Yásnaya Elena Aguilar Gil
Yásnaya Elena Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Oaxaca, 1981eko urriaren 16a) hizkuntzalaria, idazlea, itzultzailea, hizkuntza-eskubideen aldeko ekintzailea eta ayuujk hizkuntza gutxituko ikertzailea da[1]. Hizkuntza aktibista da eta desagertzeko arriskuan dauden hiztunen beharrei erantzuteko proiektuak garatzen ditu. Lan-hizkuntza ditu ayuujk edo mixe hizkuntza, baita gaztelania eta ingelesa ere.
Yásnaya Elena Aguilar Gil | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | San Pedro y San Pablo Ayutla (udalerria), 1981eko urriaren 16a (42 urte) |
Herrialdea | Mexiko |
Hezkuntza | |
Heziketa | Faculty of Philosophy and Literature, UNAM (en) |
Hizkuntzak | Mixean (en) gaztelania ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | hizkuntzalaria, idazlea, investigator (en) , itzultzailea eta language activist (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Biografia
Hisparianiar hizkuntza eta literatura ikasketak egin zituen Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) Filosofia eta Letren Fakultatean eta 2004an lizentziatu zen. Ondoren, hizkuntzalaritza hispanikoko master bat egiten jarraitu zuen UNAMen bertan. Unibertsitatean hizkuntzarekiko interesa piztu zitzaion eta horregatik ekin zion hegoaldeko mixe altua edo ayuujk deitzen den hizkuntzaren, alegia bere ama-hizkuntzaren, gramatika ikertzeari.
2011z geroztik, "Este País" aldizkariko kolaboratzailea da eta Ayuujk blogaren egilea. Bertan hausnarketa egiten du gaur egun indarrean dauden hizkuntza-politiken inguruan, bere ustez hizkuntza-politika horiek jatorrizko hizkuntzetako hiztunak ama hizkuntza alboratzera behartzen dituztelako. Blogean literaturan eta esperientzia pertsonaletan oinarritutako gogoetak egiten ditu, hau da kultura-politika homogeneizatzaileak nagusi diren ingurune batean jatorrizko hizkuntza bateko hiztun eta aditu izatearen esperientziari buruz aritzen da.
2018an, Gobernu Kontseilu Indigenara gonbidatu zuten, zapatisten lurraldean hitzaldi bat emateko Marcos komandanteordearen aurrean[2].
Oaxacako Juan de Córdova Ikerketa Liburutegiko Kultura eta Ekitaldien koordinatzailea izan zen. Gaur egun, COLMIX taldeko kidea da. Talde horrek mixe hizkuntza eta kulturari buruzko ikerketak egiten ditu eta egindako lana zabatzeaz ere arduratzen da.
Hizkuntza ekintzailea
Yásnaya Elena Aguilar Gilen lan linguistikoak lortu du antropologia, politika zientzia, zuzenbide indigena eta filosofia bezalako gaien eztabaidan integratzea; hau da, gai horien guztien eta hizkuntzaren arteko harremana mahaigaineratu du. Bere ustez, ayuujk (mixe) hizkuntza aztertzean bistakoa da estatuaren eta herri indigenen arteko harremanean arazo sistematiko bat eragiten duela hizkuntza indigenei buruzko hizkuntza-ikasketen datu-baserik ez edukitzeak (hizkuntza ofizialarekin gertatzen ez den bezala). Gainera, estatuak ezarritako harreman homogeneizatzaile horren oinarrian bidegabekeria dago Aguilarren ustez eta, beraz, errotik txertatzen du estatuak injustizia bere jarduera eta diskurtsoetan. Ikuspegi horretatik, estatuak atzeratutako komunitatetzat hartzen ditu komunitate indigenak eta, horregatik, nazio-estatuaren diskurtso aurrerakoi modernoaren idealean integratzen saiatzen da etengabe. Hori izan da, Yásnaya Elenarentzat, hizkuntzen suntsipenerako faktore erabakigarria eta jardunbide ohikoena, hizkuntza indigenen hiztunak gero eta gutxiago diren mundu-mailako testuinguru historiko batean, non estatuak mendetasunetik abiatuta eratu ziren[3].
