Zamarroak

Zamarroak edo Olaztiko ihoteak ihauteri asteko asteburuan ospatzen dira. Tradiziozko ospakizun hau Zamarroek osatzen dute: Zamar handiek, Zamar txikiek eta Zamar neskek. Haien artean ere Mari Arroka pertsonaia, Olaztiko pertsonaia mitologikoa.

Zamar haundi bat eta bi zamar txikik gurdia bultzatzen

Larunbatean, herri bazkaria egin ondoren, Zamarraundiak, Zamartxikiak eta neskak prestatzen dira kalerik kale ibiltzeko, musikak lagunduta. Segizio honen aurretik herriko alkatea eta alkatesa, auntzaiak, apaiza eta medikua joaten dira. Mari Arroka gurdi baten gainean daramate suzko igitai bat daramalarik, Iratxoez lagunduta.

Zamarroak kaleetara ateratzen direnean jendea izutzen saiatzen dira. Gurdi bat bete lur daramate eta lurra morrozorik gabeko jendeari botatzen diote. San Sebastian baselizara iristean jota dantzatzen dute eta plazara iristean Olaztiko zortzikoa dantzatzen dute. Zamarrandiek eta Zamartxikiek neskak banan-banan hartzen dituzte zortzikoa dantzatzeko.

Olaztiko ihoteak debekatu ondoren, 55 urte beranduago, 1992an berreskuratu ziren ihoteak.

Historia

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Euskal Herriko zenbait herritan animalien larruekin mozorrotzeko ohitura mantentzen da.

Olaztin, beste hainbeste herrietan bezalaxe, gerra garaian desagertu zen ihoteak ospatzeko ohitura. Hasieran gerrarekin berarekin, ondoren, prohibizioneak zirela medio. Olaztiko ihoteak debekatu ondoren, 55 urte beranduago, 1992an berreskuratu ziren ihoteak. Lehen, hiru egun zituzten Olaztiko ihoteek: Lardero Eguna, Domeka Zamar Txiki eguna eta Zamar Haundi eguna. Gaur egun ihauteri asteko Larunbatean ospatzen dira.

Herriko auntzaia Lardero Egunean eskean ateratzen zen, goizean goiz, zesto eta zaku zuri batekin, eta atari batera iristean etxekoandreari deitzen zion. Lukarikia (lukainka), urdai puska, lauzpabost maiz buruak edo dirua ematen ohi zioten auntzaiari, eta honek, bitartean, abestu egiten zuen: «Eskean despeituta gero, bazkaltzera».

Mende hasieran abereak edo ganadua zeukaten familiek —ia herriko gehienak— medikuari, auntzaiari, baizaiei eta basozainei ordaintzen zieten. Urtean bi labore eskeintza egiten zuten. Bata garia zen eta bestea maiza. Erabakitako egunean udaletxean uzten zuten. Udalak garia eta artoa saldu ondoren pertsona horiei zerbitzuak ordaintzen zizkien.

Domeka Zamar Txikiko jaia domeka edo igande arratsaldean ospatzen zen. Gazteak, neskak eta ezkonduak, zamarrez jantzita ateratzen ziren. Zamar jantziek aurpegia beltzez —betunez edo ikatzez— margotzen zuten. Beste batzuek, berriz, ardi baten edo hartz baten maskaraz edo karatulaz estaltzen zuten. Fariak (zintzarriak) eta kamantxilak (kaskabiloak) larruzko lepazaldietan zeramatzaten. Zamar jantziek kaleko haurrak izutzen zituzten eta arrapatzen zutenari aurpegia zikintzen zioten, eskuetan izkuturik zeramaten lokatzaz edo ongarriaz. Ongarri hau zeramaten gurdi batetik hartzen zuten. Plazan, herriko txistulariek ttun-ttuna eta danbolina jotzen zuten Abemarik izan arte. «Abemarik jotzen zenian despeitzen zan musika». Dantza bukatzerakoan karatulak desagertzen ziren eta neskak plazatik joaten ziren. Domeka Zamar Txiki eguna, ofizialki gutxienez, bukaturik zegoen.

