Ziburu
Ziburu Lapurdiko mendebaldeko udalerri bat da, Lapurdi Itsasegia eskualdekoa, Donibane Lohizuneko badian kokatua.
- Artikulu hau Lapurdiko herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ziburu (igarobidea)».
Ziburu | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Lapurdi, Euskal Herria | |||||||||||
Ziburu, Nazioarteko Espazio Estaziotik ikusia. Goian, ezkerrean, Sokoa. Eskubian Donibane Lohizune ikus daiteke. | |||||||||||
| |||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Herrialdea | Euskal Herria | ||||||||||
Lurraldea | Lapurdi | ||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Frantzia | ||||||||||
Eskualdea | Akitania Berria | ||||||||||
Departamendua | Pirinio Atlantikoak | ||||||||||
Elkargoa | Euskal Hirigune Elkargoa | ||||||||||
Barrutia | Baiona | ||||||||||
Kantonamendua | Donibane Lohizune | ||||||||||
Izen ofiziala | Ciboure | ||||||||||
Auzapeza | Eneko Aldana-Douat (Ziburu Bizi) SortuGuy Poulou (UMP) (2008-2014) | ||||||||||
Posta kodea | 64500 | ||||||||||
INSEE kodea | 64189 | ||||||||||
Herritarra | ziburutar | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°23′07″N 1°40′04″W | ||||||||||
Azalera | 7,44 km2 | ||||||||||
Garaiera | 0-83 metro | ||||||||||
Distantzia | 23 km (Baionatik) | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 6.220 (2018: −76) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 918,55 biztanle/km² | ||||||||||
Zahartzea[1] | % 14,18 | ||||||||||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 49,69 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera[1] | % 71,91 (2011) | ||||||||||
Desberdintasuna[1] | % 5,19 (2011) | ||||||||||
Langabezia[1] | % 8,14 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak | % 11,04 (2010) | ||||||||||
Erabilera | % 0,69 (2011) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1574. urtea | ||||||||||
Webgunea | http://www.ciboure.fr |
Izena
Izena zubi eta buru hitzen kontrakziotik ei datorkio (cf. Subiboure dokumentatua XIII. mendean, Donibane Lohizuneko udal artxiboan). Frantziako jakobinoek, euskarazko toponimoak frantsesera egokitzeko ohiko joerari jarraiki, Ciboure erabiltzen dute lehen herriguneari deitzeko. Hartara, etimologia garbia iluntzen dute.
Izan ere, Ziburu, Urdazuri (jakobinoentzat la Nivelle) ibaiaren ezkerraldetik Bordagain muinoraino hedatzen da. Hortaz, Zubiburun dago Donibane Lohizunera pasatzeko estriboa edo zubiaren burua; hortik zubiburu > Ziburu izena.
Toponimoak honako grafiak izan ditu:[2]
- Subiboure (XIII. mendea, Donibane Lohizuneko udal artxiboa),
- Siboure (1650,Gouvernement général de Guienne et Guascogne et Pays circonvoisins eta Carte des Pays Basques de France et d'Espagne izeneko mapetan),
- Siboro (1657),[3]
- Sanctus Vincentius de Siboure (1684, Baionako diozesiaren bilduma[4]) eta
- Ziburu,[5] XIX. mendea.
Geografia
Auzoak
Zokoa auzoa, itsaso eta badiaren artean kokatua, Urruñarekin batera administratzen du.
- Bordagain
- Herri
- Hegoa
Historia
XVI. mendean izurriak gogor jo zuen Lapurdi, eta 1598ko agerketa aipagai duten idazkiak daude herrian.[6]
1574. urtean bihurtu zen Ziburu udalerri independente, aurretik Urruñaren zati baitzen.[7] Hargatik, independentzia hori 1603an bakarrik gauzatu zen, eta Urtubiako jaunaren zuzeneko etsaigoa izan zuen, herri lurren jabetza eta hamarrenen kobrantza beretzat nahi baitzituen, besteak beste. Gainera, gatazka bizia zen Donibane Lohizunerekin porturatzen ziren itsasontzien gaineko zergak zirela eta.
