Zizare
Zizareak talde ez homogeneoak dira, ornogabe luze batzuk hain zuzen. Haien habitata ezberdina izan daiteke zizare motaren arabera, lurtarra, ur gezakoa eta itsastarra besteak beste. Bestalde, tamaina eta luzera ezberdinetako zizareak aurki ditzakegu, milimetro bateko luzeratik hasita 58 metro luzera ingurura artekoak, hala nola, Lineus longissimus. Gaur egun dauden animalia ugarienetako batzuk dira, metro karratu bakoitzean milaka zizare inguru egon baitaitezke .
Zizare | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Annelida |
Klasea | Clitellata |
Ordena | Haplotaxida |
Subordena | Lumbricina [[|]] |
Datu orokorrak | |
Mugimendua | Narraste |
Zizare batzuk beste animalia batzuen elikagai diren arren, beste batzuk kaltegarriak izan daitezke bai gizakientzat, bai landareentzat, bai animalientzat, hainbat infekzio eta gaixotasun eragin baititzakete. Dena den, badira onuragarriak direnak ere, bai gizakientzat baita ingurumenarentzat ere, zizare batzuk materia organikoren deskonposaketan laguntzen baitute, eta Darwinek zionaren arabera[1], lur zizareak, oligochaetak hain zuzen ere, ekosistemako izaki bizidunik garrantzitsuenetako batzuk ziren[2].
Zizareen mota ohikoenak lur zizareak dira. Hauek oso garrantzitsuak dira lurraren osasunerako eta elikagaietako.
Sailkapena
Zizareak, aurretik aipatu bezala talde ez homogeneoa da eta hainbat filum ezberdinetan sailka ditzakegu:
- Anelidoak(zizare segmentatuak): Itsas zizareak eta lur zizareak zizare filum honen barnean sartzen dira. Orokorrean lurrean, itsasoan zein gizakiengan bizi daitezke, batik bat leku hezeetan. Tamainari dagokionez, 3 metroko tamaina izatera irits daitezke. Bestalde, aldebiko organismo simetriko, trioblastiko, zelomatu eta ornogabeak dira. Taxonomiari dagokionez, burua, segmentatutako gorputza eta uzkia dituzte. Honen barneko klaseen artean hiru dira nagusi: polichaeta, oligochaeta eta hirudinida [3]
- Echiura: 140 espezie inguru kokatzen dira filum honen barnean eta zilindro itxurako zizareak dira. Lokatzetan, arean edo ozeanoetan aurki ditzakegu (gehienak ur epeletan, nahiz eta batzuk ur hotzetan ere bizi diren.). 50cm-rainoko luzera izatera heldu daitezke eta nerbio sistema sinplea dute. Gaur egun, echiura filumarekin nahiko eztabaida dago, batzuk anelido filumaren barnean sartu nahi baitute, ezaugarri molekularrak erabiliz, anelido filumetik oso gertu baitaude[4].
- Sipuncula: Itsasoan aurki daitezke (itsasertzetik hasita ozeano barneraino). Horrez gain, espezie batzuk habitat nahiko berezia dutela esan daiteke, besteak beste, moluskuzko oskol baztertuak, esponjazko sifoiak, koladak, itsas landareen sustraiak.... Hauen tamaina ezberdina izan daiteke, baina orokorrean, 500mm inguruko luzera dute.[4]
- Nematodoak (zizare biribilak): Hainbat ingurunetan aurki ditzakegu, hala nola: lurzoruan, ur gezetan edo itsasoan. Hauetako espezie batzuk parasitoak dira eta kalteak eragin ditzakete animaliengan eta gizakiengan. Haren tamainari dagokionez, tamaina mikroskopikotik 7 metroraino iristen dira. 25000 espezie aurki ditzakegu filum honen barnean[5].
