Zubieta (Nafarroa)

Zubieta[3] ([s̻uβi.eta]; Zubita [s̻uβita] Malerrekako hizkeraz) Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko udalerria da, Malerreka ibarrean kokatuta, Baztan Bidasoa eskualdean. Iruñetik 60 kilometro iparraldera. Ezkurra errekaren ondoan dago, 207 metroko garaieran. 2017an 308 biztanle zituen.[4]

Artikulu hau Nafarroa Garaiko udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zubieta».
Zubieta
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Zubietaren ikuspegi orokorra, 2011ko apirila

Bandera

Zubietako armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Iruñea
EskualdeaMalerreka
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Zubieta
AlkateaErnesto Domínguez Olea
(Herriko Taldea)
Posta kodea31746
INE kodea31263
Herritarrazubietar, zubitar
Geografia
Koordenatuak43°07′30″N 1°44′32″W
Azalera18,6 km²
Garaiera207 metro
Distantzia60 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria292 (2023:  −4)
alt_left 146 (%50)(2019) (%53,8) 157 alt_right
Dentsitatea16,4 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 20,55
Ugalkortasuna[1] 153,85
Ekonomia
Jarduera[1]% 72,97 (2011)
Desberdintasuna[1]% 0 (2011)
Langabezia[1]% 10,14 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1][2]% 95,20 (2018:  %-2,46)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.zubieta.eus/

Izena

Herriguneko sarreran dagoen zubiak ematen dio izena herriari.

Geografia

Inguru naturala eta kokapena

Zubieta Iruñeko merindadearen iparraldeko muturrean dago. Arantza eta Goizuetarekin du muga iparraldean, Eratsunekin mendebaldean, Saldias eta Beintza-Labaienekin hegoaldean, eta Iturenekin ekialdean. Herrira heltzeko, lehenik N-121A errepidea hartu behar da Donezteberaino eta, ondoren, Doneztebe eta Leitza lotzen dituen NA-170 errepidea.

Jasokunde eliza eta herrigunea.

Orografiari dagokionez, udalerriaren iparraldean, Loitzate (1.048 m), Iramendi (1.010 m), Arainburu (1.054 m), Ekaitza (1.046 m) eta Oltzorrotz (895 m) mendiak ditugu, Mendaurko mendilerroan. Mendaur bera (1.131 m) are iparralderago gelditzen da. Hegoaldean, bertzela, Aintzingurutze (713 m) dago.

Klima

Zubietak klima ozeaniko epela du (Cfb) Köppen sailkapenaren arabera. Ozeano Atlantikoaren hurbiltasuna dela eta, euri, laino eta langar ugari izaten da.[5] Urteroko batez besteko prezipitazioak 1.800-2.000 ingurukoak izaten dira, urte osoan zehar ongi banaturik. Urteko euri egunak 180 izaten dira. Tenperaturari dagokionez, urteko batez besteko tenperatura 12°-14 °C da; hilik hotzena, urtarrila da (6,7 °C), eta beroena uztaila (21,5 °C).[6]

Auzoak

Honako hauek dira Zubieta osatzen duten auzoak: Ameztia, Aurkidi, Azkota, Mendrasa, Sarekoa eta Zubieta (herriburua).

Metro baserri mapa

Herriko baserrietan jarri dira identifikatzaileak sakabanatuta dauden eraikinen kokapena zalantzarik gabe ezagutzeko. Larrialdi kasuetan medikuak, suhiltzaileak eta oro har zerbitzu publikoak baserrietara ahalik eta lasterren ailegatzeko arras garrantzitsua da Helpbidea proiektua. Nafarroako Gobernuak eta Babes Zibileko zerbitzuak antolatu dute udalekin lankidetzan. Udalek Metro-baserri mapa ere egin dute (zubiko autobus geltokian jarrita dago) eta bidegurutzeetan seinalizazio horizontala jartzen ere hasiak dira. 2020ko maiatzean Zubietan, Beran, Aranon eta Beran jarrita zeuden Helpbidea mapak; eta prestatzen ari ziren Arantzan, Areson, Iturenen, Etxalarren, Lesakan eta Sunbillan.[7][8][9][10]

Zubietako baserrietara heltzeko "metro-baserri-mapa" eta qr-aplikazioa.[7][9]

