Zaragozako ituna
Zaragozako ituna 1529ko apirilaren 22an Gaztelak eta Portugalek sinatutako ituna izan zen. Karlos I.a eta Joan III.a ziren garaiko erregeak.
Aurrekariak
1494an, Gaztelak eta Portugalek Tordesillasko ituna sinatu zuten, mundua bi eragin gunetan banatuz eta Ozeano Atlantikoaren erdian zegoen meridianoak mendebaldea Gaztelari eman zion ekialdea Portugalentzako zen bitartean.
XVI. mendean, portugaldarrak Ekialdeko Indietara iritsi ziren Afrika inguratuz eta Indiako ozeanoa zeharkatuz.
Beranduxeago, Portugal Espezierian, Moluka uharteak, ezarri zen. Uharte hauek ziren espezia ekoizle garrantzitsuenak (iltzea, piperra, kanela eta intxaur muskatu)a eta horixe zen garai hartan bidaiak egiteko arrazoi nagusienetako bat.
Magalhães-Elkanoren espedizioa (1519-1522) Moluka uharteetara mendebalderantz bidaiatuz iritsi ondoren, Karlos enperadoreak beste espedizio bat bidaltzea erabaki zuen han Gaztelako indarrak ezarri nahian. Horrelaxe bidali zuen García Jofre de Loaisaren espedizioa . Espedizio hau Moluketara iritsi zen eta Tidore sortu zuen. Bertan aurrez ezarrita zeuden portugaldarrekin liskarretan hasi ziren eta gaztelauak alderdi txarrena jasan zuten.
Tordesillasko meridianoa garbi zegoen, baina antimeridianoa zaila zen zehazten garaiko tresnekin. Egiterik izan balitz, Molukak eta Filipinak berak ere Portugalen aldean zeudela garbi ikusiko zen, baina ez zuten sekula argitu.
1524an, Badajoz-Elvaseko Batzordea egin zuten, baina bilera batzuen ondoren, ez zuten soluziorik aurkitu.
1526ko martxoaren 11n, Karlos enperadorea Elisabet Portugalgoarekin ezkondu zen eta bi koroak elkartuta ziruditen, Molukei buruzko akordioa ere ahalbidetuz. Enperadoreak ez zuen Portugalekin arazorik nahi eta, gainera, ez zekiten Moluketako espeziak Europara nola eraman Ekialderantz bidaiatuz (Andres Urdanetaren itzulbidaia 1565 arte ez zen gauzatu).
Akordioa
Itunak Portugal eta Gaztelaren eragina Moluketatik ekialdera 297,5 legoatara ezarri zuen, Mendebaldeko 135 meridianoa.
Zaragozako itunaren arabera, Moluka uharteak portugaldarren esku geratu ziren. Portugalek uharte haien gaineko eskubideak erosi zizkion Gaztelari 350.000 dukat urreren truke. Gainera, itunean klausula bat ere bazen Gaztelako erregeak ezezta zezakeela esanez, beti ere, dirua Portugali itzultzen bazion.