Yersiniosi
Yersiniosia Yersinia enterocolitica bakterioak eragindako hesteetako patologia da (enterokolitisa), zoonosi bat dena (animaliengandik gizakiengana transmititzen den gaitza). Ur edo janari kutsatuen bidez (pasteurizatu gabeko esnea, ostrak eta -batez ere- txerri haragia edo txerrikien bidez) harrapatzen da [1].
Yersiniosi | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | infekzio bakteriano primarioa, Enterobacteriaceae infectious disease (en) geonosis (en) |
Espezialitatea | infektologia |
Arrazoia(k) | Yersinia enterocolitica |
Sintoma(k) | sukarra, beherakoa, tripako mina, pozoitzea, hotzikara, buruko mina, mialgia, artralgia, Faringitisa, Negela, hepatomegalia, apendizitisa, mesenteric adenitis (en) , Gastroenteritisa, Eritema nodularra septizemia |
Patogenoaren transmisioa | fecal–oral route (en) |
Azterketa medikoa | kultibo mikrobiologiko, miaketa fisiko, Hemograma, ziztada lunbar, ELISA Polimerasaren kate-erreakzioa |
Honen izena darama | Yersinia eta Alexandre Yersin |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | Ziprofloxazino, pefloxacin (en) , zeftriaxona eta doxiziklina |
Identifikatzaileak | |
DiseasesDB | 14218 |
MeSH | D015009 |
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Europan yersiniosi kasuak areagotzen ari dira azken urteotan. Belgikan eta Alemanian, esaterako, Yersinia enterocoliticak Shigellak baino gastroenteritis gehiago sortzen ditu. Yersiniosiaren kasuak ugariagoak dira lurralde hotzetan beroetan baino (Europako iparraldean, adibidez) [2], bakterio eragilea hobeto hazten baita tenperatura bajuetan.
Yersiniosiak ume txikiak -batik bat- jotzen ditu.
Infekzioa
Yersinia enterocolitica animalien digestio-aparatuan bizi ohi da. Gizakia kutsatzen da animalien okela edo esnea hartzerakoan (pasteurizatu gabeko esnea edo sukaldean oso gutxi kozinaturiko haragia jaterakoan). Txerrien okela, batez ere, arriskutsua da oso gordin jaten denean.
Infektatzen duenean, Yersinia enterocolitica erraz atxikitzen da heste-epiteliora, eta enterotoxina bat ekoizten du, termoegonkorra, sindrome diarreikoa eragiten duena. Antza, bakterioak plasmido bati zor dio bere birulentzia (plasmidodunak ez diren anduiak ez baitira patogenoak).
Sintoma klinikoak eta tratamendua
Umeengan bakterio patogenoak beherakoak, sukarra eta sabeleko mina eragiten ditu (gorozkiak odoltsuak izan daitezke). Mina oso bortitza da batzuetan, eta apendizitis batekin nahas daiteke. Hainbat kasutan bakteriemia, adenitis mesenterikoa eta poliartritis erreaktiboa agertzen dira[3].
Gaitza berez sendatu ohi da eta gehienetan ez du antibiotikorik behar. Bakteriemia, adenitis mesenterikoa edo beste konplikazioren bat agertuz gero tratamendu antibiotikoa, aldiz, ezinbestekoa da (doxiziklina).
Gizabanako eramaileak (bakterio patogenoa haien heste lodian dutenak gaitzaren sintomak eduki gabe) oso arriskutsuak dira janariak manipulatzen dituztenean, eta yersiniosi kasu batzuen jatorrian daude (beste hainbeste gertatzen da Salmonella bakterioaren eramaileekin ere)
Erreferentziak
- Ingraham, J. eta Ingraham, C. Introducción a la Microbiología vol. 1, Ed. Reverté, 565 orr.
- Bourgeois, CM; Mescle, JF; Zucca, J: Microbiologia alimentaria", vol. 1, 122-127 orr, ed. Acribia
- Basaras, Miren; Umaran, Adelaida. Mikrobiologia medikoa. EHU, 198 or. ISBN 84-8373-658-6..