Zierbena
Zierbena[4] Bizkaiko ipar-mendebaldeko udalerri bat da, Meatzaldeko eskualdekoa, Bilbo Handiko metropolitar gunean kokatua. 2016. urtean 1.494 biztanle zituen.
Zierbena | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizkaia, Euskal Herria | |||||||||||
Zierbenako Aldapa auzoa, San Roman eliza eta atzealdean Luzuero mendia. | |||||||||||
| |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Bizkaia | ||||||||||
Eskualdea | Meatzaldea | ||||||||||
Izen ofiziala | Zierbena | ||||||||||
Alkatea | Marcelino Elorza Talledo (EAJ) | ||||||||||
Posta kodea | 48508 | ||||||||||
INE kodea | 48913 | ||||||||||
Herritarra | zierbenarra | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°21′06″N 3°04′55″W | ||||||||||
Azalera | 10,5 km² | ||||||||||
Garaiera | 76 metro | ||||||||||
Distantzia | 19 km Bilbora | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 1.496 (2023) 11 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 163,5 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | % 18,89 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 16,7 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 52,15 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 80,29 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 1,62 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 11,57 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 21,82 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera [3] | % 8.01 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Webgunea | http://www.zierbena.net |
Geografia
Udalerria Bizkaiko ipar-mendebaldean dago, Bizkaiko kostaldean, Bilbotik 19 kilometro ipar-mendebaldera, Muskiztik 8 kilometro ipar-ekialdera, eta Santurtzitik 6 kilometro ipar-mendebaldera. A-8 autobidetik sarrera zuzena dauka, eta horrez gain Santurtzi eta La Arena hondartzara lotzen dituen errepideak.
1990eko hamarkadan Bilboko portuaren handitze lanak hasi zirenetik, Zierbenako portua erabat aldatu da: kirol portu berria eta hondartza artifiziala eraiki dira. Gaur egun Zierbena udalerria Bilboko portuak inguraturik bizi da.
Udalerriko mendi nagusiak Luzuero (307 m) eta Montaño (319 m) dira.
Mugakideak
Zierbenak honako mugak ditu: iparraldean Kantauri itsasoa, mendebaldean Muskiz, ekialdean Santurtzi, eta hegoaldean Abanto udalerria.
Historia
Historiaurreko hainbat aztarna aurkitu dira Zierbenan, Cardeo eta La Arena hondartzaren artean 1969. urtean aurkitutako aztarnak esaterako. Horrez gain, Ranes inguruetan erromatarren garaiko hainbat tresna eta arrasto aurkitu dira. Duela mende askotako Zierbena hartan, bizilagunak itsasoko lanetan aritzen ziren gehienbat, eta nekazaritzan.
Zierbena Somorrostro Haranaren barneko herria zen, haran hori Enkarterrietako bederatzi haranetako bat zelarik. Erdi Aroan zehar, lehen parrokiak eraiki ziren haran hauetan, eta ondoren eliza txiki horien inguruan herrixkak hazi ziren. Orduan, herrixka horiek garrantzia hartu eta kontzeju bilakatu ziren, eta horren ondoren, "errepublika". Horiek horrela, Somorrostro Harana hainbat udal eta "errepublikatan" zatikatu zen: "Lau Kontzejuak" (Zierbenako San Roman, Abantoko San Pedro eta Santa Juliana eta Muskizko San Julian) batetik, eta "Hiru Kontzejuak" bestetik (Santurtziko San Jorge, Sestaoko Santa Maria, eta Trapagarango San Salvador).
1842. urtean Abantoko San Pedro eta Santa Juliana, eta Zierbenako San Romango kontzejuek udalerri batua osatu zuten, Abanto-Zierbena.[5] Handik lasterrera, baina, Zierbenak banatzeko lehen ekimena egin zuen, eta 1941ean bigarrena. Zierbenak hamarkada asko behar izan zituen independentzia lortzeko, zehazki 1995. urtean, eta hurrengo urtean udalerri ofizialki bihurtu zen.
