Jihad

Jihad[1] (arabieraz: جهاد‎, ǧihād) Islamaren oinarrizko kontzeptu bat da, euskaraz ahalegina hitzaz itzul litekeena. Hitza Koranean "Jainkoaren bideko ahalegina" formula gisa agertu ohi da.

Jihada sinbolizatzen duen bandera.

Garrantzitsua da ulertzea Islamak, beste erlijio batzuek ez bezala, ez duela bere helburuak lortzeko bide gisa pasibotasunik eta otzantasunik predikatzen, ekintza baizik. Horregatik, askok jihada Islamaren seigarren zutabetzat jotzen dute; hala ere, "Islama defendatzen" dela esatea oso anbiguoa da, bai helburuetan bai metodoetan: praktikan hitz horrek gauza asko biltzen ditu.

Islamaren, musulmanen edota haien herrialdeen defentsak kanpoko etsai baten aurkako "Guda Santu" edota borroka militar izaera har dezake. Jihadaren alderdi militarra Koranean eta Islamaren historia osoan agertzen da, baita musulmanen artean ere, berez honek zilegitasunik eduki behar ez lukeen arren. Legegizon klasikoek oparo arautu zituzten bide honen baliabide eta mugak (adinekoei, emakumeei, haurrei, gatibuei, apaizei eta tenpluei errespetua, etab...). Baina jihada bakearen predikazioa, Islamaren dialektikaren defentsa, musulmanak ez direnei doktrina islamdarra azaltzea, etab. ere bada.

Teoria klasikoak, batez ere moralista eta mistikoen artean, lehen aipaturiko borroka zuzena "jihad txikia" dela jotzen du; "jihad handia" norberaren barnean Islama defendatzea izango litzateke, hau da, norbanakoaren edo komunitatearen borroka espirituala. Gaur egun, erregimen musulman askok jihad hitza garapen ezaren, gosearen eta analfabetismoaren aurkako borrokari erreferentzia egiteko erabiltzen dute. Jihad kontzeptua hain zabala da ezen askotan edozein politika edota borrokari zilegitasuna erabiltzeko erabiltzen den.

Jihada praktikatzen dutenei mujahidin deritze, nahiz eta praktikan termino hori borroka armatuari ekiten diotenak izendatzeko erabiltzen den.

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.