Zaldi Zuriaren tenplua
Zaldi Zuriaren tenplua (txinera tradizionalez: 白马寺; pinyinez: Báimǎsì), Luoyang hiritik gertu dagoen tenplu budista ezaguna da. K.o. 68. urtean eraiki zenez Txina guztian lehenengo altxatu zen tenplu budista da[1], horregatik "txinatar budismoaren sehaska" kontsideratzen dute sinistunek[2].
Zaldi Zuriaren tenplua | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Txinako Herri Errepublika |
Txinako probintzia | Henan |
Prefektura mailako hiri | Luoyang |
Koordenatuak | 34°43′26″N 112°35′59″E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 68 |
Arkitektura | |
Estiloa | Chinese architecture (en) |
Ondarea | |
Historia
Tenploa 68. urtean eraiki bazen ere, gaur egungo konplexua Ming (1368-1644) eta Qing (1644-1912) dinastietan aegindako berriztatze lanen ondorioa da[3].
Deskribapena
Hainbat eraikin eta patiok osatzen dute tenploa eta guztira 13 hektareatako azalera dauka. Tang dinastia garaian 10.000 monje bizi ziren tenpluan[1].
Sarrera
Ataria hegoaldera begira dauka eta 150 metrotako luzerako arkudun pasabide bat gehitu zaio azken urteetan. Pasabidea eta atearen artean putzu bat dago eta harrizko hiru zubik zeharkatzen dute[4]. Atarian bertan elkarri begira dauden bi zaldi daude. Zaldi hauek harri zuriz egin ziren Song dinastia garaian (960-1279). Monjeak eta izkribu sakratuak ekarri zituzten zaldiak irudikatzen dituzte.
Eraikinak
Tenploaren barruan hainbat eraikin aurkitzen dira:
- "Eraikin nagusia": Hiru estatua handi ditu, erdian Sakyamuni Buda eta alboetan Manjushri eta Samantabhadra. XVI. mendeko kanpai erraldoi bat ere badu, tona batetik gora pisatzen duena.
- "Esker onaren eraikina": Denetan txikiena da.
- "Sei fundatzaileen eraikina": Tenplua sortu zuten monjeen omenezko eraikina da. Chan sektako monjeak ziren denak.
- "Jadezko Budaren eraikina": Myanmarren ezarri ziren txinatarrek 1988an Sakyamuni Budaren jadezko eskultura gordetzeko eraiki zen.
- "Zeruko erregeen eraikina": Konplexuko aurreneko eraikina da. Maitreyaren (Barrez ari den Buda) estatua dauka aurrean.
- "Mahaviraren eraikina": Hiru Buda nagusien estatuak daude.
- "Changing Ge eraikina": 1995 urtean eraiki zen eta antzinako izribuak gordetzen dira bertan.
- "Qiyun pagoda": XII. mendean eraiki zuten eta monjeen bizilekua da. 13 solairu ditu eta 25 metrotako altuera[2].
- "Pilu liburutegia"
Qingliang terraza
Eraikin nagusiaren atzean "Qingliang terraza" aurkitzen da[1]. Banbu baso batek estaltzen du eta Kunlu pabiloia dauka erdian. She Moteng eta Zhu Falan monjeen estatuak nabarmentzen dira eta hauen hilobien aurrean kanpaiaren dorrea eta danborraren dorrea daude.
Iruditegia
- Ataria.
- Zaldi zuria eta ataria.
- Danborraren dorrea.
- Qiyun pagoda.
Erreferentziak
- (Ingelesez) Leffman, David; Lewis, Simon; Atiyah, Jeremy. (2003). China. Rough Guides ISBN 9781843530190. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
- «China — White Horse Temple 白馬寺 - Buddhachannel» www.buddhachannel.tv (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
- Cummings, Joe et al.. (1991). China — A Travel Survival Kit. Lonely Planet Publications. Hawthorne, Vic., Australia. ISBN 0-86442-123-0..
- «White Horse Temple - Luoyang, China» www.sacred-destinations.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).