Zorion

Zoriona edo zoriontasuna pertsona batek bere barnean sentitzen duen poz, alaitasun, gozamen, lasaitasun eta maitasun-egoera da, sufrimendu eta asaldurarik gabea eta pertsonari betetasuna ematen diona. Zoriona sentitzen duten pertsonak zoriontsu direla esaten da. Definizio orokor horretaz haraindi, zorionaren kontzeptua zehaztu eta zoriona lortzeko bideak azaltzerakoan interpretazio ezberdinak eman dira erlijio, filosofia eta zientziaren aldetik. Horrela, berehalako plazer eta gozamenetik datorren zoriona eta pertsonaren barrutik datorren zoriona bereizi izan dira. Nolanahi ere, giza eta gizarte-harremanak, osasuna, ekonomia-eskasiarik eza, pertsonaren ingurumena eta barne-asetasuna, besteak beste, aipatu dira zorion-iturri moduan.

Artikulu hau zoriontasunezko emozioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zorion (argipena)».
Zoriona begitartean islatzen den emozioa izaten da. Irudian, haur zoriontsu bat irudikatzen duen margolana.
Baliko neska bat loreen artean poz-pozik.
Ume bat jolasten, poz-pozik.

Historian zehar, anitzak izan dira kontzeptu hau definitzen ahalegindu diren pertsonak, baita lan-arloak ere. Izan ere, honi buruz hitz egin duten autore batzuk ados egon ez arren, gehiengoak gure bizitzan garrantzia eta eragin handia duela uste du eta atentzio handia eskaini dio zoriontasunari. Bere balioan ez ezik, zoriontasuna inguratzen duten gainontzeko faktoreetan ere desadostasun handiak aurki ditzakegu: jatorrian, mantenuan, ondorioetan, zoriontasun ezaren efektuetan... Esan beharra dago, urteetan zehar izan duen bilakaera dela eta, aztergai interesgarria izaten jarraitzen duela kontzeptuak. Gainera, izaera ezberdinetako esparruak ukitzen dituenez, zientzia eta psikologia esaterako, teoriak haien artean alderatzeko aukera ematen du. Dena dela, askok zoriontasunaren nortasun polifazetiko horren atzean jatorri filosofikoa ikusten dute.

Esanahia filosofian

Zoriontasunaren zentzu bikoitza

Gaur egun, zenbait azterketa filosofiko sakon eta luzeren ondoren, bi zentzu posible ezberdintzen dituzte zoriontasunaren inguruan galdetzerako orduan. Batetik, psikologiari dagokion definizioa aurki dezakegu, hau da, emozio positibo eta atseginek osatzen duten buruaren egoera; maila txikiko poztasunetik neurrigabeko alaitasunera iritsi daitekeena.[1] Bestetik, berriz, asebetetako bizitzari dagokiona. Azken hau ongizatearen sinonimotzat erabili ohi da; norberari mesede egiten diona burutzea eta kalte egiten dion hori saihestea. Lehenengo esanahiak alderdi subjektiboa duen arren, honakoa da bietan subjektiboena; izan ere, buruaren egoera horretan psikologiak zeresana du, baina bigarren hau norberak bakarrik baieztatu edo ezeztatu dezake, bizitzen duenaren araberako arrakastan edo oparotasunean baitago funtsa, eta ondorioz, bakoitzaren gustu, balio eta abarren araberakoa izango da.[2]

Zentzu garaikidea

Argi dago bi esanahiak oso erabiliak direla, pertsona bakar batek bi definizioak onartu baititzake egoera edo testuinguruaren arabera; dena den, egia da momentu historiko bakoitzean baten edo bestearen nagusitasuna antzeman daitekeela. Urte askotan zehar ongizate edo asebetetako bizitza horri buruz hitz egin izan da zoriontasunaren inguruan galdetzean edo hori erakusten du, behintzat, Aro Modernoko literaturak, zeinetan grezierako "Eudaimonia" eta latinezko "Beatitudo" sarritan aipatzen ziren. Beraz, zentzu horretan ulertzen zutela pentsatzeko arrazoiak daude egun ere, jende arruntak ez baitu giza bizitza aztergai psikologiko hutsa bezala ikusten[2].

