Ziniska
Ziniska (grezieraz: Κυνίσκα; K.A.eko 440. urtean jaioa) Espartako greziar printzesa izan zen. Antzinako Olinpiar Jokoak irabazi zituen lehen emakumea izan zen.
Ziniska | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Esparta, K.a. 440 |
Herrialdea | Esparta |
Heriotza | Esparta, K.a. IV. mendea ( urte) |
Hobiratze lekua | Heroon of Kyniska at Sparta (en) |
Familia | |
Aita | Archidamus II |
Ama | Eupolia |
Anai-arrebak | ikusi
|
Leinua | Eurypontids (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Jarduerak | |
Jarduerak | kirolaria |
Jasotako sariak | ikusi
|
Biografia
K.a. 396. urtean, Olinpian (Grezia), Ziniska printzesa espartarrak estatua bat eta idazkun bat eskaini zizkion Olinpiari, jainkosaren tenpluan. “Espartako erregeak ditut aita eta neba, / zaldi azkarreko gurdiarekin irabazi du / eta estatua hau eraiki du Ziniskak. Eta Grezia osoko emakume guztien artean / koroa hau lortu duen bakarra naizela diot”. Urte horretako Olinpiar Jokoetan koadriga lasterketa irabazi zuen printzesak, eta hurrengo Jokoetan ere, K.a. 392. urtean, proba bera irabaztea lortu zuen. Horrenbestez, Ziniska izan zen lehen emakumezko txapeldun olinpikoa[1].
Emakumeen egoera Antzinako Olinpiar Jokoetan
Antzinako Grezian emakumeek ezin zuten Olinpiar Jokoetan zuzenean parte hartu. Estatu-hiri gehienetan emakumezkoek ez zuten gainerako ia lau urtetan ere kirolik egiten. Esparta zen salbuespena; emakumeak txikitatik kiroletan ere trebatzeko ohitura zuten eta Ziniska espartarra zen[1].
Horrez gain, zaldi eta gurdi lasterketetan ez zituzten zaldizkoak edo orgazainak txapeldun izendatzen, zaldien jabeak baizik. Hala, zalditegi bat martxan jartzeko eta mantentzeko nahikoa baliabide zuen edonork parte har zezakeen proba olinpikoetan, gizon nahiz emakume. Ziniska Espartako Arkidamo II.a eta Ajesilao erregeen alaba eta arreba zen, hurrenez hurren. Beraz, eragin ekonomiko eta politikoa zuen Olinpiar Jokoetan zuzenean parte hartu gabe, txapeldun olinpikoa izateko[1].
Ziniskak proban parte hartzearen arrazoia
Ziniskaren parte-hartzearen arrazoiei buruz Plutarkok idatzitakoaren arabera, Ajesilaok arreba parte hartzera bultzatu omen zuen “greziarrei erakusteko proba hipikoak irabazteko ez zela inolako talenturik behar, aberatsa izatea eta dirua gastatzeko prest egotea baizik”. Ajesilaok entzutea kendu nahi zien zaldi probei, eta horretarako arreba erabili zuen lehiakide ezgaiaren eredu gisa[1].
Erreferentziak
- Irazustabarrena, Nagore. (2012-07-22). «Ziniska, lehen emakumezko txapeldun olinpikoa» Argia CC-BY-SA lizentzia.