Zizare zulo
Fisikan, zizare zulo edo Einstein-Rosen zubi bat, erlatibitate orokorraren ekuazioek deskribatutako espazio-denboraren ezaugarri topologiko hipotetiko bat da, funtsean espazioan eta denboran zehar garraiatzeko "laburbide" gisa jarduten duena. Zizare zulo batek gutxienez bi "mutur" ditu, hauek "eztarri" baten bidez lotuta daudelarik; eta materia mutur batetik bestera higitu daiteke eztarri honetatik igaroz. Gaur egun ez da oraindik frogatu espazio-denbora ezagunak honelako egiturak dauzkanik eta, horren ondorioz, posibilitate teoriko bat baino ez dira.
Hala ere, apar kuantikoaren teoriak adierazten duenaren arabera, partikula birtual energetikoek zizare zuloak sortzen dituzte, Planck luzeraren neurrikoak. Hain txikiak izanik, partikula subatomikoek ere ezin dituzte zizare zulo hauek zeharkatu eta, ondorioz, ez da inongo garraiorik gertatzen espazio-denboran.
Deskribapena
Zientzialariek ez dute egitura hauen frogarik aurkitu, baina erlatibitate generaleko ekuazioek zizare zuloak deskribatzen dituzte beren soluzioetan.
Gaitasunak
Higidura superargitarra
Erlatibitate berezia lokalki bakarrik aplikatu daiteke. Zizare zuloek (existituko balira) teorikoki garraio superargitarra ahalbidetuko lukete, argiaren abiadura baino azkarrago, zizare zuloaren barnean abiadura hau gainditzen ez den bitartean. Zizare zulo batetik zehar igarotzerakoan, abiadurak azpiargitarrak dira (argiaren abiadura baino motelago). Espazioan zizare zulo batek konektaturik dauden bi puntuetatik pasatzen den gorputz batek denbora gutxiago beharko luke beste muturrera iristeko, zizare zulotik zehar ibiltzen ez den argi-izpi batek baino.
Honen adibide analogo bat paper bat erabiliz adierazi daiteke. Espazioaren hiru dimentsioak paperaren gainazalaren bi dimentsioetan adierazita daude, eta paperean bi puntu daude. Ohizko soluzioaren arabera bi puntuen arteko biderik motzena bien arteko lerro zuzena da, baina bide laburrago bat egon badago. Papera tolestu ezkero, ordea, bi puntuak elkarrengana gerturatuz; bide oraindik laburragoa lortzen da. Hori da zizare zulo baten analogia.