- Nematomorpha: 320 espezie inguruko filuma da. Aldebiko simetria daukate, trioblastikoak dira eta ez dute gorputz segmentaturik. Gehienetan inguru hezeetan aurki ditzakegu. Bestalde, 0.5mm-3mm arteko luzera dute
Historia
Zizareen historiari dagokionez, eboluzio luze eta konplexua eduki dute milioi urtetan zehar . Zizareen antzeko organismoen lehenengo arrastoak fosiletatik datoz eta hainbat ikerketa egin ondoren ondorioztatu zuten fosil horiek kanbriarraurre garaikoak zirela, hau da, duela 600 milioi urtekoak. Lehen organismo hauek zizare talde zaharrenetako bat bezala kontsidera ditzakegu, Acoelomorpha zizareak. Hauek ozeanoan bizi ziren eta materia organikoz elikatzen zirela uste da[6].
Kanbriarreko leherketaren ondoren (duela 541 milioi urte), animalia askok ingurune berrietara egokitu behar izan ziren, hautespen naturala zela eta, eta ondorioz zizareek beste animalia askok bezala eboluzionatu egin zuten, lehorrean bizitzeko gaitasuna garatu arte. Bestalde, anelidoak, lur zizareak eta beste zizare segmentatu batzuk agertu ziren lehen aldiz[7]
Denborak aurrera egin ahala, eboluzionatzen jarraitu zuten. Nematodo zizareak, duela 400 milioi urte inguru sortu zirela uste da eta balbulak, berriz, duela 600 milioi urte. Ondoren, zizare hauek espezie ugaritan ezberdintzen joan dira, portaera eta egokitze ezberdinekin
Gaur egun, zizareek ekosisteman funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte, materia organikoa deskonposatzen baitute eta beste organismo batzuen elikagai-iturri baitira. Gainera, zizareak ere gizakiengan hainbat onura dituzte, izan ere medikuntza-iturri dira, ikerketa zientifikorako erabilgarriak dira eta gizakiontzat ere elikagai iturri dira.
Ugalketa
Zizare gehienek ugalketa sexuala dute (nahiz eta salbuespenak egon) eta hermafroditak dira. Hau da, banako bakoitzak ugal organo ar eta emeak dituzte. Bestalde, zizare gehienek heldutasun sexuala lortzen dute 4-6 astean, eta orduan joaten dira bikote bila.[7] Zizare populazioa bikoiztu egiten da 60-90 egunetik behin, eta 1000 zizare sor ditzakete 6 hilabetean, batez beste. Zenbaki horietan oinarrituta, esan dezakegu zizareak bi astez behin elkartzen direla.
Anelidoen kasuan, ugalketa sexuala da, hau da, bi banakoen arteko esperma trukaketa dago. Bi lur zizareen arteko ugalketa emateko, bi zizareen buruak kontrako noranzkoan jarriz lerrokatzen dira, espermatozoideak trukatzeko. Ondoren, lur-zizare bakoitzak obuluak jartzen ditu beste banakoarengandik jasotako espermatozoideak ernaltzen dituenak. Batez beste, zizare batek 60 egun behar baditu ugaltzeko, arrautza bat sortuko du 10 egunez behin[8].
Echiura filumaren kasuan, hermafroditak dira baina ernalketa gurutzatua izaten dute kopulazio garaian. Kopulazioaren ondoren, gonadak gorputzeko barrunbea estaltzen duen mintz peritonealarekin lotzen dira, eta bertan askatzen dituzte gametoak. Kopulazioaren ondoren, espermatozoideak eta arrautzak gorputzeko barrunbean heltzen dira, zaku genitaletan gorde baino lehen. Oligochaeten ugalketa antzekoa jarraitzen dutela esan daiteke.
Sipuncularen kasuan, salbuespen batzuk egon arren sipunculak dioikoak dira, hau da, sexua bananduta dute eta ondorioz arrak eta emeak bereizten dira. Bestalde, ugalketa sexuala zein asexuala eduki dezakete, nahiz eta filum honetan ohikoena ugalketa sexuala izan.
Elikadura
Zizare espezie askok deribatzaileak dira, hau da, hildako materia organikoaz elikatzen dira, hildako animaliez edo hondatutako landarez hain zuzen ere. Bestalde, zizare mota hauek garrantzitsuak dira materia organikoaren deskonposaketan eta birziklapenean laguntzen baitute.
