Xingola urdina

Xingola urdina (lazo urdina deituraz ezagunagoa) indarkeria politikoaren eta ETAren kontrako ikur bat izan zen Hego Euskal Herrian eta Espainian, paparrean pin moduan eramatekoa eta diseinu orokor bat. Agustin Ibarrola artistaren diseinua izan zen,[1] eta ikurra Bakearen Aldeko Koordinakundeak plazaratu zuen, 1993an zehazki.[2] Urte hartako uztailean bahitu zuten Julio Iglesias Zamora enpresaria, eta Askatasuna leloaren A hizkiaren formagatik hautatu zuten lazoa sinbolo gisa, enpresaria askatzeko mobilizazioen erdian.[3][2] Urte horretan, 80.000 pertsona atera ziren kalera xingola urdina ikurtzat hartuta Donostian, ETAren bahiketaren kontra.[4] Gerora, beste talde batzuek ere erabili izan dute —PPk, adibidez—, batez ere, Espainian.[2]

Xingola urdina ETAren eta Espainiako Gobernuaren kontrako manifestazio batean Madrilen (2007)[oh 1]

Jose Maria Aldaiaren bahiketan (1995), berriz erakutsi ziren kaleetan xingola urdinak, ETAren ekintzen kontra protesta egiteko.[5] Hain zuzen, Gregorio Ordoñez Donostiako PPko alkateordea izan zen ikur horren babesleetako bat ikurraren kontra oldartzen zirenen aurrean;[6] izan ere, Ezker Abertzaleak beste goiburu eta diseinu bat atera zuen xingola urdinari aurka jarria: "Euskal Herria askatu".[7]

Xingola urdina ETAren kontrako gero eta talde gehiagok bere egin zuten, eta Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan heldu zen, segur aski, bere eraginaren gorenera (1997). 2000ko urteetan, PPk berriz heldu zion xingola urdinari, Madrilgo bere egoitzan haren irudi erraldoi bat erakutsiz eta Iñaki De Juana ETAko presoaren esperatze baldintzak arintzearen kontra, PSOEren Espainiako Gobernuak erabakia; PSOEko agintariek, bada, haiek ere xingola urdina soinean eramanez erantzun zuten.[8]

Oharrak

  1. Época espainiar aldizkariaren azalak hauxe dio: "Yo no me rindo", alegia, "Nik ez dut amore eman(go)".

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2007-03-11). «Reportaje | Un lazo contra ETA, un bucle contra el Gobierno» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-07-06).
  2. Iruretagoiena, Hodei. «Xingola urdinen isiltasuna» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-04).
  3. «ETAren indarkeriaren aurkako ikur bilakatu zen lazo urdina» EITB 2021-11-10 (Noiz kontsultatua: 2022-07-04).
  4. (Gaztelaniaz) «El lazo azul se convirtió en un símbolo contra la violencia de ETA» EITB 2021-11-10 (Noiz kontsultatua: 2022-07-04).
  5. (Gaztelaniaz) «Fallece José María Aldaya, secuestrado por ETA en 1995 durante 341 días» ElHuffPost 2021-12-29 (Noiz kontsultatua: 2022-07-06).
  6. (Gaztelaniaz) Intxausti, Aurora. (1993-08-10). «Grupos pro-ETA replican a la campaña del lazo azul exigiendo a Iglesias "que pague"» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-07-04).
  7. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «AHURRETAN SARTU EZINEZKO 48 ORDU» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).
  8. (Gaztelaniaz) «Guerra de lazos azules» El País 2007-03-06 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-07-06).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.