Zibitze
Zibitze Larzabale-Arroze-Zibitze udalerriko herri bat da, Nafarroa Behereko Oztibarre eskualdean. Herri honek 1841 arte aparteko udalerria osatu zuen. Egun Larzabaleren gerizpean, garai batean ibar osoko batzarrak bertan egiten ziren.
Zibitze | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Udalerria | Larzabale-Arroze-Zibitze |
Administrazioa | |
Posta kodea |
|
Herritarra | zibiztar |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°13′32″N 1°05′20″W |
Demografia |
Herritarrei "zibiztar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 17 km daude.
Izenaz
Dokumentazio historikoan aldaera hauek ageri dira: Sent Andriu de Cibitz (1472an Okzitaniako Bastidaxarreko notarioen dokumentuetan) eta Civitix (1513an Iruñeko "tituluetan"); hipotesi bakarra ez bada ere, Jean-Baptiste Orpustanek ziurtasunik gabe Ziboze Zuberoako herriaren izenekiko lotura egon daitekeela dio, latineko silva hitzetik eratorria; bestela galdua den euskara edo akitanierazko hitz zaharren bat ere egon daitekeela oinarrian gehitzen du.[1]
Okzitanierazko dokumentazioan agertzen diren aldaera horietatik sortu zen ofiziala den frantsesezko Cibits.
Geografia
Kokapena
Oztibarreko bihotzean, ibilaldi txiki batek baina ez du banatzen Larzabaletik, bere ipar-mendebaldean dagoena; bien artean Artikaiteko erreka pasatzen da, urak Biduzen isuri baino apur bat lehenago. Hegoaldean Ibarrola eta hego-ekialdean Bunuze ditu; azken hau, ipar-ekialdean duen Arroze bezala, Biduzez beste aldera. Mendebaldean Utziate dauka.
Gune horiek guztiak oztibartarrak dira.
Auzoak
Herri-kasko txikitik kanpora etxetalde sakabanatuak daude; handiak izan gabe, leku batzuk aipagarriak dira bere historiagatik.
- Zarzabalea "jauregi" izana herritik mendebaldera dago, Utziaterako bidean.
- Zaldia edo Zaldua herriko lurretako hegoaldean dago, Ibarrolakoengandik hurbil. harako bidean "Oihenart Aldia" auzoa zeharkatzen da.
Orografia
Herria bera 153 metrotan dago. Biduzerantz pittin bat jaisten da garaiera (125 m Arrozera joateko zubian).
Aldiz, herriaren hegoaldean Ibarrolako dermioarekin banatzen duten mendietan daude tontor altuenak: Kurutzeberri (513 m) udalerri-mugan bertan dago.
Errepideak
Herri-kaskoa Nafarroa Beheretik Maulerantz abiatzen den D 918an dago, garai bateko RN-618 ospetsuaren zatia hain zuzen. Errepide horrexek lotzen du Larzabale udalburu hurbilarekin eta Zuberoarekin.
Garazira joan nahi izanez gero, aipatu errepìdeaz gain tokiko bat har daiteke mendebalderantz, Zarzabalea auzora eta hortik Utziatera; bertan D 933 har daiteke. Herritik ekialdera antzeko errepide batek lotzen du Arrozerekin eta aukeran D 933ra heltzen da baina Amikuzerako bidean.
Historia
- Herri honetan ospatzen ziren Oztibarreko gortearen batzarrak.
- 1350ean gaur egun udalburua den Larzabale Zibitzeko Sault jaunaren menpean ageri zaigu.
- Herrian beste "jauregi" edo sala bat zegoen, la Salle de Cibits, 1586an Gaintzuri etxeari atxikia. Jeanne de Gainxuri urte horretan Donapaleuko Arnaud d'Erdoy izenekoarekin ezkondu zen. Bere alaba Jeanne d'Erdoy, la Salle de Cibits eta Gainxuriren oinordekoa, 1626an bigarren ezkontzan Arnaud Oihenart historialari -eta Parlamentuan abokatu- ezagunarekin ezkondu zen. La Salle de Cibits Oihenartarrena izango da 1787 arte; orduan d'Alzu, Zaroko jauna, Zibitzeko jaun agertzen da.
- Frantziako Iraultzan herriko apaiz eta priore Antoine de Lacarxe erbesteratzeko beharrean aurkitu zen.
- Utziatek herri honekiko lotura zuzena izan du eta adibidez Zibitzeko eliza priore-etxe honen menpean zegoen.[2]
Udalerri-historia
- 1842ko ekainaren 20a arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Larzabale eta Zibitzerekin fusionatu zen; harrezkero Larzabale-Arroze-Zibitzeren barruan dago.
Udalerriko armarrian[3] herri honi erreferentzia egiten dion zatia beheko eskuinekoa da; bertan herriko Salle de Sault "jauregi" edo etxe nobleari egiten dio erreferentzia.
Eraikin eta monumentu historikoak
- Gaur egun baserria den Zaldua etxe fortifikatua XIII. mendekoa da; garai honetan Oztibarreko inportanteena eta Larzabaleko "hiri berriko" etxe guztien jabe zen.[4]
- Zarzabalea etxea egun ezagutzen dugun moduan batez ere XVIII. mendearen bukaerakoa da baina etxe hau 1350etik aipatua da.[5]
- 'Zibitzeko Ander Deunaren eliza XIX. mendekoa da.
- Hilerrian hilarri batzuen hondakinak eta 1786ko gurutze bat baino ez daude.
Kultura eta hezkuntza
- 1833ko inkesta batean jadanik eskola Larzabalerekin konpartitzen zuen.
Ekonomia
Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak.
Ikus, gainera
Erreferentziak
Kanpo estekak
Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |