Xerezade

Xerezade (persieraz: شهرزاد) fikziozko pertsonaia da, Mila gau eta bat gehiago Sortaldeko ipuin bildumako narratzailea. Hezar-afsana (persieraz: هزارافسانه, «Mila mitoak») izeneko antzinako liburu persiar batek osatzen du istorio hauen muina. Pertsonaia honetan oinarritua, Nikolai Rimski-Korsakov errusiar musikagileak Scheherazada suite sinfonikoa idatzi zuen.

Xerezade
Mila gau eta bat gehiago
Xerezade, Sophie Andersonen margolana, XIX. mendea
Argitalpena
Ageri den obrak
Interpretatzailea
Datu biografikoak
HerrialdeaPertsiar
SexuaEmakume
EspezieaGizakia
Familia
Ezkontidea(k)Xariar
Anai-arrebak

Jatorria

Xerezade izenaren aldaerarik goiztiarrenen artean daude Xirazad (persieraz: شيرازاد, Šīrāzād), Al-Masudiren arabera, eta Xarazad (persieraz: شهرازاد, Šahrāzād), Ibn al-Nadimen arabera. Bigarren honek «erreinatu eta domeinatzen duen hura (شهر, šahr) noblea da (ازاد, āzād)» esan nahi du.

Xerezade identifikatua edo nahastua izan da Bahmanen alaba Homai erregina legendarioarekin. Honek Čehrzād edo Čehrāzād (persieraz: چهرازاد, «bere itxura noblea den hura») epitetoa zeukan. Baliteke harengandik partzialki eratorria izatea. Beste batzuen arabera, Harun al-Rashiden ama Al-Khaizuranen eragina izan zuen.

Istorioa

Mila gau eta bat gehiago ipuin bildumaren arabera, Xariar shahanshah-k (persieraz: شهريار; «errege handia») emaztea hilarazi zuen desleiala zitzaiolako. Harrezkero, egunero emakume birjin batekin ezkontzen zen, baina biharamun goizean emazteari burua ebakitzeko agintzen zuen[1]. Era horretan, Xariar-ek 1.000 emakume baino gehiago hilarazi zituen.

Xerezadek, bisir handiaren alabak, azkena eman nahi zion sarraski horri eta, aitaren erreguei kasurik egin gabe, bere burua eskaini zuen erregearekin gau bat pasatzeko. Errege ganberetara iritsi zirenean, Dunyadad, bere ahizpa maitea, azken aldiz agurtzeko baimena galdegin zuen. Ahizpak, Xerezadek bere artean pentsatua zuen bezala, ipuin bat kontatzeko eskatu zion. Xerezadek gau osoa igaro zuen ipuina kontatzen; Xariar esna egon zen, istorio hura interes handiz entzuten. Egunsentian Xerezadek kontaketari utzi zion, ipuina amaitu gabe utziz. Orduan erregeak, ipuinaren amaiera jakiteko irrikitan baitzegoen, bizia barkatu zion biharamun arte.

Hurrengo gauean, ordea, ipuina amaitu eta beste bat hasi zuen, aurrekoarekin lotua; goiztirian kontaketa eten zuen, ipuina bukatu baino lehen. Eta horrela, gauero. Xerezadek mila gau eta bat gehiagotan bizirik jarraitzea lortu zuen. Ipuinen bitartez, erregearen asperdura uxatzeaz gain, heziketa morala eman zion. Azkenik, orduko hiru seme-alaba zituztela, erregeak Xerezaderekin ezkontzea erabaki zuen[2].


Erreferentziak

  1. Thousand and One Nights. in: 1911 Encyclopædia Britannica. en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2016-8-4).
  2. Xerezade: mila gau eta bat gehiago. in: Ipotxak eta erraldoiak saila, Desclée De Brouwer. eibz.educacion.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2016-8-4).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.