Zirru
Zirruak (latinetik: cirrus, "ile xerloa") izotz kristal txikiz osaturik dauden goi mailako hodeiak dira, troposferaren goiko aldean eratzen direnak. Harizpi txurien antza izaten dute eta jeneralean ez dira trinkoak izaten. Ez dute prezipitaziorik eragiten.
Zenbait zirru mota. | |
Altitudea: | 5.500 eta 15.000 m artean |
---|---|
Prezipitazioa: | Ez |
Laburdura: | Ci |
Ikurra: |
Sorrera
Zirruak ur lurruna garaiera handian izozten denean eratzen dira, presio atmosferikoa 600 mbar (4.000 metroko garaieran) eta 200 mbar (12.000 metroko garaieran) artean dagoenean [1]. Garaiera horietan ur lurruna urria denez gero, zirruak oso meheak izaten dira[2].
"Ile mehe" horien itxurak zirruaren gaineko airearen eta azpiko airearen artean sortzen den haizearen norabidea adierazten dute. Troposferaren gainaldean agertzen dira 8 eta 12 kilometroko altueran.
Eguraldiaren iragarpena
Askotan goi mailako beste hodeiekin (zirrustratu eta zirrukumuluekin) batera agertzen dira. Askotan, altuerako ezegonkortasunaren edo fronte bero baten etorreraren lehenbiziko seinaleak izaten dira. Beste batzuetan ekaitz baten ondorengo hodeiak dira. Zikloi tropikalen inguruan, garaiera handian, zirru eta zirruestratu geruza zabalak eratzen dira.
Edozein kasutan ere une horretako prezipitaziorik ezaren adierazle dira, haiek ikusi ahal izateko tartean beste hodeirik ez baita egon behar.
Zirru motak
Hodei genero honetan bost espezie bereizten dira[3]:
- Cirrus fibratus. Harizpi luzeak dira, zuzenak edo pitin bat makotuak, baina muturretan kakotx edo orbanik ez dutenak.
- Cirrus uncinus. Harizpiak kakotx formakoak izaten dira.
- Cirrus spissatus. Hodei trinko samarra da, azpikoaldea iluna duena. Askotan kumuluninbo bat saretu ondoren ingudeak irauten duenean eratzen da.
- Cirrus castellanus.
- Cirrus floccus
Iruditegia
- Fibratus motako zirruak.
- Uncinus motako zirruak.
- Zirru geruza zabala Isabel hurakanaren inguruan.
Erreferentziak
- Funk, Ted. "Cloud Classifications and Characteristics"(PDF). The Science Corner. National Oceanic and Atmospheric Administration.
- USA Today: Cirrus clouds
- Pretor-Pinney, Gavin (2006). Guía del observador de nubes. Salamandra, ISBN 978-84-9838-130-6
Kanpo estekak
- (Ingelesez) The Cloud Appreciation Society: Cirrus