Zirrokumulu
Zirrokumuluak (cirrocumulus) goi mailako hodei zuri kotoikarak dira, orbanak edo geruzak osatuz hedatzen direnak. 6 eta 14 kilometro arteko garaieran egoten baitira, hodei hauetako elementu bakoitza ñimiño ageri da, gatz edo arroz aleen itxurakoa. Altokumuluak ez bezala, zuri-zuriak dira, gune ilunik gabe. Askotan tarte erregularretan antolaturik egoten dira, uhinak eratuz (undulatus aldaera).
Zirrokumuluak | |
Altitudea: | 6.000 mtik gora |
---|---|
Prezipitazioa: | Ez |
Laburdura: | Cc |
Ikurra: |
Motak
Zirrokumulu espezieak
Hodei genero honetan lau espezie daude [1]:
- Cirrocumulus stratiformis. Hodei geruza zabala denean.
- Cirrocumulus lenticularis. Leiar edo almendra formako eta azal homogeneoko hodeia.
- Cirrocumulus castellanus. Hodeitxoek gainalde almenaduna dutenean.
- Cirrocumulus floccus. Hodeitxoak azpialde irregularrekoak eta kumulu formakoak direnean.
Zirrokumulu aldaerak
- Cirrocumulus lacunosus. Hodei geruza abaraska baten antzera saretua dagoenean.
- Cirrocumulus undulatus. Hodeitxoak uhinen moduan antolatzen direnean.
Sorrera
Zirruak edo zirrostratuak azpitik konbekzioz berotzen direnean aire masa igotzen hasten da eta hodeiek kumulu itxura hartzen dute. Horregatik sarritan zirruak, zirroestratuak eta zirrokumuluak elkarrekin ikusten dira. Zirruen taldekoak direnez izotz kristal txikiz osaturiko hodeiak dira.
Ilunabarretan argi gorria eta horia isladatzen dute eta argazkilarientzako hodeirik ederrenak dira[2].
Prezipitazioak
Ez dute prezipitaziorik izaten. Sarritan ekaitzaldien ondoren agertzen dira eta prezipitazio aldia amaitu dela iragartzen dute.
Iruditegia
- Cirrocumulus stratiformis.
- Cirrocumulus undulatus.
Erreferentziak
- Pretor-Pinney, Gavin (2006). Guía del observador de nubes. Salamandra, ISBN 978-84-9838-130-6
- (Ingelesez) Ahrens, C. Donald. (2006-02-16). Meteorology Today. Cengage Learning ISBN 978-0-495-01162-0. (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).