ZEN plana
ZEN plana edo, gaztelaniaz, jatorrizko izenaz, Plan ZEN (Plan Zona Especial Norte), hau da, euskaraz "Iparraldeko Gune Berezia" Espainiako Gobernuak (PSOE) 1983an ETAri eta oro har ezker abertzaleari aurre egiteko argitara eman zuen plana da.[1] Aldi berean, GAL antolatu eta martxan jarri zuen. Izan ere, Jose Barrionuevo Barne Ministroak aurkeztu zuen ZEN plana komunikabideen aurrean, gerora GALen parte hartzeagatik kondenatuko zuten pertsona berak hain zuzen.
- Artikulu hau Espainiako Gobernuaren planari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zona Especial Norte (diskoa)».
Andres Cassinello Guardia Zibileko generala eta Espainiako armadako kidea izan zen Planaren aitabitxi politikoa. Cassinellok armadako zerbitzu sekretu eta Guardia Zibilaren informazio zerbitzuen sorreran parte hartu eta horietan jarduten zuen. Casinellok, Barrionuevok bezala, GALen antolaketan parte hartu zuen [2]
PSOEk Espainiako Gobernua eskuratu eta hiru hilabetera sartu zen indarrean ZEN Plana, 1983ko urtarrilean, parlamentuaren inongo esku hartzerik gabe. Horren aurretik "ETArekin amaitzeko dekalogoa" ere aurkeztu zuen PSOEko gobernuak 1982ko urriaren 31n. Azkenik, urte eta erdi geroago, 1984ko azaroaren 21ean Espainiako Gorteek plana onetsi zuten, horretarako ia 15.000 miloi pezetako aurrekontua aprobatuz[3].
ZEN planak ordura arte inoiz ez bezala alderdi sozialei emango zien nagusitasuna. ZEN bidez eman zen urratsari biopolitika deitu izan zaio, despolitizazio eta desideologizazioa. "Terrorista gaizkile politikoa izatetik kriminal arrunt" bihurtzen da, planean adierazten denez, eta legearen arabera epaituak izan beharrean, nazio estatuan bizi den ororen etsai biologikotzat hartzen dira, suntsitu beharrekoak. Azpitalde arriskutsuago horien existentziak eremu osoa bihurtzen du potentzialki arriskutsu, eta salbuespen egoera justifikatzen du ingurune horretarako.[4]
ZENek bere helburuak lortzeko berebiziko garrantzia ematen die "ekintza psikologikoei" eta informazioaren manipulazioari, horretan komunikabideen esku hartzeari arreta berezia eskainiz. Honela dio: "Nahikoa da informazioa sinesgarria izatea erabili ahal izateko". ETAren kriminalizazioa ezinbestekotzat jotzen du, eta horretarako Lege Antiterroristan zehaztutako lege-hausteak Kode Penalean sartzea proposatzen du, gerora egingo den bezala.
Kriminalizazioa baina, ezker abertzalearen helburu politikoekin bat datozen sektore guztietara ere hedatzen du. Eta zentzu horretan, PSOEko gobernuak gerra zikinaren atal bat GALen egituraren bitartez bideratuko bazuen ere, beste aldetik gizarte sektore horren kontra zuzenean jardutea proposatzen du, eta abisuak bidali, mehatxatu, ez orduetan telefonoz deitu... eta legez kanpoko ekintza ugari bideratzea proposatzen du, zeharka edo zuzenean proposatu ere.
Zentzu horretan, ZEN planak ondorengo eta gaurko lege eta jokabideen ildoa markatu du eta besteak beste Dena da ETAko printzipio politiko-judizialarekin egin zen 18/98+ auzia da horren adibide garbi bat.
Atalak
Planak 11 kapitulu ditu, 350 orritan jasoak[5]:
1) Hitzaurrea
2) Zuzendaritza eta koordinazioa
3) Legezko neurriak eta jarduera judizialak
4) Informazioa eta ikerketa
5) Ekintza psikologikoa
6) Motibazioak eta pizgarriak
7) Prestakuntza
8) Segurtasuna
9) Aurrekontua
10) Planaren jarraipena
11) Eranskinak
Erreferentziak
- Analisis Plan ZEN. Amnistiaren Aldeko Batzordeak
- El general Casinello encargó el sello de los GAL El mundo
- ZEN planaren aurrekontua El Mundo egunkarian
- Atutxa Ordeñana, Ibai. THE DISCURSIVE CONSTRUCTION OF THE BASQUE TERRORIST. (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
- ZEN planari buruzko berria El Pais egunkarian