Zirkunferentzia zirkunskribatu
Geometrian, poligono baten zirkunferentzia zirkunskribatua zirkunferentzia bat da, poligonoaren erpin guztiak ukituz inguratzen duena. Zirkunferentzia horren zentroa zirkunzentro deitzen da eta erradioa zirkunerradio.
Poligono inskribatuari poligono zikliko esaten zaio (batzuetan poligono ziklokide, erpinak ziklokideak direlako). Poligono sinple erregular guztiak, triangelu guztiak eta laukizuzen guztiak ziklikoak dira. Poligono ziklikoetan, zirkunzentroa poligonoaren aldeen erdibitzaileen ebaki-puntua da.
Triangeluak
Triangeluetan, hiru aldeen erdibitzaileek puntu batean ebakitzen dute elkar; zirkunzentroan, hain zuzen ere. Zirkunzentroa hiru erpinetatik distantzia berera dago.
Triangeluaren erpinak, aldeen muturrak direnez gero, haien erdibitzaileen puntuetatik distantzia berera daude; beraz, horien ebaki-puntua hiru erpinetatik distantziakidea da: zirkunzentroa (zirkunferentzia zirkunskribatuaren zentroa).
Zirkunzentroaren kokagunea triangeluaren araberakoa da:
- Triangelu zorrotzetan (angelu guztiak zorrotzak dira), zirkunzentroa triangeluaren barnealdean dago.
- Triangelu zuzenetan (angelu bat zuzena da), zirkunzentroa hipotenusaren erdigunean dago. Hori zirkuluaren Talesen teoremaren berezitasun bat da.
- Triangelu kamutsetan (angelu bat kamutsa da), zirkunzentroa triangeluaren kanpoaldean dago.
Lauki ziklikoak
Zirkunskribagarriak diren laukiek, lauki ziklikoek, propietate bereziak dituzte; esate baterako, aurkako angeluak betegarriak dira (haien batura 180° da, edo π radian).
Ikus, gainera
- Zirkunferentzia inskribatua
- Intzentroa
- Eszentroa
- Eulerren zuzena
- Simsonen zuzena
- Arku kapaza
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Triangle circumcircle Webgune elkarreragilea
- (Ingelesez) Triangle circumcenter Webgune elkarreragilea
MathWorld
- (Ingelesez) Weisstein, Eric W.: "Circumcircle" MathWorld-en.
- (Ingelesez) Weisstein, Eric W.: "Cyclic Polygon" MathWorld-en.
- (Ingelesez) Weisstein, Eric W.: "Steiner circumellipse" MathWorld-en.