Zamar haundi egunean —ihotetako asteartea—, batzuk goizez agertzen ziren maskaraturik, baina ihauteriak arratsaldean animatzen ziren. Orduan kaleak zamar jantzienak ziren, leku guztietara iristen baitziren. Olaztik karnabala edo ihotea bizitzen zuen orduan. Dantza ondoren gazteek etxez etxe dirua eta jana eskatzen zuten danbolinarekin, oihuka, garrasika eta irrintzika. Gazte batek dirurako poltsa zeraman eta beste lauek ongarri zestuak eramaten zituzten jakiak hartzeko. Eskaera honetan dirua, urdaia, maiza, ogia, lukarikia eta tripotiak ematen zizkieten. Hartutako diruarekin eta arto salmentaren diruarekin jaietako gastuak ordaindu, eta sobran gelditzen zena gazteen artean banatzen zuten.

Azken Zamar Txiki eta Zamar Haundiak 1937an ospatu ziren. Azken ihoteetan, Zamar Haundi eguneko arratsaldean konpartsa bat ateratzen zen. Zenbait neskek elizako argizariak gordetzen zituzten saskitxoetan eta dirua eskatzeko erabiltzen zituzten saskitxoak buru gainean jartzeko erabiltzen zituzten, kolorezko zintekin apainduta. Aurpegian zapi txuri bat edo kartoizko karatula bat zeramaten zuloekin (begietan, sudurrean eta ahoan). Bizkarrean burusi bat zeramaten «kapa bat bekela». Abemarik jotzen zenean - atsaldeko elizako otoitza - Zomorro edo zamarroek maskara kentzen zuten eta Olaztiko zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatzen zituzten. Gero desagertu egiten ziren.

Pertsonaiak

Alkatea eta…: Hasteko eta denen aurretik, apaiza, alkatea, alkatesa, medikua, aguazila, auntzaia eta basozainak ateratzen dira.

Zamar haundiak: Hauek lurrez, aintzinean ongarriz, betetako gurdia bultzaka daramate, zamar txikien laguntzaz. Hauen janzkeran bi ardilarru daude; bata aurretik eta bestea atzetik. Atzeko ardilarrura lotuta dago buruan daramaten ipurukoa eta zapi txuri batez gordetzen dute aurpegia. Ardilarruen azpian gonak daramatzate. Eta denek farak edo joareak daramatzate izpiritu gaiztoak uxatzeko.

Zamar txikiak: Aurpegia beltzez zikindurik daramate. Bizkarrean ardilarru bat eta zintzarriak daramatzate. Oso zalapartatsuak direnez, gurditik lurra hartzen dute mozorrik ez daramatenei botatzeko.

Neskak: Lepora loturik eta sorbalden gainean lurreraino iristen den burudi bat daramate kapa bat balitz bezala eta buruan saskitxo bat (garai batean elizara kandelak eramateko edo dirua eskatzeko erabiltzen zena) koloretako zintaz beteta, aurpegia estaltzen diena. Batzuek erratza ere daramate.

Mari Arroka: Mari Arroka (Olaztiko jainkosa mitologikoa) gurdi baten gainean, suzko igitaia eramanez kalerik kale ibiltzen da Mari Arroka, bi Zamar Handik eramanda. Laguntzaileak ere baditu: iratxoak eta sorginak. Olaztiko jainkosaren mitoak dio igitai baten gainean hegaz joaten zela mendi batetik bestera, Aizkorritik Urbasara eta alderantziz, Olaztiko zerua zeharkatuz. Horregatik, gaur egun, Olaztiko ihoteen pertsonaia bihurtu da.

Zamarroak plazan

Ihoteak herriko plazan bukatzen dira, bertan Olaztiko zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatzen dituzte kioskoaren inguruan.


Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.