Zamartzeko monasterioa
Zamartzeko monasterioa Erdi Aroko monasterio bat da, Nafarroa Garaiko mendebaldeko Sakana eskualdean dagoen Uharte Arakil udalerriko Zamartze herrian kokatua.
Zamartzeko monasterioa | |
---|---|
![]() | |
Kokapena | |
Herrialdea | ![]() |
Probintzia | ![]() |
Udalerria | Uharte Arakil |
Koordenatuak | 42°57′04″N 1°57′54″W |
![]() | |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1140 (egutegi gregorianoa) |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura erromanikoa |
Ondarea | |
Historia
Antzinako Erromaren garaian, Antoninoren Ibilbideak aipatzen du Asturica Augusta eta Burdigala artean (hau da, Astorga eta Bordele artean) bazela Mansio Aracaeli izeneko leku bat[1], Alba pasa eta gero (Durruma) eta Alantonera iritsi aurretik (Atondo?). Aracilum izeneko herri bat zegoen, askotan Uharte Arakilekin identifikatu dena[2]. Hala ere, azken ikerketen arabera[3], bide garrantzitsu honetan Uharte Arakilen zegoena ez zen herri edo hiri bat, baizik eta mansio sinple bat[1].
Identifikazio horretan oinarrituta, Antzinaroan Uharte Arakil baskoien lurraldean zegoela ondorioztatu da. Hala ere, badirudi beranduago Merobaudesek bagaudak garaitu zituenean aipatzen den Aracellinatorum frangit insolentiam Bacaudarum horretako Aracellinatorum ez dela Uharte Arakil, baizik eta Araciel, gaur egungo Corellatik gertu. Hortaz, baliteke Uharte Arakil ez egotea baskoien lurraldean, baizik eta barduliarrenean, Lekunberritik gertu aurkitu den mugarri batean oinarritua[4].
Edonola ere, Mansio Aracaeli hori Veleiatik Pompaelora zihoan galtzadan zegoen[5].
Erdi Aroa
Litekeena da Zamartzen Erdi Aro osoan egotea helburu sakratuetarako erabilitako lur bat, aurkitu diren hilobiak ikusita, baina garai horretako arrasto gutxi aurkitu dira. X. mendean, Zamartze izena aipatzen da Sisebuto apezpikuaren garaian. Izena Sant Marcetik datorkio (San Marko), bertan sortu zen monasterioaren arabera[6]. 1048tik aurrera (aurkitu den txanpon baten urtea) eliza erromanikoa eraiki zen bertan, eta XI. mendetik aurrera jendea hilobiratu zen[1].
Aro garaikidea
1983ko urriaren 26an 3192/1983 Errege Dekretuaren bidez Monumentu Historiko izendatu zuten. Gaur egun ez da elizkizunik ospatzen bertan.
Eraikina
![](../I/Zamartze-elizako-atea.jpg.webp)
Nafarroako Erromaniko Herrikoiaren adibide nabarmena da: esate baterako, bere inguruan dauden San Migel Aralarkoa eta Itxasperriko Santiago eliza, edo urrutiagoko, Artaitz eta Artze herrietako elizak ere. Eraikina lerrokatutako hiru eraikinez osatutako multzo baten zatia da.
- Zamartzeko monasterioa eta eliza, Aiztondo mendia atzean duela..
- Zamartzeko absidea kanpotik eta honen aurrean goi Erdi Aroko hilobiak.
- Zamartzeko elizako hargin marka.
- Zamartzeko Andra Mari elizako kapitel erromanikoa.
- Zamartzeko elizaren barnealdea
Erreferentziak
- Aznar, Rosa María Armendáriz; Pérez, María Rosario Mateo. (2009). «Santa María de Zamartze (Uharte-Arakil). Resultados de la intervención arqueológica» Trabajos de arqueología Navarra (21): 293–317. ISSN 0211-5174. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- Agorreta, María Jesús Pérex. (1990). «En torno a la localización de Aracilus (Navarra)» Hispania antiqua (14): 135–138. ISSN 1130-0515. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- (Gaztelaniaz) Valle de Tarazaga, Francisco José; Bonthorne, Emma. (2016). Santa María de Zamartze Investigación en la necrópolis medieval y la "mansio" romana de "Aracaeli". Trabajos de Arqueología Navarra (28) Separata, 233-243 or. ISBN ISSN 0211-5174..
- Agorreta, M. J. P.; Morales, J. R.. (2011). «Término augustal hallado en Lekunberri (Navarra): estudio preliminar» Trabajos de Arqueología Navarra 23: 5-20..
- Botaya, M.; de los Angeles, M.. (1997). «La red viaria romana en el País Vasco» Isturitz 8: 207-231..
- (Gaztelaniaz) COPE. (2021-12-09). «Viaje a Uharte-Arakil, San Donato, Aralar y Zamartze» COPE (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- «Zamartzeko monasterioa». Sakanako Turismo Bulegoa.
- «Zamartzeko monasterioa». 3digitala. Euskomedia fundazioa]
- Zamartzeko Andre Mariaren Gogarte-etxea