Zamorako probintzia
Zamora Espainiako probintzia bat da. Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoan kokatuta dago, haren ipar-mendebaldean.
Zamora | |||
---|---|---|---|
Gaztela eta Leon | |||
| |||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Gaztela eta Leon | ||
Hiriburua | Zamora | ||
ISO 3166-2 | ES-ZA | ||
Espainiako Gorteak | |||
Kongresuan | 3 / 350 | ||
Senatuan | 4 / 260 | ||
Geografia | |||
41°45′N 6°00′W | |||
Azalera | 10.561 km² Espainiaren % 2,09 | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 197.221 biztanle (2008) Espainiaren % 0,43 | ||
Dentsitatea | 18,7 bizt/km² | ||
Herritarra | zamorar | ||
www.zamoradipu.es |
2006. urtean, probintziak 197.492 biztanle zituen. Hiriburua Zamora hiria da. Beste hiri nagusiak Benavente, Puebla de Sanabria, Toro eta Villalpando dira.
Geografia
Muga hauek ditu: Iparraldean Leon eta Ourense, ekialdean Valladolid, hegoaldean Salamanca eta mendebaldean Alto Tras-os-Montes (Portugal).
Iberiar Penintsulako iparraldeko goi-ordokian dago Zamora. Duero ibaiak alderik alde igarotzen du probintzia, ekialdetik mendebalera. Iparraldetik hegoaldera, Duerora isurtzera doan Esla ibaiak bi zati egiten du Zamorako iparraldea: ekialde zelaia batetik, larre zabalak eta labore sailak dituena, eta mendebal menditsua bestetik, Leongo mendien hego-ekialdea hartzen duena eta Galiziako mendiekin muga egiten duena. Lurralde horretan daude Zamorako mendi garaienak: Pena Trevinca (2.021 m) eta Peña Negra (2.124 m). Mendi horien hegoaldean Sanabriako lurraldea, aintzira asko dituena, eta Terako ibarra, abere hazkuntzarako oso egokia dena, daude. Gainerakoa ordokia da.
Klima kontinentalekoa da Zamora, oso uda beroak ez baditu ere, negu hotzak dituena. Euri gutxi izaten da, 300 mm inguru urtean.
Ekonomia
XX. mendean zehar, 1950. urtetik aurrera, batez ere, biztanle kopuruak behera egin du, jende asko joan baitzen garai hartan Bartzelonara, Euskal Herrira eta Europako beste zenbait herritara lan egitera. Ekonomia nekazaritzan oinarritua da: azukre erremolatxa, laboreak eta, Duero ibaiaren arroan, mahastiak dira gehien lantzen diren gaiak. Lihoa ere egiten da Sanabrian, Alisten eta Carvajalesen. Ipar-mendebaleko mendietan basoa ustiatzen da. Duero eta Esla ibaietan zehar zentral hidroelektrikoak daude. Industria, nekazaritzako gaiak eraldatzera bideratua, Zamoran, Toron eta Benaventen dago bilduta.
Eskualdeak
Udalerriak
- Zamora (hiriburua): 65.575 biztanle (2002).
- Benavente: 17.127 bz.
- Toro: 9.079 bz.
- Fuentes de Ropel: 1.844 bz.
- Morales de Valverde: 1.832 bz.
- Villalpando: 1.677 bz.
- San Cristóbal de Entreviñas: 1.629 bz.
- Puebla de Sanabria: 1.628 bz.
- Villardefallaves: 1.626 bz.
Hizkuntzak
Zamorako hizkuntza nagusia gaztelania da. Halaber, lurraldearen zatirik handienean hizkuntza bakarra ere bada. Hala ere, Zamorako ipar-mendebaldean galiziera nagusi den herri batzuk badira eta, era ahulagoan, galiziera nagusi den zonalde horren ondoan, leonera edo horren arrastoak mantentzen dituzten herri batzuk ere badira.
Zamoran, hortaz, leonerazko hiztun gehienak bizi dira, Sanabria, Benavente, Aliste, Sayago eta Los Arribes eskualdeetan.
Halaber, As Portelas/Las Portillas eskualdean galizierazko hiztunak nagusi dira.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Zamorako Diputazioaren webgunea
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.