Herria
Ziburuko kaleetan ibiltzea benetako gozamena da: Agorreta, Pocalette, Iturritza, Ravel... alboetan euskal arkitekturako ohiko etxeak, habeak bistan, fatxadak zertxobait aurreratuak (solairu bakoitzak 20 cm gehiago ditu, eta aleroi bikaina, erauntsien erasoari aurre egiteko.
Zigarroa etxea adibidetzat har dezakegu. Etxe batzuek etxe‑egutera handia dute. XVI. mendearen erdialdean San Bixintxo eliza eraiki zuten, Ziburu Urruñatik banandu zenean. Geroago egin zuten oktogono‑formako kanpandorrea, gainean orratza, arbelezko estalkia, absidea eta bi kapera. XVII. mendeko bost erretaula bikain ditu eta egurrezko hiru galeria, elkarlotuta. Elizaren atzealdean garai batean kaskarotentzako atea eta lekua. Izan ere, Ziburu nomaden babesleku izan zen, mespretxatutako jendea iritsi zen, ezaugarri fisiko desberdinak zituztenak, Baztango agoten antzekoak, eta, Lapurdiko legeek agintzen zuten bananduta egon behar zutela gizarte‑ekitaldietan.
XIX. mendean gizartea aldatzen hasi zen, emakume kaskarotak ezagunak egin ziren, senarrek arrantzatutako arrain freskoa saltzen zuten; oinez edo zaldi gainean joaten ziren Baionara, lau miliako ibilbidea eginda. Historialari zorrotzek (esate baterako Eugéne Goienetxek) Ziburuko lehenengo eliza Bordagain muinoan egin zutela pentsatzen dute, eta han dagoen dorrea, hain zuzen, eliza haren kanpandorre izan zela. Gainera, talaiariek ere erabiltzen zuten, baleak ikusteko. Espainiarrek auzo hura erre zuten 1686an, eta Soult mariskalak basoko zuhaitzak errotik mozteko agindua eman zuen 1813an, Sokoa harresitzeko. Gaur egun, dorrearen ondoan harrizko gurutzadura zaharra eta Bordagaineko Andre Mariaren kapera daude. Bordagaindik ikusten diren bistek merezi dute haraino igotzea.
Horretarako, iturriaren ondoko eskailerak igo, Gurutze Gorriaren aurretik pasa, eta Mapau kalean gora igo behar dugu. Ugaranaren bokalean eratzen den lurmutur batean 1613an eraikitako errekoletoen komentua dago, sorginei aurre egiteko eta Donibane eta Zibururen arteko liskarrak baretzeko.
Mende erdi bat lehenago, ziburutarrek auzi larria izan zuten donibandarrekin, atzerriko ontzien trafikoari buruz. Izan ere, herri bakoitzak aldarrikatzen zuen Ugarana itsasadarraren jabe zela.
Errekoletoen zenobioak klaustro interesgarria du, eta iturri bat, Mazarinoren emaria —politikari trebea, kardinala eta diplomatikoa, Luis XIV.aren eskuineko eskua—. Agorreta kalean erromesentzako ospitalea zegoen, errekoletoen komunitatearen ardurapean.
Arrantza eta haren ondorioz sortutako beste jarduerak izan dira Ziburuko ekonomiaren ardatza. Turismoa eta ostalaritza baztertu gabe, gaur egun ere arrantza dute oinarri. Jatetxeak, hotelak eta kanpinak daude. Klub nautikoa badago eta golf‑zelaia ere bai.
Ziburu Maurice Ravelen sorterri izateaz harro dago (eta arrazoi du). Konpositore modernista 1875eko martxoaren 7an jaio zen, Ravelen izen handia daraman kaleko 12. zenbakian. Erraz ezagutzen da etxea, itxura nordikoa duen bakarra baita. Harlanduzko fatxada, gargolak eta elementu hibridoak ditu, eta kalearen lerroarekin bat egiten du. Ravelek sortutako musikaren zati bat Ziburun egina da; esate baterako Hirukotea, 1914an ondua.
