Zistertar
Zistertar Ordena (latinez: Ordo cisterciensis, o.cist.) ordena monastiko katolikoa da, 1098an sortutakoa. Urte horretan San Benediktoren erregela zorrozki bizi nahi zuten beneditar lekaide batzuek Cîteauxko abadia (Saint-Nicolas-lès-Cîteaux, Burgundia) eraiki zuten. Fundatzailerik ezagunena Roberto Molesmekoa da.
Zistertar | ||
---|---|---|
Datuak | ||
Izen ofiziala | Ordo Cisterciensis | |
Izen laburra | O. Cist | |
Mota | first order (en) eta monastic order (en) | |
Herrialdea | Frantzia | |
Jarduera | ||
Honen parte | Q12899866 eta Benedictine family (en) | |
Eskumendekoak | Cistercian nuns (en) | |
Zeren jabe | Roma Abbey (en) , Riseberga Abbey (en) , Vreta Abbey (en) , Varnhem abadia, Rudy Monastery (en) eta Königsbronn Abbey (en) | |
Historia | ||
Sorrera | 1098 | |
Sortzailea | ||
webgune ofiziala |
Ordena honek aszetismoa eta liturgiaren soiltasuna sustatu eta lekaideen eskulanari garrantzi handia eman zion. XII. mendean izan zuen hedatze handian, San Bernardo Clairvauxkoa (1090-1153), Clairvauxko abadiaren sortzaile eta bertako lehen abadea, funtsezkoa izan zen. San Bernardo hil zenean, ordenak 338 monasterio zituen, eta horietatik 68 Clairvauxetik eraikiak ziren[1]. 2015ean 2.450 kide zituen.[2]
Historia
Roberto Molesmekoa beneditar abadeak, San Benitoren ordenaren zorroztasunera itzuli nahirik, monasterio bat eraiki zuen Cîteauxen (latinez: Cister), Dijon ondoan. Bernardo Clairvauxkoa ordenan sarturik (1112), zistertarrak mendebaldeko herrialdeetan zehar hedatu ziren. 1119an Eztebe Harding santuak, ordenako hirugarren abadeak, Carta caritatis izeneko konstituzioa idatzi zuen, ordenaren ezaugarriak eta eraketa finkatzen zituena: erabateko pobrezia, aszetismoa, esku lanaren garrantzia, ikasketa profanoen debekua, monasterio guztiek arau eta ohitura berberak izatea, etxe guztietako abadeak urtero Cîteaux-en egin beharreko batzarra eta abade nagusiak urtero etxe guztietara egin beharreko ikustaldia. 1120an emakumeentzako lehen monasterio zistertarrak sortu ziren.
XII. mendea zistertarren mendea izan zen, bere arkitektura soila ordenarekin batera Europan barreiatu zelarik: 1113-1115 bitartean lau abadetxe, 1153an 353, 1200ean 694. Zistertarrak landu gabeko lurretan kokatzen ziren eta eragin handia izan zuten Erdi Aro hondarreko nekazaritzan. Langintza horrekin aberastu ahala, beren ohituren zorroztasuna laxatuz joan zen eta XV. mendean ordenak gainbehera handia izan zuen. Zenbait erreforma saio alferrikakoak izan ziren, jatorrizko arauetara itzuli nahi zuten beste zenbait ordena bereizi zirelarik, haietatik garrantzitsuena trapatarrena.
Zistertarrak Euskal Herrian
Zistertarrak sortu eta berehala iritsi eta zabaldu ziren Euskal Herrian: Fitero (1140), Irantzu (1176), Oliba (1230), Leire, 1269an zistertarren eskuetara pasa zena, Martzilla, Tulebras, Barriako Andramari, Baionako San Bernardo (1245).
Lazkaon (Gipuzkoa) moja zistertarren Santa Ana komentua dago.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/11/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Zistertar Puntubi.com
- Le statistiche generali dell'Ordine Cistercense 2015. ocist.org (Noiz kontsultatua: 2016-01-17).
Kanpo estekak
- (Frantsesez) (Gaztelaniaz) (Ingelesez) Webgune ofiziala, ocist.org
- Zistertar, puntubi.com
- Monasterioak Erdi Aroan, euskadi.net