Yves Saint Laurent
Yves Henri Donat Dave Mathieu Saint Laurent (Oran, Aljeria, 1936ko abuztuaren 1a- Paris, 2008ko ekainaren 1a) moda diseinatzaile eta enpresaburu frantsesa izan zen, eta Yves Saint Laurent goi-mailako joskintzako arropa markaren sortzailea.
Yves Saint Laurent | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Yves Henri Donat Mathieu-Saint Laurent |
Jaiotza | Oran, 1936ko abuztuaren 1a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Paris, 2008ko ekainaren 1a (71 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: garuneko minbizia |
Familia | |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | goi joskintza diseinatzailea, jantzi-diseinatzailea, enpresaburua, arte bildumagilea, estilista eta margolaria |
Parte-hartzailea
| |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Mugimendua | goi-mailako jantzigintza ready-to-wear (en) |
|
Biografia
Yves Oranen jaio zen 1936an, garai hartan frantziar kolonia zen Aljerian; hiri hartako etxe hoberenetako familia zen berea. Aita, frantses baroi bat zuena bere arbasoen artean, aseguru etxe bateko presidentea zen eta hainbat zinema-aretoren jabea ere bai. Amaren aldeko amona, berriz, espainiarra zuen.
Aljeriatik ikusita, Bigarren Mundu Gerra edo naziek Frantzia okupatzea urrutiko gertaerak izan ziren eta ez zuten Yvesen eta bere familiagan eragin handirik izan.
Haurtzaroan, oso gustuko zuen Molièreren pertsonaiak interpretatzea eta arretaz irakurri ohi zuen ''Vogue'' aldizkaria. Antzerkirako egiten ziren diseinuek erakartzen zuten asko.
Umearen izaera bereziak buruhauste handiak ekarri zizkion eskolan. Han jasandako jazarpenari aurre egin zion bere buruari egunen batean ospe handiko gizon izango zela esanez.
1950ean, Yves gazteak hiru diseinu bidali zituen Pariseko lehiaketa batera. Hirugarren postuan geratu zen eta amarekin agertu zen saria jasotzera. Michel de Brunhoff, Vogueko erredaktore nagusia, harrituta geratu zen Yvesen lanarekin eta Chambre Syndicale de la Couture eskolan ikastea gomendatu zion. Zuzen-zuzen jaso zuen Saint Laurentek aholkua eta, Oranen graduatu ostean, Parisera joan zen ikastera. Hala ere, hilabete bakar batzuk besterik ez zituen pasa, desengainu handia jasan baitzuen han.
1951n, berriro aurkeztu zen lehiaketa eta, oraingoan, garaile suertatu zen, Karl Lagerfeld gazteari aurrea hartu ziolarik. De Brunhoff, Vogueko arduradunak antzekotasun handia ikusi zuen Christian Diorren lanarekin eta honi bidali zizkion diseinuak. Diorrek ikusi bezain pronto, Saint Laurenten gaitasuna ikusi zuen eta bere tailerrera ekarri zuen.
Christian Dior
18 urte zituen Yvesek Dior diseinatzailearekin lanean hasi zenean. Hasiera batean, ez zuen sormenerako aukera handirik izan: estudioa dekoratu, pitxiak diseinatu..., baina, espero zenaren kontra, Christian Diorrek Yves izendatu zuen bere ondorengo etxeko diseinatzaile nagusi lanetan. Saint Laurent eta bere ama harrituta geratu ziren maixuaren erabakiarekin, erretirorako gazteegia baitzen oraingoz. Patuak gauzak bere lekuan jarri zituen, Dior urte berean hil baitzuen infarto batek.
1957an, 21 urteko gaztea Frantziako goi-joskintzako moda-sortzaile gazteena bilakatu zen.
1958ko udaberriko bildumak izugarrizko arrakasta lortu zuen, Diorren New Looka estiloa jarraituz. Arrakasta honek ziurra zirudien porrotetik salbatu zuen Dior firma.
Ez zen beti horrela izango, ordea. Saint Laurentek ondoren sortu zituen diseinuek kritika gogorrak jaso zituzten eta 1960an, Diorrekin egin zuen ibilbidea eten egin zen, soldadutzara joan beharrean izan zelako, Aljeriako independentzia gerra garaian. Diorren jabea zen Marcel Boussacen laguntzarekin, Yvesek ekidin izan zion bere garaian soldadutzara joan beharrari eta, Boussacek berak eragin zuela oraingo derrigorra ere badio zenbaitek, bere etxetik bota nahi zuelako, alegia.