Herriko idazle eta elizgizonak ere ez ditugu ahaztu behar: Argaingarats, D’Aranbillague, Gazteluzar eta Joannes Etxeberri. Etcheberrik Baleazaleen otoitza, Arpoiz jotako balearen otoitza, eta Esker ematea balea harrapatu izanagatik idatzi zituen. Horrenbestez, bale arrantzaren jarduera horrek Lapurdin zuen garrantzia begi bistan dago.
Eta, elizgizonez ari garenez, Bordeleko Pierre de Lancre frantses epaile ankerrak inkisizioaren suan erre zituen Ziburuko bi apaiz: Miguelena eta Bocale, deabru‑hitzarmenak eta meza beltzak egitea leporatuta. Auzitegi santuak Ziburuko herri txikian bostehun bat pertsonari jarri zien heriotz‑zigorra, sorginkeria edo ezkutuko praktikak egotzita.
Maurice Ravel moilatik Donibane Lohizuneko portuaren eta hiriaren bista ederra dugu begien aurrean. Jarrai diezaiogun ertzari, eta berehala iritsiko gara hilerrira. Haren ondoan dago Pierre Benoit (1885‑1962) idazlearen omenez jarritako monumentua. Euskal Herriko eguneroko bizitza inspirazio‑iturri izanik, hainbat liburu idatzi zituen: Atno, Le Pays Basque, Le Casino de Barbazan, Pour Don Carlos nobela historikoa, eta, batez ere, Les amours mortes, maisuki azaldu baitzuen Lapurdiko txoko horretako xehetasunak. Ziburun atseden hartu ohi zuen, Bordagaingo Alegria etxean hil zen, eta Ziburuko hilerri zurian ehortzi zuten.
Demografia
XIX. mende osoan zehar eta XX. mendearen hasieran 2.000 biztanle inguruko populazio egonkorra izan ondoren, 1920tik 1960ra biztanle kopurua hirukoiztu egin zen. XX. mendearen bukaerara arte 6.000 inguru biztanletan egonkortu zen, baina XXI. mendearen hasiera berriro hazi zen, ia 7.000 biztanleren mailaraino.
Ziburuko biztanleria |
---|
Datuen iturburua: INSEE |
Ekonomia
Udalerriak arrantza portua partekatzen du Donibane Lohizunerekin.
Ondasun nabarmenak
- Bordagaineko Andre Mariaren eliza eta dorrea: Gaur egun zaharberrituak eta egoera bikainean dauden eliza eta dorrea.
- Charles de Gaulle zubia: Ziburu eta Donibane Lohizune elkarlotzen ditu.
- Errekoletoen komentua: 1610ean eraikia, eta 1791an Frantziako Iraultzarekin arpilatua eta desjabetua.
- Portuko edota Ziburuko itsasargia,[8] André Pavlosky-k eraikia, monumentu historiko dago izendatuta.
- Zokoako itsasargia: 1844ean eraikia.
- Zokoako gotorlekua [9] XVII. mendekoa da.
- Ziburuko iturria: XVII. mendekoa, 1925. urtetik aurrera monumentu historiko dago izendaturik [10].
- Lehen-Tokia etxea: Euskal estiloko arkitektura duen etxe bikaina.
- Leihorra etxea: 1916an Joseph Hiriart arkitektoak eraikitako Art Déco estiloko etxea.
- Neria etxea[11], XVII. mendekoa da eta 1813 eta 1814. urteetan Wellington jeneralaren tropen ospitale izan zen.
- Maurice Ravelen jaiotetxea edo San Estebania[12], XVII. mendekoa da.
- Neria etxea: Euskal estiloko arkitektura duen etxe bikaina.
- Lehen-Tokia etxea[13], 1924 eta 1926 urteen artean eraikia, monumentu historiko dago izendaturik.
- Bordagaingo Andra Mariaren eliza zaharra eta dorrea[14], 1987. urtetik aurrera monumentu historiko dago izendaturik.