Historia

Zubieta herriaren historiako lehen aipamen idatzia 1054. eta 1076. urteen artekoa da, Antso IV.a Garzeitzen agindupeko Leringo lurra aipatzean. Izan ere, Zubieta Leringo Doneztebe bailara osatzen zuten herrietako bat zen; herriburua Doneztebe zen. 1280an, 18 sol eta erdiko petxa ordaintzen zuen Zubietak urtean. 1434an, Zuria Nafarroakoak 200 sol-eko petxa ezarri zien, zerriak mendian bazkatzeagatik ordaintzen zen eiurdea barne.[6]

1421ean, Karlos III.a erregeak Iruñeko forua eman zion Leringo Donezteberi, eta hiribildu ona titulua ondoren; hala herriak jarlekua eskuratu zuen Nafarroako Gorteetan. Pixkanaka, bailara osatzen zuten herriak banatuz joan ziren; 1630ean, Legasa, Narbarte, Oieregi, eta Oteitzak Bertizarana sortu zuten, Leringo Doneztebetik banatuta. Urte batzuk geroago, 1665ean, Sunbillak ere bailara utzi eta hiribildu titulua eskuratu zuen. Zubietak, 1704an lortu zuen hiribildu titulua, erregeari 500 dukat ordaindurik, baina bailaran segitu zuen hura 1845ean desegin zen arte. Urte horretan, udalerri independente eratu zuen.[11][12]

Demografia

Zubietako irezelaiak

Zubietak biztanle anitz galdu ditu XX. mendearen erdialdetik hona; 1950ean 616 bizilagun zituen, eta 319 besterik ez 2017an.[4]

Zubietako biztanleria

Politika

Udal hauteskundeak

2007an ez zen udal hauteskunderik izan Zubietan, ez zelako inongo talderik aurkeztu. Horren ondorioz, Francisco Mitxelena Zelaieta kudeaketa batzordearen izenean alkate izendatu zuten 2008ko martxoaren 28an. 2011ko udal hauteskundeetan ere Mitxelena aukeratu zuten alkate, ordukoan Herriko Taldearekin (5 zinegotzi); Eutsik, aurkeztutako beste zerrendak, bi hautetsi lortu zituen. 2015eko udal hauteskundeetan bi talde aurkeztu ziren. Ernesto Dominguez buru zuen Herriko Taldea nagusitu zen, 145 boto eskuratuta (6 zinegotzi). Mikel Telletxea zerrendaburu zuen Zubietarrak taldeak zinegotzi bakarra erdietsi zuen.[13]Ordutik Ernesto Dominguez Olea da Zubietako alkatea.

UrteaAlderdiaBotoakZinegotziak
1979[14]Independientes 11883
Independientes 2612
Independientes 3552
1983[14]Independientes 11274
Independientes 2793
1987[14]Ortzadar1257
1991[15]Iramendi1104
Herri Taldea943
1995[16]Herriko Taldea1357
1999[17]Euskal Herritarrok1357
2003[18]Elutsa1357
2007---
2011[19]Herriko Taldea1275
Eutsi602
2015[19]Herriko Taldea1456
Zubietarrak431

Alkate zerrenda

1936-1950 Martin Etxekolonea
1950-1955 Francisco Juanikorena
1955-1958 Juan Baleztena Arozena
1958-1961 Juan Baleztena Arozena
1976-1979 Eustakio Loiarte Elizalde
1979-1983 Tomas Ochandorena Fagoaga
1983-1987 Jose Javier Juanikorena Juanikorena
1987-1991 Jose Javier Juanikorena Juanikorena Ortzadar
1991-1992 Ana Maria Mugika Iramendi
1992-1995 Francisco Mitxelena Celaieta
1995-1999 Venancio Baleztena Santesteban Herriko Taldea
1999-2003 Venancio Baleztena Santesteban Euskal Herritarrok
2003-2005 Jon Mikel Aragon Ibarra Elutsa
2005-2008Leire OrtuosteElutsa
2008-2011Francisco Mitxelena CelaietaKudeaketa batzordea
2011-2015Francisco Mitxelena CelaietaHerriko Taldea
2015-2019Ernesto Dominguez OleaHerriko Taldea
2019- Ernesto Dominguez Olea Herriko Taldea

Udaletxea

  • HELBIDEA: Kale Nagusia z/g

Kultura

Jaiak eta ospakizunak

Zubietako joaldunak.

Zubietako jaiak abuztuaren 15ean ospatzen dira, Amabirjinetan. Bezperan, besta seinale gisa, arbola altxatzen dute.[20]

Garrantzi handiko ospakizunak dira inauteriak, herrian "iñotik" deituak. Egun horietan joaldunak ateratzen dira dira, ondoan duten Iturenen bezala. Urtarrileko azken igandearen aurreko larunbatean hasi eta hurrengo asteazkenera arte egiten dira; egunik garrantzitsuena asteartea da.

