Zekale
Zekalea (Secale cereale) landare monokotiledoneoa da, urterokoa, gramineoen familiakoa, eta bere aleagatik edo bazka landare bezala landatzen dena. Ondo jasaten du lurzoruaren azidotasuna.
Zekale | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Poales |
Familia | Poaceae |
Leinua | Triticeae |
Generoa | Secale |
Espeziea | Secale cereale (L.) M.Bieb.
|
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | zekale eta rye bran (en) |
Elikaduran erabilpena
Gariaren familiako zereala da, eta garagarrarekin estuki lotua dago. Zekalearen alea, irina egiteko erabiltzen da. Zekalearen irina horia eta lurrintsua da, balio dietetiko handikoa eta zapore berezikoa, eta iraupen luzekoa da.
Zekale irin hutsez eginiko ogia marroi iluna da, mingotsa, malgutasun urri eta uki latzekoa, eta luze irauten du. Gluten gutxiago ere badu. Baina ogi mora hori ez da izaten gaurko kontsumitzaile estandarraren gustukoa (“ogi beltza” esango lioke) eta horregatik gari irinarekin nahasi ohi da sarri, erabiltzekotan[1].
Edari alkoholikoak egiteko baliatzen da zekalea, gordinik edo maltatuta, pattar eta whiski batzuk egiteko.
Ganaduarentzako bazka bikaina da, landareak 1,60 metroko altuera hartzen duelako, eta lastoa jangarria dute animaliek.
Historia
Zekale etxekotuaren lehen erabilera, seguru asko Paleolito berantiarrean eman zen, Abū Hurayran (gaur egun, presa baten ondorioz urpean dagoen muinoa) Eufrates ibaiaren haranean (Siria iparraldean).
Zekalearen izenak
Zekalearen euskarazko izena zuzenean latinetik dator (secale), eta etimologikoki lehorrera ondo egokitzearekin izan dezake harremana. Inguruko hainbat hizkuntzatan ere antzeko termino latinoak erabiltzen dira: segal (okzitanieraz), seigle (frantsesez), sègol (katalanez) eta segale (italieraz), ez ordea Iberiar penintsulako beste hizkuntza batzuetan: centeno (gaztelaniaz), centeo (galizieraz), centeio (portugesez). Kasu honetan ere latinetik dator, hordeum centenum esamoldetik, esan nahi baita, batetik ehun ematen duela, oso zereal emankorra delako[2].
Europako beste hainbat hizkuntzatan, erro indo-europar batetik dator zekalearen izena: rye (ingelesez), rozh (errusieraz), Roggen (alemanez), ruis (finlandieraz)...
Euskaraz, zikirio aldaera ere ezagutzen da, zekaleren erro berekoa, eta jasoa dago Zaraitzun eta Erronkari ainegu, ainagu edo añegu forma[3], hau ere jatorri erromantzekoa: panicum (gari) > paniegu > aniegu.[4]
Zekalea Euskal Herrian
Europa ekialde eta iparraldean ohiko zereala izaki, Euskal Herrian, ordea, oraintsu arte ospe urrikoa izan da gariaren aldean, gosete gorrietan soil-soilik kontsumitu izan baita (agian, mingots samarra izateaz gainera, gariz eginikoa bezain harro ez delako agertzen zekalezko ogia, gluten gutxiago duelako)[1].
Erreferentziak
- Agirre, Edorta. (). «Zekalea - Ase eta Gose» Ase eta Gose (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
- (Ingelesez) «Rye in European languages [3784×2864 • r/etymologymaps»] reddit (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
- «Orotariko Euskal Hiztegia» ww.euskaltzaindia.fr (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
- Morvan, Michel. «añegu - Diccionario etimológico vasco-español-francés-inglés» projetbabel.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).