Oranekoak 20 egun besterik ez zituen iraun armadan. Kideek egindako irainek stress krisialdi larria eragin zioten eta ospitale militarrean sartu zuten. Hantxe jakin zuen Dior etxeak ez ziola lana gordeko eta, bere egoerak okerrera egin zuenez, Val-de-Grâce psikiatrikoan sartu zuten. Terapia bortitzak erabiltzen zituzten etxe hartan eta Yvesk electroshocka jasan behar izan zuen, eta lasaigarriak eta drogak barra-barra. Bizitza osorako sekuelak piztuko zizkion esperientzia hark.
1960ko bukaera aldera, Saint Laurentek psikiatrikoa utzi zuen eta, Parisera itzuli zenean, bere ordezkoa Dior etxean Marc Bohan zela ikusi zuen. Bere lagun Pierre Bergéren laguntzaz, Yvesek enpresa demandatu zuen, kalte moralak eragin zizkiola-eta, eta jaso zuen diruarekin eta Atlantako J. Mack Robinson enpresaburuaren laguntzarekin bere etxe propioa sortu zuen.
YSL fundazioa
Urte berean atera zuen lehenengo bilduma, Ligne Trapéze, eta izugarrizko arrakasta izan zuen segituan. Enpresaren irudia eta logotipoa (YSL hizkiak bat bestearen gainean agertzen diren anagrama) Cassandre diseinatzaile grafiko frantsesak sortu zuen 1961ean eta, gaur egun, berdina darabilte oraindik.
Pierre Bergér pertsona klabea izan zen Yvesek horrelako enpresa bat martxan jartzeko. 1976an, bikotekide izateari utzi bazioten ere, etxe berean jarraitu zuten bizitzen eta elkarlenean aritu ziren beti. Bergé funtsezko laguntza izan zen, bai Yvesen sormenerako eta baita noizen behin etortzen zitzaizkion krisialdiak baretzeko ere.
60ko hamarkadan atera zituen bildumek smokinga sartu zuten emakumearen jantzian eta YSLen prêt-à-porter bilduma osatu zuten era berean. Linea honetan lan egin zuen goi-joskintzako lehen artista izan zen. 1966an inaguratu zuen prêt-à-porter komertzializatu ahal izateko lehen lokala. Era berean, bera izan zen desfiletan arraza beltzeko modeloak sartu zituen lehena.
Yvesen diseinuek kritiko guztien arreta erakartzen zuten. 1966ko udazkeneko desfilea Mondrianen inspiratu zen eta oihartzun ikaragarria izan zuen. Hala ere, okerreko kritikak ere izan zituen; 1971n, Saint Laurentek 40ko hamarkadan inspiratutako bilduma bat eskaini zuen eta kontrako erreakzio ugari izan ziren, ezagutu ez zuen nazien okupazioa goresten zuela ulertu baitzuten askok.
Besteak beste, Cyrano de Bergerac edo The Pink Panther filmetako dekoratuak eta jantziak diseinatu zituen eta Catherine Deneuve bihurtu zuen ikono eta musa.
Arrakastaren alde txarra ere bereganatu zuen, goi-joskintzako eta prêt-à-porter ekoizpenek bikoiztu egiten baitzuten lana eta stressari ezin eutsirik ibili zen, alkohola eta drogak ohiko egin zituelarik.
1987an etorri zitzaion beste eraso andana, New Yorkeko desfilean; 100.000 dolar balio zuten aplikazioak erantsi zizkien txamarrei, egun batzuk azkarrago hiriak finantza krasha jasan zuela kontuan izan gabe eta asko kritikatu zioten hura. Orduz gero, prêt-à-porter diseinua bere laguntzaileengan uzten joan zen eta arrakasta jaisten joan zen arlo honetan.
Iskamilak ez ziren bukatu, ordea. Saint Laurent firmak gizonezkoentzako perfume bat promozionatzeko modelo bat erabili zuen, bilutsik aurrez-aurre. Sekula ikusi gabeko irudia zen hori eta denen ahotan egon zen.