Hizkuntza indigenak desagertzeko arriskuaren eta beren testuinguruko faktore sozial, ekonomiko eta politikoen arteko erlazioaren ondorioz, hizkuntzalaritza aztertzeaz haratago joan da Yásnaya Elena, eta hizkuntzak zaintzearen garrantzia aldarrikatu du, ez bakarrik hizkuntzaren arloan duten garrantziagatik, baita herrien eskubideak zapaltzeko modu guztiei aurre egitea dakarrelako ere. Izan ere, botere-eragileek sistematikoki men eginarazi nahi izan diete hiztunei ez soilik hizkuntzari dagokionez, baizik eta beste alor askotan ere. Halaber, Aguilarrek ekarpen garrantzitsuak egin ditu itzulpen-fluxuen hausnarketaren inguruan, bai hizkuntza gutxituetatik, bai hizkuntza gutxituetara egiten diren itzulpenei buruz[4]:
"Itzultzea lan noblea da, lan gutxi dira eskuzabalagoak. Ez naiz lehena hori esaten, eta ez naiz lehena izango itzultzaile batek askotan izaten dituen zailtasunez, larritasunez eta galderez hitz egiten. Jatorrizko hizkuntza askoren kasuan, prozesua are konplexuagoa bihurtzen da. Hiztegien, erreferentziazko itzulpenen, kontsultarako gramatiken eta beharrezko beste tresna batzuen laguntzarik gabe, zeregina oso konplexua da, hizkuntza horiek indoeuropar hizkuntzetatik kanpoko hizkuntza-familietakoak direla kontuan hartuta. Gaia are gehiago korapilatzen da testua juridikoa denean, kasu askotan gertatzen den bezala."
2019ko otsailaren 26an, Mexikoko Diputatuen Ganberako LXIV. legegintzaldiko ohiko bilkurara gonbidatu zuten Yásnaya, Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea dela eta, Mexikoko hizkuntza indigenak zein egoeratan dauden aipatzeko. Hitzaldian honako hau adierazi zuen: «Gure hizkuntzak ez dira hiltzen, hil egiten dituzte. Mexikoko Estatuak ezabatu egin ditu. Pentsamendu bakarrak, kultura bakarrak, Estatu bakarrak ezabatu egiten ditu»[5].
Ingurumen ekintzailea
Yásnaya Elena Aguilar Gilek ingurumen gaiak jorratzen ditu ekintzaile gisa, bereziki uraren eskasia. Besteak beste, "El tema" telesail dokumentala gidatu zuen, Gael García Bernal aktorearekin elkarlanean, larrialdi klimatikoaz hitz egiteko. "Versión Extendida con Tenoch Huerta" saiora ere gonbidatu zuten uraren arazoari buruz hitz egiteko.
Gatazka Ayutla-ko mugaren inguruan
Yásnaya Elena Aguilar Gilek 2017ko ekainean publikoki salatu zuen berak eta bere komunitateko kide askok jasan zuten erasoa: Ayutlako komuneroen aurkako lur-gabetze baten ondoren, Tamazulapam del Espiritu Santoko agintariek eta buruzagi kazikeek kontratatutako talde armatuen segada batean Aguilarren kide zen komunero bat hil zuten, San Pedroko y San Pablo de Ayutla herriko lau emakume bahitu eta zauritu ugari egon ziren. Horren aurrean, Aguilarrek Oaxacako gobernuaren arduragabekeria salatu zuen, bere ustez ez zirelako lagungarriak izan San Pedro y San Pablo de Ayutla eta Tamazulapam del Espiritu Santo komunitateetan baliabide naturalen inguruko gizarte-gatazka konpontzeko martxan jarritako ekintzak. Halaber, Oaxaca estatuko gobernuaren eta Hector Anuar Mafud Mafud Gobernuko idazkari nagusiaren erantzukizuna salatu zuen, arazo sozial horien ondorioz komunitatea edateko urik gabe geratu ondoren instituzioek ezer egin ez zutelako; izan ere, komunitateko ur-tankeak eta hodiak suntsituta gelditu zeuden[6].
2020ko martxoaren 31n, baso-sute bat izan zen San Pedro y San Pablo Ayutlan, eta horrek berriro ere agerian utzi zuen ur premia larria zegoela komunitatean. Une horretarako, Ayutla herriak bi urte baino gehiago zeramatzan urik gabe (1.044 egun) COVID-19 pandemia betean[7].
Yásnaya Elena Aguilarrek Twitter bidez ere salatu du, zehazki #AguaParaAyutlaYA traola erabiliz, komunitateko ur eskasia. Hori dela eta, ziberjazarpena jasan behar izan zuen[8].
Lanak
Lan ugari argitaratu ditu, bai itzulpenak, bai bakarrik zein taldean idatzitako lanak eta hedabideetan egindako kolaborazioak[9]:
Saiakerak
- Ää: manifiestos sobre la diversidad lingüística (Almadia, 2020)[10]
- Tsunami (Sexto piso, 2018)[11]
- El futuro es hoy: ideas radicales para México (Biblioteca Nueva, 2018)[12]
- La lengua zoque (Centro de Investigaciones Multidisciplinarias sobre Chiapas y la Frontera Sur, 2017)[13]
- Condolerse (Sur+, 2015)
Fikziozko obrak
- Lumbung (Txalaparta, 2022)[14]
Itzulpenak
Kolaborazioak
- Violencia primigenia: romper con la Tierra (Desinformemonos espazioa, 2023-04-12)
- "Este pais" aldizkariko kolaborazioak
- Lo lingüístico es político (Putsktu'u: Ja putsk jëts ja tu'u) Tierradentro aldizkarian
- UNAMeko aldizkarian
- Poesía en lenguas negadas. Una nota sobre la traducción al mixe de un poema de Mahmud Darwish (Interpretatio aldizkaria, 2017)[17]
- Instrucciones para salvar la poesía (Anfibia aldizkaria)
Harremana Euskal Herriarekin
2022an Lumbung liburuan parte hartu zuen Uxue Alberdi, Azhari Aiyub, Cristina Judar, Nesrine Khoury, Panashe Chigumadzi eta Mithu Sanyal idazleekin batera. Txalaparta argitaletxeak kaleratutako edizioan aipatzen den bezala: "zazpi herrialdetako zazpi idazlek ipuin bana idatzi dute auzolanaren inguruan, eta beste horrenbeste argitaletxek argitaratu dute bilduma, zeinek bere hizkuntzan".
