Yolanda Barcina

Yolanda Barcina Angulo (Burgos, 1960ko apirilaren 4a) Nafarroako Gobernuko lehendakaria izan zen 2011 eta 2015 bitartean. 1999 eta 2011 urteen bitartean Iruñeko alkatea izan zen. Lehendakari kargua uztearekin batera, politikagintza profesionala ere utzi zuen, eta gaur egun Telefónicaren esku dagoen enpresa batentzat lan egiten du.[1] Jose Vallejo arkitektoarekin ezkonduta dago, nahiz eta 2010ean banandu ziren, eta Óscar izeneko seme bat dute.

Yolanda Barcina

Nafarroako Gobernuko lehendakari

2011ko uztailaren 1a - 2015eko uztailaren 22a
Miguel Sanz - Uxue Barkos

Nafarroako parlamentari

2011ko ekainaren 15a - 2015eko ekainaren 16a
Hautetsia: Nafarroako Parlamentuko VIII. legealdia

Nafarroako parlamentari

2011ko maiatzaren 22a - 2015eko ekainaren 16a
lehendakari

2009 - 2015
Miguel Sanz - José Javier Esparza

Iruñeko alkate

1999ko uztailaren 4a - 2011ko ekainaren 11
Javier Chourraut - Enrique Maya
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakYolanda Barcina Angulo
JaiotzaBurgos, 1960ko apirilaren 4a (63 urte)
Herrialdea Espainia
Familia
Ezkontidea(k)Manuel Pizarro Moreno  (2016ko abenduaren 26a -
Hezkuntza
HeziketaNafarroako Unibertsitatea
Hezkuntza-mailadoktorea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, unibertsitateko irakaslea eta farmazialaria
Enplegatzailea(k)Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa
Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Euskal Herriko Unibertsitatea
Nafarroako Unibertsitatea
Jasotako sariak
KidetzaFarmaziako Errege Akademia
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Nafar Herriaren Batasuna

Bizitza

Burgosen jaio bazen ere, txikia zelarik gurasoak Portugaletera joan ziren bizitzera, ama bizkaitarra baitu. Hamazpi urte zituela, Botika ikastera aldatu zen Iruñera, Nafarroako Unibertsitatera. 1984an farmaziako doktorea izatera iritsi zen unibertsitate horretan eta bere tesia aparteko saria izan zen. 1988an, plaza lortu zuen irakasle titular moduan Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. 1990ean, Euskal Herriko Unibertsitatera joan eta Farmazia Fakultateko dekano-ordea izan zen. Hurrego urtean, 1991n, Nafarroako Unibertsitate Publikoko elikagaien teknologia sailean sartu zen, eta 1993an, elikadura eta bromatologiako katedra eskuratu zuen unibertsitate horretan. 1995etik 1996 arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeaketa akademikoko errektoreordea izan zen. Gerora ere, hango gizarte kontseiluko kidea izan da.[2]

Jarduera politikoa

Politikagintzan 1996ko irailean hasi zen, independente moduan baina UPNren eskutik, Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Saileko kontseilari izendatu zutenean, Miguel Sanz Sesma buru zuen Gobernuan. Kargu horretan Nafarroako Gobernuan parte hartu duen lehen emakumea izan zen.[2]

Iruñeko alkatea

Hurrengo hauteskunderako, 1999an, UPNko Iruñeko zerrendaren buruan kokatu zen, nahiz eta 2000 arte alderdira ez afiliatu. Iruñeko alkatetza lortu duen lehendabiziko emakumea izan da. 2003ko hauteskundeetan, polemikak polemika, berriro irabazi zuen, gehiengo osoa lortzeko zinegotzi bat falta bazitzaion ere. CDNrekin batera osatu zuen gobernua 2007 arte.

