua izatea. Lehen Mundu Gerra eta gero, zenbait zientzilariek uste zuten zubrona etxeko aziendaren ordezkoa izan litekela. Askoz gogorrago eta gaixotasunen aurrean indartsuagoa baitzen. Gainera abere hau oso larre kaskarreko parajetan ondo moldatzen da, baserri baten azpiegiturarik bat ere izan gabe ere.
1958. urtetik aurrera zubronekin egindako saiakerak jarraitu ziren Poloniako zenbait erakundeen eskutik, bereziki Białowieża basoan eta Mlodzikowon. Poloniako behi gorriak zein behi frisiarrak erabili zituzten bisontekin nahasteko. Experimentoaren lehendabiko 16 urtetan 71 abere jaio ziren, "Filon" izeneko alea barne 1960ko abuztuaren 6an jaio zena. Filonen ama zubron bat zen jada. Txahal eta txekorrek 60 kilogramo inguru pisatzen dute jaitzerakoan, eta oso azkar hazten dira. Haragitan emankortasuna ere handia da, kalitate handikoa gainera. Abere hibrido hauen helburua etxeko aziendaren aurrean alternatiba merke eta iraunkorra bilakatzea zen.
1980. hamarkada arte experimentoa aurrera joan zen, baina orduan zenbait faktore batu ziren zubronen aurka. Alde batetik ordurako nekazaritzako agintariak ez zeuden ados egindako esfortzu eta ateratako ondorio eta etekinekin. Are gutxiago ekonomia sozialista estutasun larrietan sartuta zegoenean. Agintariek experimentoarekiko interesa galdu zuten. Beste aldetik Europako beste herrialdetako etxaldeek ere interes gutxi zuten hibridoarekiko. Hori gutxi balitz beldurra zegoen zientifikoen artean abere hauek ugalduz gero, zubrona Europako bisonte puroekin libreki gurutzatuko ote zen arrazaren ondare genetikoa kutsatuz. Azken hau Europako zenbait herrialdetan gertatu da beste hibrido eta basa-animaliekin. Esate baterako basurde eta txerrien arteko kontrolik gabeko edota nahita sortutako aberekin.
Baldintza eta beldur guzti hauek bat etorri ziren azken erabakia hartzerakoan. Bi gune nagusi zeuden saikaera bultzatzen; alde batetik Lekno 391 aberekin eta Popielno 121 aberekin. Sobietar Batasuneko Askania Novan ere zenbait saikaera egin omen zuten hibridoarekin. Programa bertan behera geratu zen azkenean, eta soikik zubronen samalda txiki bat mantentzen da egun Bialowieskako Parke Naturalean.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Los señores del bosque. Conservación del lobo, el lince, el oso y el bisonte en Europa". Egilea Christian Kempf. Argitaletxea, Lynx edicions, 1990