Zianobakterio
Zianobakterioek[1] edo alga urdinek[2] (Cyanobacteria) Bacteria erreinuaren filum bat osatzen dute. Garai batean zianofizeoak[2] izenarekin ezagunak ziren (euskaraz: «alga urdinak»). Izan ere, zianobakterioak alga mikroskopikoak dira, eta Bacteria erreinuaren barnean sailkatzen dira prokariotoak direlako.
Zianobakterio | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Azpierreinua | Negibacteria |
Filuma | Cyanobacteria Cavalier-Smith, 2002 |
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Prokarioto guztien antzera ez dute zelula nukleorik, eta haien DNA zitoplasman sakabanaturik dago. Prokariotoak diren alga bakarrak dira.
Egiturari dagokionez zianobakterioak bakteriorik konplexuenak dira.Beste bakterioen aldean handiagoak dira, mikroskopikoak izan arren.
Gehienak urtarrak dira, ur gazi zein gezatan biziz.
Ezaugarri morfologikoak eta fisiologikoak
Zianobakterioek forma zelulabakarrak nahiz haritsuak izan ditzakete, eta polimorfismo handia erakusten dute.
Gainontzeko bakterioekin zenbait ezaugarri partekatzen dute:
- prokariotoak dira
- neurri mikroskopikoak dituzte
- hainbat bakteriok egiten duten moduan gai dira atmosferako nitrogenoa finkatzeko
- kromosoma bakarra eta biribila dute
- tilakoide izeneko mintz-multzoa dute, bakterio fototrofoen antzera, funtzio berdina duena: fotosintesi egitea, alegia
Hala ere, beste bakterioen aldean berezko bi ezaugarri dituzte:
- burutzen duten fotosintesia oxigenikoa da, hots, oxigeno askatzen du. Bakterio fototrofoen fotosintesiak, berriz, ez du oxigeno sortzen eta anaerobioa da. Alde horretatik zianobakterioek antza handiagoa dute landareekin bakterioekin baino
- gantz azido bereziak dituzte, lotura bikoitz askorekin, bakterioengan oso ohikoa ez dena.
Egitura zelularra
Zianobakterio haritsuek heteroziste izeneko zelula bereziak dituzte, nitrogenoaren finkapena garatzen dutenak. Heteroziste horiek ez dute fotosintesi egiten, ingurugiro anaerobioa baitute. Loturak eratzen dituzte alboetako zelula begetatiboekin, eta material-truke aktiboa gertatzen da zelulen artean.
Mikrobio hauek gas-bakuolo ugari dituzte, argon, nitrogeno eta oxigenoz osatuak. Hauei esker zianobakterioak igo ala jaisten dira uretan, flotagarritasuna erregulatzen baitute. Higidura bertikal horrekin mikrobio hauek fotosintesi garatzeko egoera onenaren bila doaz.
Ez dute flagelorik, eta mugitzen direnak irristatuz higitzen dira.
Batzuek azineto izeneko zelulak dituzte, bakteriar-esporaren antzekoak. Azinetoek aurkako ingurune baten baldintza gogorrei aurre egiteko laguntzen diote zianobakterioari.
Metabolismoa
Landareek bezala zianobakterioek fotosintesi oxigenikoa egiten dute; fototrofo autotrofoak dira, beraz.
6 CO2 + 6 H2O → C6H12O6 + 6 O2
Fotosintesiaren argitako fasean ATP eta NADPH2 eratzen dute, ilunpeko fasean produktu horiek erabiliz materia organikoa sintetizatzeko CO2-tik abiatuta (Calvin zikloaren bidez).
Fotosintesi hori burutzeko a klorofila dute, beta karotenoak eta bi fikobilin mota: fikozianina (pigmentu urdina) eta fikoeritrina (pigmentu gorria). Fikobilinak pigmentu lagungarri gisa aritzen dira, pigmenturik garrantzitsuena a klorofila baita (landareek duten berdina)
Aipatu den bezala zianobakterio batzuek atmosferako nitrogenoaren finkapena burutzen dute, glutamina aminoazido sortuz.
Garrantzi ekologikoa
Zientzialari gehienen ustez zianobakterioak duela 2.500 milioi urte inguru agertu ziren Lurraren gainean, oxigeno fotosintesi burutzen zuten lehenengo bizidunak izanik. Haiei esker Lurraren atmosferan oxigenoa hasi zen kopuru handitan pilatzen, organismo aerobioen agerpena erraztuz.
Gaur egun ere zianobakterioak, beste alga eukariotoekin batera (diatomeak, dinoflagelatuak eta haptofitoak) dira organismo fotosintetizatzaile nagusiak. Horretaz gain, itsasoko zianobakterioak dira gure planetaren nitrogeno-finkatzaile garrantzitsuenetarikoak.
Erreferentziak
- Euskalterm: [Akuikultura Hiztegia] [2015]
- Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2011]