Yvesen bizitza pribatuak ere ospe handia hartu zuen; Studio 54 bezalako diskoteketan ibiltzen zen eta kokaina kontsumitzen zuen aldiro. Drogak alboratu zituenean, beste adikzio berri batek hartu zuen: Coca-Cola. Balizko amoranteek ere jendearen arreta pizten zuten behin eta berriro, bere lagun Pierre Bergé beti sostengu izan bazuen ere, bai arlo pertsonalean eta baita enpresan ere.
Saint Laurent eta Bergék arte bilduma garrantzitsua egin zuten bere Pariseko Babylon kaleko luxuzko etxean; asko lagundu zuen Opium perfumeak izan zuen arrakasta ekonomikoak, munduko salduena izan baitzen. Obra ugari erosi zuten:
- Rockefeller familiarena izan zen Goyaren erretratua, El niño don Luis María de Cistué.
- Constantin Brancusiren egurrezko eskultura bat (Gaur egun, 3 bakarrik geratzen dira jabetza pribatuan).
- Frans Hals, Cornelis de Vos, Ingres, Géricault, Picasso, Fernand Léger, Giorgio de Chirico, Édouard Vuillard, Edvard Munch, Matisse edo Mondrianen pinturak.
- Manet, Paul Klee, Paul Gauguin, Degas, Toulouse-Lautrec, Alberto Giacometti edo Cézanneren marrazki eta akuarelak...
Geroago, bikoteak arteak hartu zuen prezioekin ezin zutela erosten jarraitu esango zuen.
Artearekin zuen debozioak Mondrian, Picasso edo Braqueri omenaldiak egitea eraman zuen, haien lanak bere soinekoetan agertuz. 2008ko otsailean, A Coruñan egindako erakusketa batek hauxe erakutsi zuen, Yvesen lana eta hura inspiratu zuten arte lanak erakutsiz.
2002ko urtarrilean, Yves Saint Laurentek moda diseinua eta pasareletatik erretiratzeko asmoa agertu zuen. Momentuko modak dezepzioa eragin ziola esan zuen eta diruzaletasunak artea alboratzen zuela.
Heriotza eta ondasunen enkantea. Etorkizunerako eragina
2008ko ekainaren 1ean hil zen Yves Saint Laurent Parisen burmuineko minbiziak. 71 urte zituen. Egun batzuk lehenago, Pierre Bergérekin ezkontza zibila egin zuen urteetan izan zuten harremana ofizializatuz. 1992az geroztik aparte bazeuden ere, lagun izaten jarraitu zuten eta oinordetza ziurtatu nahi zuten nonbait.
Yvesen hiletak ez ziren nolanahikoak izan. Hantxe izan ziren Nicolas Sarkozy, Frantziako presidentea, eta bere emaztea, Carla Bruni, YSL firmarako urte askotan lan egindako modeloa. Valentino, John Galliano, Jean Paul Gaultier, Claudia Schiffer, Catherine Deneuve edo Farah Diba bezalako pertsona ospetsuak ere ez ziren faltatu.
Diseinatzailea hil eta gero, arte kolekzioa sakabanatzeko arriskuan zegoen. Bergéren hitzetan, bilduma hura bien artean egindako proiektua zen eta, Yves hil eta gero, zentzua galdu zuen mantentzeak. Christie's firmak Pariseko Grand Palais delakoan egin zuten enkantea otsailaren 23tik 25era bitartean. 733 loteetatik 730 saldu zituzten eta 373 milioi euro bildu. Lehen aipatu dugun Goyaren erretratua ez zen enkantean sartu, Louvreko Museoarentzako donazioa izan baitzen. Era berean, Andy Warholen hainbat obra (Yves eta bere txakurraren erretratuak) Bergéren eskuetan geratu ziren. Aipatzekoa da, enkantean saldu gabe geratu zen obretako bat Picassoren Instrumentos de música sobre una mesa izan zela, balorazio altuenetakoa zuen pintura.
2009ko maiatzean, Nicolas Sarkozy eta Carla Bruni Saint Laurent eta Bergék Babylon kalean zuten etxea erostekotan zebiltzeneko zurrumurrua zabaldu zen.
Saint Laurent izan zen museo batean erakusketa egin zuen lehen moda diseinatzailea; New Yorkeko Metropolitan Museumean.
Yvesen lanak Pierre Bergé Yves Saint Laurent Foundation izena duen fundazioan jarraitzen du.