2023an Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Letren Fakultatean Ää: manifiestos sobre la diversidad lingüística liburuaren edizio berria aurkeztu zuen Garabide Elkartearen eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren eskutik. Izan ere, hitzaurrea Iñaki Martinez de Lunak eta Ines Garciak idatzi dute, alegia bi erakundeetako presidenteek, hurrenez hurren. Aurkezpen ekitaldian Roberto Awanari, Peruko Amazoniako tupi guarani eta euskaldunak eta Asya Zayzaoui, Rifeko amazigera hizkuntzaren ekintzaileak ere eskaini zuten hitzaldi bana[18].
Erreferentziak
- «Yásnaya Elena Aguilar Gil - Detalle del autor - Enciclopedia de la Literatura en México - FLM - CONACULTA» www.elem.mx (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- (Gaztelaniaz) «¿Un nosotrxs sin México? – Día 10, Conversatorio “Miradas, escuchas, palabras: ¿prohibido pensar?”» Radio Zapatista (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- (Gaztelaniaz) Ferri, Pablo. (2019-09-08). «“Los pueblos indígenas no somos la raíz de México, somos su negación constante”» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- (Gaztelaniaz) «Trueque de lenguas» Revista Este País 2012-08-29 (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- Intervención de Yasnaya Aguilar, habla en Mixe, por el Año Internacional de las Lenguas Indígenas. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- (Gaztelaniaz) «Ayutla: 14 meses sin derecho al agua» El Universal (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
- Gil, Yásnaya Elena A.. «Agua con A de Ayutla | Yásnaya Elena A. Gil» Revista de la Universidad de México (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
- (Gaztelaniaz) «Hackean cuenta de la lingüista oaxaqueña Yásnaya Gil; usuarios exigen a Twitter que la recupere» Oaxaca 2020-11-17 (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
- «Obra publicada - Enciclopedia de la Literatura en México - FLM - CONACULTA» www.elem.mx (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- Aguilar Gil, Yásnaya Elena. (2020). Aa : manifiestos sobre la diversidad linguística. (Primera edición. argitaraldia) ISBN 978-607-8667-98-7. PMC 1244015038. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- Tsunami. 2018 ISBN 978-84-17517-16-8. PMC 1085494859. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- Beck, Humberto. (2018). El futuro es hoy. Jus Libreros y Editores ISBN 978-84-15555-94-0. PMC 1283844692. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- Faarlund, Jan Terje. (2017). La lengua zoque. (Primera edición. argitaraldia) ISBN 978-607-02-9940-7. PMC 1049149565. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- Lumbung. (Txalapartaren lehenengo edizioa. argitaraldia) 2022 ISBN 978-84-19319-01-2. PMC 1374940535. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- Darwīsh, Maḥmūd. (2017). Retornos del Discurso del "indio". ISBN 978-607-97697-2-7. PMC 1085543306. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- Nëwempët matya'aky. 2013 ISBN 978-607-8312-86-3. PMC 907932702. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- (Gaztelaniaz) Gil, Yasnaya Elena Aguilar. (2017-09-11). «Poesía en lenguas negadas Una nota sobre la traducción al mixe de un poema de Mahmud Darwish» Interpretatio. Revista de hermenéutica 2 (2): 57–63. ISSN 2448-864X. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
- «Manifiestos interiores liburuaren aurkezpena - EHUkultura - UPV/EHU» EHUkultura (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
Kanpo estekak
- Elkarrizketa: Yásnaya E. Aguilar, lingüista: “El danés tiene una cuarta parte de hablantes que el yoruba, pero no peligra porque tiene un Estado detrás” El País egunkaria, 2023-04-14
- Elkarrizketa: Las lenguas originarias no van a desaparecer, no en nuestra guardia: Entrevista a Yásnaya Aguilar Memorias de nómada aldizkaria, 2023-03-29
- Hitzaldia: Indigenous Futures: A Conversation with Yásnaya Elena Aguilar Gil Twenty summers, 2022-10-03
- Hitzaldia: La sangre, la lengua y el apellido Universidad del Quindío, 2020-03-13