Lur zizareek faringe gihartsu eta glandularra dute, digestio aparatuan sartu aurretik materia organikoa desegin dezaten. Bestalde, uzta bat dute elikagaiak aldi baterako bertan gordetzeko eta urdai gihartsu bat janaria irabiatzeko, hestera sartu aurretik honen xurgaketarako. [9]Horrez gain, itsas zizareek ere elikatzeko estrategia ezberdinak eduki ditzakete. Batzuek, garroen bidez iragaz dezakete elikadura eta beste batzuk masailezur espezializatu batzuk erabiltzen dituzte harrapakinak harrapatzeko[10]
Zizare parasitikoak, organismo bizidunen ehunez eta haien jariakinez elikatzen dira, espezie jakin batzuetan zein animali edo gizakiengan, kalteak eraginez. Esate baterako, bizkarroiak eta nematodoak animalien edo gizakien digestio aparatuaren barnean bizi daitezke ostalarien elikaduraz elikatuz[11]
Beste zizare espezie batzuk harrapakariak dira eta beste animalia txikiago batzuez elikatzen dira. Adibidez, zizare lauen espezie batzuk haragijaleak dira eta ornogabe txikiez elikatzen dira, hala nola barraskiloez eta intsektuez.
Zizareen elikatzeko beste modu bat, uretatik datozen partikula txiki batzuk iragaziz elikatzea da. Partikula txiki hauek harrapatzeko, garroak edo zilioak dituzte. Mekanismo hau, besteak beste, zizare itsastarrek dute, hau da hodi zizareek.
Laburbilduz, esan dezakegu zizareak talde handi bat direla eta zizare mota bakoitzak elikagaiak lortzeko estrategia ezberdinak dituztela eta estrategia hauei esker ingurune ezberdinetan bizirautea eta aurrera egiteko aukerak ematen dizkietela.
Bizimodua
Zizareak, motaren arabera habitat bat edo beste eduki dezake. Batzuk, materia organikodun lur hezetan bizi dira, baita area edo lokatza bezalako habitatetan ere. Oligochaeta [10]ur gezatan bizi diren animalien adibide dira, hala nola ibai eta aintziretan. Bestalde, itsasoa, hau da, ur gazia, zizare espezie askoren habitata da (kostaldeko eremutik hasita, ozeanoko eremu sakonetaraino). Beste zizare batzuk, aldiz, parasitikoak dira, hau da, animalia edo gizakien gorputz barnean bizi dira.
Dena den, aipatu beharra dago zizareen bizitza zaila izan daitekeela, askotan beste animalia batzuen harrapakinak baitira, hau da, beste animalia batzuk zizareak ehizatzen baitituzte ondoren jateko. Zizareen harrapakinik arriskutsuenak satorrak direla beraien elikagai nagusiak baitira. Horrez gain, ingurumen faktoreek eragina daukate zizareen bizimoduan, izan ere faktoreak egokiak ez direnean zizareak hil daitezke. Hori dela eta, zizareak batez beste 5-10 urte bizi izaten dira (20 urte gehienez jota).
Erreferentziak
- «Worm Digest - The Mighty Worm» web.archive.org 2009-02-19 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
- (Ingelesez) Brown, Federico D.; Prendergast, Andrew; Swalla, Billie J.. (2008-11). «Man is but a worm: Chordate origins» genesis 46 (11): 605–613. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
- (Gaztelaniaz) «Annelids in modern biology | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
- Roberts, Hickman. integrated principles of zoology. mcgraw-hill international edition ISBN 978-1259253492..
- (Gaztelaniaz) «Nematodes as environmental indicators | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
- (Ingelesez) Evan, Worm Researcher. (2011-05-12). «The Evolution of Worms» All About Worms (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
- (Ingelesez) «Fossil worm shows us our evolutionary beginnings» BBC News 2020-03-24 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
- (Ingelesez) How Do Worms Reproduce? - Animal Hype. (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
- (Gaztelaniaz) «The earth moved : on the remarkable achievements of earthworms | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
- (Ingelesez) «Earthworm | National Geographic» Animals 2010-09-10 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
- (Ingelesez) «Nematoda: Roundworms» ThoughtCo (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).