- Gurutze zuria[15], Donejakue bide zaharrean kokaturik, 1616. urtekoa da.
- San Bixintxo eliza[16] XVI. mendean du jatorria.[17]
- Ziburuko herriko etxea: Udalaren egoitza.
- Ziburuko iturria: 1676an eraikia.
Argazki galeria
- Ziburuko etxeak, atzealdean Larrun mendia ageri delarik.
Jaiak
Ziburuk uda‑garaian eta egitarau zabal batean kontzertuak eta jaialdiak antolatzen ditu (Musique á la Côte Basque), baita kulturaren, kirolaren eta festen alorreko hainbat ekitaldi ere.
Herriko festak urtarrilaren 22an dira, bitxintxo herrikoiak.
Ziburutar ospetsuak
- Martin Oiharzabal, XV. mendeko itsasgizon eta idazlea.
- Joanes Etxeberri Ziburukoa (1580-1665), euskal idazle handia.
- Martin Sopite, XVII. mendea, itsasgizona, baleazalea. 1635ean balearen sarraskia itsasontzian egiteko labea asmatu zuen.
- Piarres Etxeberri, XVII. mendea, idazlea eta itzultzailea. Itsasoko Nabigazionea itzuli zuen, jatorriz Martin Oiharzabalek egina.
- Bernard Gazteluzar (1619-1701), idazle jesuita.
- Jean Baptiste Kamusarri (1815-1840), euskal olerkari erromantikoa.
- Maurice Ravel (1875-1937), musikagilea.
- Joseph Abeberri (1895 - 1944), Ziburuko auzapez ezkertiar eta euskaltzalea, sortzez Arrangoitzekoa. Naziek deportatua eta Mauthausengo kontzentrazio esparruan eraila.
- Janbattitt Dirassar (1937-), euskal idazlea eta kazetaria. Sortzez Hazparnekoa, Ziburun bizi da.
- Michèle Alliot-Marie (1946-), etxea bertan du eta Herriko Etxeko kontseilaria izan zen.
- Xabier Soubelet (1953-), idazlea, margolaria eta kantaria.
- Bixintxo Bilbao (1991), esku-huskako pilotaria.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Itsasoko Historia. Euskal Kostaldeko Gida. liburutik txertatu zen 2014-12-18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- Raymond, Paul. Dictionnaire topographique Béarn-Pays basque. .
- Jean-Baptiste Orpustanen esanetan
- XVII. eta XVIII. mendea - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
- Lhande, Pierre. (1926). Dictionnaire basque-français. .
- Goihenetxe, Manex. (2001). Histoire générale du Pays basque III : Évolution économique et sociale du XVIe au XVIIIe siècle. 3 Donostia / Baiona: Elkarlanean, 42-43 or. ISBN 8483317443 eta 9788483317440. OCLC .466971263.
- Jean-Noël Darrobers; Hubert Lamant-Duhart; et al. (1992). Ciboure. Ekaina.
- Frantziako Kultura Ministerioa - Zokoako itsasargiari buruzko oharra
- Frantziako Kultura Ministerioa - Zokoako forteari buruzko oharra
- Frantziako Kultura Ministerioa - XVII. mendeko iturriari buruzko oharra
- Frantziako Kultura Ministerioa - Neria etxeari buruzko oharra
- Frantziako Kultura Ministerioa - Ravelen etxeari buruzko oharra
- Frantziako Kultura Ministerioa - Lehen-Tokia villari buruzko oharra
- Frantziako Kultura Ministerioa - Andra Mariaren elizari buruzko oharra
- Frantziako Kultura Ministerioa - Gurutze zuriari buruzko oharra
- Frantziako Kultura Ministerioa - Done Bikendi elizari buruzko oharra
- Des origines à la Révolution, Ciboure. Ekaina,, 145 eta 146 or..
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Lapurdi |
- Ziburuko herriko etxea edo udalaren webgunea
- Joseba Aurkenerena: Martin Sopite baleazale ziburutarra.