Ziklo ekonomiko
Ziklo ekonomikoak ekonomia sistema batean txandaka izaten diren hazkunde eta atzerakada garaien zikloak dira. Ziklo ekonomikoaren hazkunde garaian, BPG edo ekoizpena handitzen da, langabezia gutxitzen, eta inflazioa sortzen; ziklo ekonomikoa atzerakada garaian dagoenean, ekoizpena gutxitzen da, eta langabezia handitzen. Ziklo ekonomikoek ekonomia osoari edota ekonomia arlo jakin bati eragin diezaiokete. Ziklo ekonomikoaren gainbehera eta hazkundea bapatekoak eta intentsitate handikoak izan daitezke: gorakada handia denean, boom bat dela esan ohi da; bat-bateko atzerakada nabarmena denean, aldiz, krak bat dela esaten da.
Zikloen iraupena aldakorra eta ziurgabea da beti, eta horrek eragotzi egiten du ziklo horien azterketa sistematikoa: stock mailen gorabeherek eragindako hiru urteko zikloak hauteman dira (Kitchin zikloak izenekoak, alegia); inbertsioetan, berriz, zazpi urteko zikloak (Juglar zikloak izenekoak). Hamarkada batzuetako iraupena duten zikloak ere aztertu dira, adibidez: gutxi gorabehera 50 urtekoak diren Kondratiev zikloak, eta eraikuntza sektoreko Kuznet zikloa, 20 bat urtekoa.[1]
Hainbat teoria dago ziklo ekonomikoak sorrarazten dituzten faktoreei buruz. Teoria monetarista batek dioenez, inflazioa kontrolatzeko moneta politikak sortzen ditu ziklo horiek; beste teoria zenbaitek, berriz, aldaketa teknologikoek eta ekonomiari buruzko aurreikuspen subjektiboek eragiten dituztela diote.
Oharrak eta erreferentziak
- Korotayev, Andrey V., & Tsirel, Sergey V.(2010). A Spectral Analysis of World GDP Dynamics: Kondratiev Waves, Kuznets Swings, Juglar and Kitchin Cycles in Global Economic Development, and the 2008–2009 Economic Crisis. Structure and Dynamics. Vol.4. #1. P.3-57.
Kanpo estekak
- Ziklo ekonomikoak, Gizapedian.