Ziztada lunbar
Ziztada lunbarra edo puntzio lunbarra likido zefalorrakideoaren lagin bat lortzeko erabiltzen den prozedura da. Likido zefalorrakideoaren azterketak hainbat gaitz diagnostikatzeko balio du (meningitisa, esaterako). Likido horren lagin bat eskuratzeko bizkarrezur-muinetik atera behar da, ziztada lunbarraren bitartez. Diagnosirako ez ezik, garezur barneko presioa jaisteko ere erabiltzen da teknika hau (ziztada lunbar terapeutikoa)
Prozedura
Ziztada lunbarra arriskuak dituen teknika bat da, profesional trebeek soilik burutu behar dutena. Bizkarrean larruazaleko anestesia ipini ondoren, eta ziztadaren eremua iodo tinturarekin desinfektatu ondoren, orratz berezi bat bizkarrezurraren behekaldean sartzen da (hirugarren eta laugarren orno lunbarren artean). Orratza espazio subaraknoideora iristean likido zefalorrakideoa era pasiboan ateratzen da (likido hori ez da inondik inora xurgatu egin behar).
Ziztadaren ondoren gaixoak ahoz gora mantendu behar da ordu batzuetan, likido ugari edanez.
Analitika
Ziztada lunbarraren bidez harturiko likido zefalorrakideoa laborategian lehenbailehen analizatu behar da. Bere ezaugarri biokimikoak, mikrobiologikoak eta zitologikoak aztertu behar dira, patologia baten bila. Azterketa mikrobiologikoak azkarra izan behar du, hainbat meningitis denbora gutxian hilkorrak direlako