Gaur egun, ordea, badaude zoriontasunaren gaia sentitzen duen pertsonaren jabetzarekin lotzen duten pentsalariak. "Zoriontasunaren zientziaren" inguruan eztabaidatu ohi da, egoera sinpletzat hartuz eta bere garrantzia gizarteen inguruko ikerlanak osatzeko esparru izatera murriztuz. Orain arte izan duen garapena ikusita, etorkizunean zoriontasunaren izaera psikologikoa ziurtzat hartuko dela aurreikusi daiteke, bere bigarren zentzu horri buruz hitz egiterakoan haren inguruko argibide eta azalpena beharrezko bihurtuz.

Zoriontasuna mendebaldeko filosofian

Zoriontasunaren inguruko gogoeta funtsezkoa izan zen Antzinako Greziako etika sortzerako orduan. Hainbat izan ziren honi buruz eztabaidatu zuten filosofoak. Denek argi zuten zoriontasuna giza helburu garrantzitsuenetako bat dela, baina xede hori eskuratzeko jarraitu beharreko bideari dagokionez, ez zegoen adostasunik. Hauek ziren hiru jarrera nagusienak[3]:

  • Eudemonismoa: zoriontasuna norbera bere buru eta bizitzarekin errealizatuta sentitzean datza.
  • Zinismo eta estoizismoa: zoriontasuna norberak bere buruarekin aski eta laguntza beharrik ez izatean datza.
  • Hedonismoa: zoriontasuna plazer intelektual eta fisikoei erantzutean eta aldi berean, sufrimendu mental eta fisikoa saihestean datza.

Gai hau sakonen landu zuen pentsalarietako bat Aristoteles izan zen. Honek eudemonismoaren jarrera defendatzen zuen; zoriontasuna oinarrizko giza helburuak (ongia esaterako) betetzean lor daitekeela esanez, hau da, bertuteak lantzearen ondorioz gizaki betea izanez. Bere iritziz, diruak ezingo du inondik inora ere zoriontasuna eskaini, honek plazerrei eta ohoreari jarraika ibiltzea ekarriko baitu. Hala ere, ez du uste zoriontasuna dakartzaten elementuak soilik bilatzea nahikoa denik; bere esanetan, hori izango da animaliengandik bereizten gaituena. Dena dela, argi uzten du nahikoa ez bada ere, beharrezkoa dela.

Beste eskola filosofiko batzuk

  • Epikureismoa: zoriontasuna neurrizko plazerrei erantzutean datza.
  • Arrazionalismoa: zoriontasuna gizakiaren borondatea errealitatera egokitzean datza.
  • Utilitarismoa: zoriontasuna plazer gorenak asetzean datza.
  • New Thought sekta estatubatuarra: zoriontasuna aukerazkoa da, hau da, erabaki bat.
  • Nietzsche eta bere jarraitzaileen pentsamendua: gizakia ez da zoriontasunerantz zuzendutako izakia, sufrimendua pairatzeko sortua izan dena baizik.

Zoriontasuna ekialdeko filosofian

Ekialdeko pentsamenduaren arabera, zoriontasuna norberak bere barnean harmonia sentitzean datza; denboran zehar irauten duen ongizate sentsazioa da. Hortaz, mendebaldeko eredua (aldi baterako gogo-aldartea izatea) guztiz ukatzen dute. Ekialdeko kulturetan, zoriontasuna nolakotasun edo ezaugarri gisa ulertzen dute; norbait altua, indartsua edo adimentsua den era berean, zoriontsua ere izan daiteke. Gainera, zoriontasun eta poztasunaren arteko ezberdintasuna azpimarratzen dute; lehenengoa aurrerago aipatutako barne harmoniari dagokion bitartean, bigarren hau asebetetze egoera sentitzean datza.

Zoriontasunaren zientzia

Zoriontasuna neur al daiteke?