Politika
Zierbenako alkatea Marcelino Elorza Talledo da, izan ere, Euzko Alderdi Jeltzaleak lortu zuen boto gehien 2011ko udal hauteskundeetan. Emaitzak hauek izan ziren:
Zierbenako udalbatza | ||||
Izena | Zinegotziak | Boto kopurua[6] | ||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | ||||
Zierbena Beti (Z.B) | ||||
Bildu | ||||
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE)) | ||||
Ezker Batua - Berdeak (EB-B) | ||||
Alderdi Popularra (PP) |
2007an egindako udal hauteskundeetan honakoak izan ziren emaitzak:
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
EAJ | 397 | 5 |
ZB | 262 | 3 |
EAE | 155 | 1 |
PSE-EE | 51 | 0 |
PP | 20 | 0 |
EB-Aralar | 13 | 0 |
Azpiegiturak
Garraioak
Bizkaibuseko A3321 lineak Zierbena, Muskiz eta Portugalete lotzen ditu. Bertan bestelako autobusak eta Renfe Aldiriakeko trena har daitezke.
Ferria
Zierbenan ferrientzako portua dago, Bilboko Ferri Portua izenez ere ezaguna bada, Brittany Ferries konpainiaren MV Cap Finistère ferria astero birritan itsasoratu eta lehorreratzen da, Portsmouth (Portsmouth Nazioarteko Portua) hirira joan-etorria eginez.
Helmuga | Ibilbidea | Iraupena | Ferria | Konpainia |
---|---|---|---|---|
Portsmouth/Portsmoutheko Nazioarteko Portua | 23 ordu (lehorreratze eta itsasoratze guztiak) | MV Cap Finistère | Brittany Ferries | |
Portsmouth/Portsmoutheko Nazioarteko Portua | Zierbenara asteartean iritsi - Roscoffetik astelehenean igaro (abiapuntua Portsmouthetik igandean) | 33 ordu (lehorreratzerik ez eta itsasoratze bakarra) | MV Cap Finistère | Brittany Ferries |
Kirolak
Zierbena Arraun Elkartea da herriko arraunketa taldea. Emaitza aipagarriak izan ditu, besteak beste 1949ko eta 2018ko Espainiako Traineru Txapelketak eta 1987 eta 1990 artean Kantauriko kostaldean irabazitako dozenaka bandera. Petronor Bandera antolatzen du urtero.
Ondasun nabarmenak
San Roman parrokia
XII. mendeko eliza baten arrastoen gainean eraiki zen. 1880. urtean Francisco Murrietak bere testamentuan utzitakoari jarraituz, berreraiki egin zuten. Francisco Murrieta Zierbenan 1785ean jaiotako indianoa izan zen. Buenos Airesen 1865ean hil eta gero, eliza eraikitzeko dirutza handia utzi zuela jakin zen.
Aldare nagusiaren erdian dagoen erretaulan San Roman martiriaren irudi bat dago. Irudi hori Zierbenako San Roman kontzejuan egondakotik dator.
Portuko Ama Birjinaren eliza
Izen bereko auzoan kokatuta dago eliza hori, San Roman parrokiari atxikita. Zierbenan jaio eta bizi izan zen Alicia Sangines Renovales andreak utzitako etxaldean kokatuta dago. Baseliza Aldundiaren, udalaren, Gotzaindegiaren emariei eta auzokoen ekarpenei esker erosi eta berreraiki zen, 1950eko hamarkadan.
Argazki galeria
- San Roman parrokia
- Portuko Ama Birjinaren eliza
- Zierbenako portua
- Portuko garabia
- Arrantzaleen omenezko monumentua
Zierbenar ospetsuak
- Germán Campo (1903-1979): atleta, 1926an Espainiako txapelduna 10.000 metroko lasterketan.
- Marcelino Bañales (1942-1990), margolaria.
- José Antonio Momeñe (1940), txirrindularia.
- Andrés Incera (1941), txirrindularia.
- Guillermo Bañales (1966), mendizalea eta abenturazalea.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA)
- Club rural: Zierbena | Vizcaya
- 2011ko udal hauteskundeen emaitzak zierbena.net webgunean 2015/04/12an kontsultatua