2007ko hauteskundeetan zinegotzi kopuru berbera lortu zuen baina CDNk bere bi karguak galdu zituen. Hala ere, boterean segitu zuen 2007-2011 legegintzaldian, PSNren abstentzioari esker, horiek Uxue Barkos (Nafarroa Bai) alkate izan zedin eragotzi zutelako EAE-ANVrekin batera ez bozkatzearren.

Alkate kargu medio, Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioko Batzorde Betearazleko batzordekidea izan da eta Kontseilu Federaleko kidea. Halaber, Udalerri arteko Lankidetzako Iberoamerikako Erakundeko (OICI) eta Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen Erakundeko (IULA-FMCU) kidea izan da.[2]

2009ko apirilaren 19an, UPNko lehendakari hautatu zuten.

Nafarroa Garaiko lehendakaria

Yolanda Barcinari egindako tarta zaflada, Pauen (2011ko urria)

2011ko maiatzean hauteskundeak egin ziren Nafarroako Parlamenturako. UPN alderdirik bozkatuena izan zen eta 19 eserleku erdietsi zituen, aurrekoan baino 3 gutxiago. PPk, 1987z geroztik bere izenarekin aurkezten zen lehendabiziko aldian, 4 lortu zituen. Emaitza horien ondorioz, UPNk eta PSNk gobernu hitzarmena adostu zuten, eta Yolanda Barcina Nafarroako lehendakari izendatu zuten, PSNko Roberto Jimenez lehendakariorde zuela. Kargu hori eskuratu zuen lehendabiziko emakumea da Yolanda Barcina.

2011ko urrian, Tolosa Okzitaniako bilkura ofizial batean hiru tarta bota zizkioten aurpegira, AHTaren aurkako protesta ekintza batean.

2012ko ekainaren 14an, Yolanda Barcinak Roberto Jimenez lehendakariordea gobernutik egotzi zuen, leialtasunik gabe jokatu zuela leporatuta.[3] Berehala, PSNko bi kontseilariek (Anai Astiz eta Elena Torres) dimititu zuten. Gobernu hitzarmena modu horretan hautsita, UPNk ez zuen behar adina eserleku Parlamentuan legerik aurrera eramateko. Hartara, 2013ko aurrekontuak 2012tik luzatu ziren.

Testuinguru horretan, CANeko dieten eskandalua zabaldu zen. 2013ko martxoan jakinarazi zen Yolanda Barcinak eta Miguel Sanzek, besteak beste, 2010eko abuztutik 2011ko ekainera arte dieta bikoitzak kobratu zituztela egun berean CANeko Sortzaileen Batzorde Iraunkorrean, bi bileraren artean tarte bat utzita. Eskandalua dela eta, Yolanda Barcinak adierazi zuen dietak itzuliko zituela[4] eta Parlamentuak dimititzeko eskatu zion martxoaren 11n.[5]

Barcinak ez zuen dimititu. Handik egun batzuetara (martxoaren 17an) UPNk egin zuen IX. Batzarrean, Alberto Catalan presidenteordearekin lehiatu zen Yolanda Barcina alderdiko presidentetza lortzeko, aurreko asteetan hautagaitza bakarra aurkezteko ahaleginek porrot egin ondoan. Eskandalua gorabehera, Barcina atera zen garaile tarte txiki bati esker.[6]

2014ko azaroaren 10ean, Yolanda Barcinak adierazi zuen ez zela berriz izango Nafarroako gobernuko presidentea. Uko egin zion 2015eko foru hauteskundeetan UPNren zerrendaburua izateari.[7][8]

Enpresa handi bateko aholkulari

Lehendakari kargua uztearekin batera, politikagintza profesionala ere utzi zuen, eta gaur egun Telefónicaren esku dagoen enpresa batentzat lan egiten du.[1]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak


Aurrekoa
Javier Chourraut (CDN)
Iruñeko Alkatea

1999 2011
Ondorengoa
Enrique Maya (UPN)
María ChiviteUxue BarkosYolanda BarcinaMiguel SanzJavier OtanoJuan Cruz AlliGabriel Urralburu
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.