Hasiera batean, badirudi ez dagoela pertsonen zoriontasuna neurtzeko printzipiorik. Haatik, gaurko neurriek pertsonak zeinen grinatsu, alai, pozik… dauden argitzen laguntzen dutela onartu beharra dago; haien zorionaren atzean “zer” dagoen adierazten dutelarik. Arlo honetako autoebaluatze-neurririk oinarrizkoenak ere, aldagai intuitiboki nabarmen askorekin korrelazioan ongi jartzen direla ezagutu da, esate baterako: lagunen ebaluaketak, irri egitea, neurri fisiologikoak, osasuna, bizitza-luzera...[4]

Zoriontasunaren autoebaluatze-neurriak zoriontasun erlatiborako gida fidagarriak izan litezke, nahiz eta jendearen zoriontasunaren inguruan informazio gutxi eskaini termino absolutuei dagokienez. Zoriontsuena edo zoriontsuago den hori nor den jakin genezake;  jendea benetan zoriontsu ote den, aldiz, ez. Bestalde, zoriontasun erlatiboaren konparaketak ere zehaztasunik gabekoak izango dira alderatutako taldeek haien ebaluaketak sistematikoki bide ezberdinetatik eramaten badituzte. Kezka hori bereziki bizia da zoriontasunaren kulturarteko alderaketekin, zeinetan zoriontasunari buruzko arau desberdinek autoebaluaketen konparagarritasuna ahul dezaketen. Frantziarrak estatubatuarrak baino zorigaitzagoak direla adierazi lezakete; besteak beste, ez haien bizitzak hain asegarriak edo atseginak ez direlako, jarrera negatiboagoa dutelako baizik. Arrazoi horregatik, tresna ezberdinez baliatzea erabilgarria izan daiteke: esaterako, galdera zehatzak eta neurri fisiologikoak; joera kulturalak ekiditzen laguntzen dutenak.

Hortaz, jendearen zoriontasunaren inguruan oker egon daiteke. Baina hau onargarria al da? Batzuen aburuz, benetan autoebaluatutako zoriontasuna ezin da, printzipioz, gaizki egon. Zentzu komuna erabiliz, zoriontsu zarela pentsatzen baduzu, zoriontsu zara. Baieztapen hori ez da onargarria, ordea, zoriontasunaren ikuspegi hedonista edo emozionaletik. Teoria horiek zoriontasunari buruzko momentuko sentipenez gain, iraganeko egoerak ere bere gain hartzeko dituzte, honen inguruko iritziak eskainiz; baina, noski, oroitzapen horiek faltsuak izan daitezke. Gainera, aditu batzuen hitzetan, uneko sentimenduen inguruko iritziak okerrak izn daitezke, estutasuna bezalako aldarteei dagokienez.

Zoriontasuna neurtzeko pertsonari bere zoriontasun maila zein den adieraztea eskatzen dion praktika komuna batzuetan defendatzen da; horrela, zoriona zer den erabakitzea norberaren esku uzten da-eta. Arrazoiketak berriro ere dirudi, era eztabaidagarrian, aurresuposatzen duela zoriontasunaren autoebaluaketek zoriontasunaren bizitza-asebetetze ikuspegi bat erabiltzen dutela, hots, asebeteta (“zoriontsu”) egotea axola zaizunaren araberakoa izango delakoaren ideia. Bestela, inkestatutakoari ‘zoriontsu’ egoera hedonista, egoera emozionala, bizi-asebetetzea edo beste beste zerbait den erabaki dezala utz lekioke. Hortaz, inkestatutako baten “zoriontsu naiz” adierazpenak “nire esperientzia orokorrean atsegina da” esan nahi lezake, beste batena “nire bizitzarekin oro har aseta nago” izan litekeen bitartean. Ez dago argi, berriz, mota horretako galdera anbiguoak egitea ekimen erabilgarria denik, inkestatutako pertsonak galdera ezberdinak erantzuten egongo dira-eta.

Aurkikuntza enpirikoak: ikuspegi orokorra

Zoriontasunaren inguruko arlo zientifikoa ikaragarri hazi denez gero, hona hemen adituek gehien aipaturiko baieztapen eta puntu nabariak:

  1. Jende gehiena zoriontsua da.
  2. Pertsonak aldaketa gehienetara egokitzen dira, denboran zehar euren    zoriontasunaren hasierako puntura itzultzeko joerarekin.
  3. Pertsonek, zoriontasuna ebaluatu eta bilatzerakoan, akats larriak egiteko joera dute.
  4. Oparotasun materialak, era harrigarrian, eragin apala du zoriontasunean.

