Zeruaren aginpidea

Zeruaren aginpidea (txineraz, 天命 , pinyin: Tiānmìng) edo Zeruko mandatua Txinako historiako kontzeptu politikoa da. Zhou dinastiarekin hasita hurrengo dinastia inperialetako agintarien erregealdia legitimatzeko eta laguntzeko erabiltzen zen subiranotasunare, kontzeptu tradizionala izan zen. Kontzeptu horren arabera, zeruak bedeinkatzen du agintari justu eta bertutetsuaren agintea, errege izateko aginpidea emanez. Hala ere, agintari ustela eta bidegabe bati agintea kendu zekiokeen, meritu gehiagoko agintari bati emanez. Uholdeak eta goseteak bezalako kataklismoak, halaber, Zeruaren aginpidea galdu izanaren seinale gisa interpreta zitezkeen. Aginpideak ez zuen denbora-mugarik, baina agintariari zentzuz eta bertutetsu jokatzea eskatzen zuen.

Zeruaren aginpideaz hitz egiten duten lehen dokumentu idatziak Zhou dukeari dagozkionak dira, Wu erregearen anaia gaztea eta Zhou Cheng erregearen semearen erregeordea. Zeruko Mandatuaren nozioa Mentziok bere idazkietara eraman zuen- Konfuzioren ondoren bigarren pentsalaritzat hartua delarik Mentzio, pisua izan du ideiak pentsamendu politiko txinatarrean harrezkero.

Desberdintasunak Europako monarkiekin

Zeruaren aginpidea Europan ohikoa izan den erregeen jainkozko eskubidearen antzeko kontzeptua da, botere monarkikoa Jainkoaren borondatearen agerpen gisa legitimatu izan delarik Mendebalde kristauan.

Ezberdintasun nagusia da Zeruko Mandatuak agintari bidegabea tronutik kentzea ahalbidetu zuela da. Bi sistemetan matxinada bidegabetzat hartzen zen, baina Txinako pentsamenduan, tiranoaren aurkako matxinada arrakastatsua Zeruko Mandatua beste eskuetara igaro zelako frogatzat hartzen zen.

Aginpidea, Europako zein Txinako bi kasuetan, odol-lerroz transmititzen da halaber, dinastietan jarraipena ziurtatzen baita; baina Txinan odol-garbitasunaren kontzeptuak edo oinordetza zuzenaren inportantziak ez du Europako noblezia eta aristokrazia kontzeptuekin parekiderik: Txinako enperadore legitimoak ez zuen zertan jaiotza noblea izan behar; izan ere, Han eta Ming bezalako dinastia indartsuak jaiotza arrunteko gizonek sortu zituzten.

Erreferentziak

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, italierazko wikipediako «Mandato del cielo» artikulutik itzulia izan da, 2019-09-24 data duen 107887154 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2019-09-24 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.