Urtarrilaren 17an, San Anton egunean, meza ematen da ermitan, eta dantzaldia izaten da herriko plazan.

Zinema

Film hauek errodatu dira Zubietan:

Ondasun nabarmenak

  • Jasokunde eliza, herriaren goiko aldean. XVI. mendekoa bada ere, XIX. mendera arte ez zen amaitu. Gurutze latindarreko oinplanoa du, bi tarteko habeartea, albo kaperak gurutzaduran, eta burualde zuzena. Atelada XVI. mendekoa da, eta geometria- eta landare-motiboak ditu apaingarri gisa. Erretaula nagusia barrokoa da, XVII. mendekoa, Martin Aiaroak egindakoa. Aipagarriak dira Errosarioko Andre Maria eta Andre Maria Haurrarekin irudi erromanistak.[12]
  • San Anton ermita, XVI. mendekoa. Herritik kanpo dago, Aurtiz eta Zubietaren artean, NA-170 errepidearen ondoan. Oinplanta laukizuzena du, burualde zuzena eta zurezko estaldura.[12] Barnean San Joan Bataiatzailearen irudia dago, egun desagerturik dagoen izen bereko ermitatik ekarria.[6]
  • Zubietako errota ekomuseoa. 1785ean eraiki zen errota, eta gaur egun martxan segitzen du antzinako makineriarekin. Beheko solairuan bi errotarri daude, bi artoa ehotzeko eta hirugarrena gariarentzat. Hiru zati ditu ekomuseoko bisitak. Lehenbizikoak errotazainaren lanean sartzen du bisitaria, zuzenean ikusiz garia eta artoa nola ehotzen diren. Jarraian, erakusketa txiki batek ehotzeari, zurezko artisautzari eta usadiozko nekazaritza lanei lotutako tresna etnografikoak erakusten ditu. Azkenik, audio batean oinarritutako solasaldi batek Zubietako usadioen berri ematen du, inauteriena barne.[22][23]
  • Antzinako garbitegia, herriko sarreran. Berriki zaharberritua izan da.[24]

Argazki galeria

Zubietar ezagunak

Erreferentziak

  1. Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 50-55 or..
  3. Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
  4. Navarra: Población por municipios y sexo. 2017. ine.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-22).
  5. Nafarroako meteorologia eta klimatologia: Zonalde atlantikoa. meteoeu.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  6. Zubieta. enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  7. «Helpbidea proiektua Aranon eta Goizuetan aurkeztu dute maiatzaren 2an - Leitzaldea» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-22).
  8. «Helpbidea proiektua aurkeztu dute Zubietan - Malerreka» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-22).
  9. (Gaztelaniaz) Tracasa. (2019-04-23). «Tracasa Instrumental colabora en la creación de “Metro-Baserri”» Tracasa (Noiz kontsultatua: 2020-08-22).
  10. www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2020-08-22).
  11. Santesteban. enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  12. Zubieta. Auñamendi Eusko Entziklopedia, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  13. «Ernesto Dominguez izanen da alkate Zubietan» https://erran.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-07).
  14. Consulta de Resultados Electorales, infoelectoral.mir.es
  15. Elecciones locales 1991: Zubieta. infoelectoral.mir.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  16. Elecciones locales 1995: Zubieta. infoelectoral.mir.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  17. Elecciones locales 1999: Zubieta. infoelectoral.mir.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  18. Elecciones locales 2003: Zubieta. elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  19. Elecciones locales 2015: Zubieta. elecciones.mir.es (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  20. «Arbola altxatzearekin eta joaldunekin abiatuko dira Zubietako festak astearte gauerdian» erran.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-14).
  21. Kevin Noland zuzendariaren Americano filma pantaila handira iritsi berri da, de Kevin Noland, Zubieta eta Iruñean filmatutako eszenekin, euskalkultura.com
  22. Zubietako Errota - Ekomuseoa. opendata.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-24).
  23. «Zubietako errota ezagutu dugu 'Lino Molino'rekin. Herri txiki Infernu handi» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-02).
  24. Zubieta: Zer ikusi. zubieta.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
  25. Caro Baroja, Julio eta Pio. (1970). "Navarra. Las cuatro estaciones" bideoaren zatia, "Zubietako Joaregilea - Fabricante de cencerros, Zubieta (Nafarroa)", Edorta Amuruak Youtuben egokitua (2011-07-06).. Gobierno de Navarra, D.L. 1994. ISBN 84-235-1271-1. (Noiz kontsultatua: 2018-08-07).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.