Bigarren baieztapenean -egokitzapenari eta jatorrizko puntuei dagokienez- istripu batean ondorioz aniztasun funtzionala garatzea edo loteria irabaztea bezalako bizitzako gertaera garrantzitsuek zoriontasunean epe motzeko eragina dutela ziurtatzen da, eta epe horren ostean pertsonak aurrekoaren ez oso desberdina den zoriontasun maila batera itzuli ohi direla. Horrez gain, bikiei egindako ikerketen bidez, ongizate subjektiboa oinordetzakoa dela aurkitu dute. Ondorioz, ikertzaile ugarik diote norbanako bakoitzak “doikuntza puntu” bereizgarriko zoriontasun maila bat duela, zeinetarantz grabitatzeko joera duen denborarekin. Halako baieztapenek nolabaiteko harridura edo zalantza sortu dute, zorionaren bilaketa eta sustapena alferrikako ekimena ez ote den galdetzen delarik. Haatik, ikuspuntu nagusitik muturreko egokitzapenari eta jatorrizko puntu horri buruzko baieztapen goiztiarrak gehiegizkoak izan ziren: egokitzapena fenomeno oso erreala den arrean, aldagai askok (aniztasun funtzionalak barne) funtsezko efektu iraunkorrak izan ditzaketelako pertsonen zorionean. Eta puntu hori jadanik nabaria zelako zoriontasunaren kausen eta korrelatuen arloan, jarraian aztertua: harremanak eta lan atsegina bezalako elementuak zoriontasunerako garrantzitsuak badira, orduan zoriontasuna ez da nortasun edo izaera kontu soila izango. Era berean, “neurtutako” zoriontasunean nazioarteko ezberdintasun handiak direla eta, inprobablea da nortasuneko aldagaien sorkuntza hutsala izatea. Aintzat hartu behar da oinordetzakoak diren ezaugarriak ere hobekuntzarako erabat prest egon daitezkeela. Hala nola, bizi-baldintzen hobekuntzak Herbehereetako gizonen garaiera zortzi hazbetez handitu du azkeneko 150 urteetan; baxua izatetik (lauzpabost oin) altua izatera (sei oin) igaroz. Hala eta guztiz ere, altuera zoriontasuna baino askoz heredagarriagotzat hartzen da, 0’60tik 0’90era doazen  ohiko jaraunsgarritasun estimazioekin.

Zoriontasunaren iturriak

Aurreko baieztapenetatik, azkenekoa (oparotasun materialak zoriontasunean eragin apala duela) eztabaida bizi baten gai bihurtu da azkenaldian. Denboraldi batean zehar, ongizate subjektiboko ikertzaileen arteko iritzi estandarra zera izan da; oinarrizko beharrak asetzen diren atalase batetik haratago, etekin ekonomikoek zoriontasun-mailetan efektu txiki bat baino ez dutela. “Easterlin Paradoxa” ezagunaren arabera, adibidez, jende aberatsena nazioen barruan zoriontsuago izan ohi dira, baina nazio aberatsagoak ez dira hain oparoak ez direnak baino askoz zoriontsuago, eta are gehiago, ekonomia hazkundeak ez du ia eraginik (Easterlin, 1974). Estatu Batuetan, kasu, neurtutako zoriontasuna ez da 1947. urtetik nabarmen handitu, aberastasun eta diru-sarrera igoera ikaragarriak gorabehera. Labur esanda, behin txirotasunetik kanpo egonda, aberastasun eta diru-sarrera maila absolutuek diferentzia urria erakusten dute norbanakoen zoriontasunaren baitan.  

Baieztapen hauen aurka, egile batzuk berriki argudiatu dute diru-sarrera absolutuek zoriontasunean eragin handia izan dezaketela diru-sarreren espektro osoan. Galderak eztabaidagarria izaten jarraitzen du, baina 2010ean datu-multzo handien (bizi-asebetetze eta afektu neurri hobetuak barne) erabilerak eta eskala handiko ikerketa andanek, bi aldeek arrazoia eduki zezaketela iradoki zuten. Estatubatuar kopuru handi bat inkestatuz, alde batetik, eta gizadiaren mundu-mailako lehen lagin ordezkagarri gisa hartzen dena inkestatuz, bestetik. Azterlan hauen arabera, diru-sarrerak, funtsean eta maila guztietan, bizi-asebetezearekin korrelazioan jartzen dira (zorrozki hitz eginez, inkestatutakoei asetuta dauden ala ez esan gabe haien bizitzak baloratzeko eskatzen dien “bizitza ebaluaketa” neurri bat). Emaitzak mantentzen badira, diru-sarrerak bizi-asebetetzearekin sakonki lotuta daudela ondorioztatzen da, baina ez horrenbeste ongizate emozionalarekin, nolabaiteko atalase baten gainetik behintzat.

