Zelta Tigrea
Zelta Tigrea (irlanderaz: TÃogar Ceilteach, ingelesez: the Celtic Tiger) 1990eko hamarkadatik hasi eta 2001 arteko Irlandako Errepublikaren hazkunde ekonomiko azkarra izendatzeko erabili ohi den ezizena da. Zentzu zehatzean, garaia (Zelta Tigrearen urteak) eta herrialdea izendatzeko erabiltzen da izendapena. Orain dela gutxi, komunikabideetan Zelta Tigrea 2 (Celtic Tiger 2) izendapena agertu da; horrekin, 2004 urtetik aurrera herrialdearen BPG % 5 hazi zela adierazten da. Hori zela eta, Irlandako Errepublikako Per capita Barne Produktu Gordina Europar Batasuneko bigarren handiena izan zen.
Celtic Tiger esaera lehenbiziko aldiz 1994ko abuztuan Morgan Stanleyk eginiko txosten batean agertu zen. 1980ko hamarkadan zehar, Hego Korea, Singapur, Hong Kong, Taiwan eta Ekialdeko Asiako zenbait herrialdek izandako hazkunde bizkorraren ondorioz irabazitako "Asiar tigreak" (edo "Asiar herensugeak", bestela) ezizenaren analogia bat dela pentsa daiteke. Zelta Tigrearen ekonomiari Booma edo irlandar mirari ekonomikoa izenez ere ezagutzen da.
Zelta Tigrea (1996-2001)
Zelta Tigrearen aurreneko aroa 90. hamarkadatik hasi eta 2001eko nazioarteko atzeraldi ekonomikoraino doa. 1991 eta 1993 artean, irlandar ekonomia batez besteko urteko % 6,8a hazi zen: horrek berarekin bat eta ondorio gisan, irlandar bizimoduaren hazkunde ikusgarria ekarri zuen, gainontzeko Mendebaldeko Europako estatu askoren bizimoduaren maila gainditzeko punturaino. Hazkunde tasa handiena 1999koa izan zen: urte haretan BPG % 11,1 hazi zen. Hori 1998 eta 1997 urteetako % 8,7 eta % 10,8ko igoeren ondoren izan zen. Halere, hazkunde tasa maila handi hori gertatu arren, 2001, 2002 eta 2003 urteetan zehar ekonomia % 6 inguru haziz segitu zuen.