Laburki, diruaren eta zoriontasunaren arteko harremana zoriontasunaren eta onartzen dugun teoriaren araberakoa izan daiteke: ikuspuntu batetik, bizi-asebetetzeak harremana estua izan dezake; afektuan oinarritutako ikuspuntuek erlazio askoz ahulagoa sor dezaketen bitartean, atalase apal baten gainetik, berriz ere. Hemen, berriro ere, zoriontasunaren izaera eta esanahiari buruzko ikuspegi filosofikoek paper garrantzitsua joka dezakete emaitza enpirikoak eta haien ondorio praktikoak ulertzeko. Ekonomia-hazkundea, beste batzuen artean, gobernuetarako lehentasun nagusietako bat izan da denbora luzean zehar, eta giza ongizatean duen eraginari buruzko aurkikuntzek politikarako ondorio substantzialak izan ditzakete.

Mota horretako azterketak joera generikoetan (eta ez kasu espezifikoetan) ardazten direla kontuan hartzea garrantzitsua da. Orokorrean, ez da salbuespen adierazgarrien inguruan eztabaidatzen, bereziki, oparotasun materialaren maila baxua zoriontasun maila altuz gozatzen duten herriez. Beste batzuen artean, hala nola, Latinoamerikako zenbait herrialdek, Masai artzainek, Inuit ehiztari-biltzaileek eta Amish komunitateek oso emaitza baikorrak erregistratu dituzte ongizate ikerketa subjektiboetan, batzuetan zenbait nazio aberatsetakoek baino gehiago azalduz. Halako “ezohiko balio positiboek”, oinarrizko ondasunekin bizi diren gizarteek zoriontasun maila altuak jasan ditzaketela iradokitzen dute. Hortaz, diruaren garrantziak zoriontasunean duen eragina, hein handi batean, gizarte motaren baitakoa da. Kezka komunen ildotik, galdera interesgarri bat planteatu daiteke; zein puntutara arte transferitu edo partekatu litezke aipatutako gizarte horietako irakaspenak zoriontasuna lorpen materialarekin lotzen duen gizarte batekin? Horregatik beharbada zoriontasunaren eta diruaren arteko nolabaiteko banantze gradu bat desiragarria izango litzateke.

Orduan, diruaren eragina, hein batean, zoriontasunean poltsa misto baten antzekoa da;  zoriontasuna nola ulertzen edota zein gizarte-maila kontuan hartzen den baitan. Zerk (gehiago) axola dio zoriontasunari? Ez dago zoriontasunaren iturri nagusien behin betiko zerrenda bat, neurri batean ez dagoelako argi hauen banaketa. Baina hurrengo elementuak zoriontasunaren korrelatu nagusien artekoak bezala eskuarki onartzen direla dirudite: hala nola, harremanak, jarduera interesgarri eta erronkarietan parte hartzea, segurtasun material eta fisikoa, zerizanaren edo asmoaren sena, perspektiba baikorra eta autonomia edo kontrola. Korrelatu adierazgarrietan honako hauek ere sar ditzakete, beste besteak: erlijioa, herrizaintza eta gobernantza ona, konfidantza, beste batzuei laguntzea, balioak, helburuak betetzea, langabe ez egotea, ingurune naturalarekiko lotura…

Zoriontasuna gehiegi balioesten al da?

Ongizatearen teoria gehienetan zoriontasunaren papera ezinbestekoa omen da. Baina itaun hau ezberdina da ongizatearentzat zoriontasunak duen garrantziaz galdetzen duenetik. Zoriontasunaren inongo aipamenik egiten ez duen ongizatearen teoria batek, aldiz, zoriontasuna ongizaterako osagai edo eragile garrantzitsua izatea baimendu dezake, azken batean, ongizate diren gauzekiko duen harremana dela medio. Ongizate desiraren inguruko teoria baten babesleak, esaterako, zoriontasuna ongizatearen alderdi zentral gisa irudikatuko du, jende gehienak zoriontsu izatea desiratzen baitu[5].

Eskuarki, zoriontasunarekiko ikuspegi mespretxatzailea duten teoriak ere zoriontasuna garrantzitsutzat har dezakete. Aristotelikoek ongizatea jarduera bertutetsuarekin parekatzen dute, eta Aristotelesek argi eta garbi pentsatzen du baldintza atsegina dela; existitzen den bizitza motarik atseginena baita. Lexiko aristotelikoari jarraiki: ezin zara loratu zoriontsu izan gabe eta zoritxarra bateraezina da ongizatearekin. Estoikoek ere, zoriontasunari nolabaiteko garrantzia esleituko diote: gutxienez, zorigaiztokoa izatea ez litzateke batere bertutetsu izango eta ziur aski, bertuteak berak zoriontasun mota bat ekarriko luke, hots, lasaitasun egoera atsegin bat. Gainera, zoritxarraren gainetik nahiagoko luketen axolagabekeria bat izango litzateke hauentzat zoriontasuna. Honela, kontaketa aristotelikoek nahiz estoikoek zoriontasuna ongizaterako nahikoa ez dela esaten dute; haren esanahia ez da iritzi komunaren araberakoa eta zoriontasun mota batzuk alferrak edo txarrak ere izan daitezke. Baina guztiek onartzen dute zoriontasunak giza ongizaterako nolabaiteko garrantzia duela.

Izan ere, eztabaidagarria da pentsamendu filosofikoko eskola nagusiren batek zorionaren garrantzia erabat ukatzen ote duen. Bere garrantziaren inguruko zalantzak seguruenik hainbat aldagairen ondorio izango dira. Eszeptiko batzuek, adibidez, zoriontasunaren ikuskera nahiko sinpleetan ipintzen dute arreta, zoriontsu sentitzearen emozio hutsa delakoaren ideia bezala; hedonista edo egoera emozionalaren teorialari gutxik onartuko luketen ideia. Bestalde, zoriontasunari buruzko kezkak egoera positiboekin bakarrik lotzen dituzte. Hala ere, ‘zoriontasuna’k egoera baikor nahiz ezkorretan eragiten duen ardurak, eremu baterako termino orokor baten balio bera du (bereziki zoriontsu edo zoritxar izateak eragina duen egoera mentaletan). Osasungintza edo “osasun”-laguntza osasun txarraz edo gaixo-laguntzaz arduratzen den moduan, zoriontasunaren ikertzaileek haien ahalegin eta arreta guztia zorigaitzaren ikasketan eta arintzean jartzea erabaki lezakete; depresioa, oinazea, antsietatea, eta beste baldintza batzuk sendatzearren, zeinen garrantzia nabarmena den. Zoriontasunaren ikasketa ez da irribarreez baino kopeta ilunez gehiago arduratu behar.

« Sor ezazu ahal duzun beste zorion;

ezabatu ezazu ahal duzun beste zorigaitz.

 »

Jeremy BENTHAM, An Introduction to the Principles of Moral and Legislation. 1789.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Happiness. 2019-03-20 (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  2. Haybron, Dan. (2011). Zalta, Edward N. ed. «Happiness» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2019-04-16).
  3. (Gaztelaniaz) Felicidad. 2019-04-12 (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  4. (Ingelesez) Haybron, Dan. «Happiness» plato.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  5. (Ingelesez) Haybron, Dan. «Happiness» plato.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2019-04-24).

Bibliografia

  • (Ingelesez) Dalai Lama. An Open Heart: Practisin Compassion in Everyday Life. 2001 New York. Little, Brown & Co. / (Gaztelaniaz) Con el corazón abierto. 2004. Barcelona. Debolsillo.
  • (Ingelesez) Dalai Lama & Cutler. H. The Art of Happiness. A Handbook for Living. New York. Penguin Putnam. / (Gaztelaniaz) El arte de la felicidad. 2003. Barcelona. Debolsillo.
  • (Ingelesez) Richard Layard. Happiness. Lessons From a New Science. 2005. /(Gaztelaniaz) La felicidad. Lecciones de una nueva ciencia. Taurus. 2005. (Itzultzaileak: Victoria E. Gordo del Rey, Moisés Ramírez). ISBN: 84-306-0585-1
  • (Gaztelaniaz) Luis Rojas Marcos. Nuestra felicidad. 2000. Madril. Espasa. ISBN: 84-239-6647-X
  • (Ingelesez) Zoriontasunari buruzko hainbat testu; hainbat doaneko pdf fitxategi

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.