Xake
Xakea bi jokalarirentzako mahai-jokoa edo kirola da[1]. Jokoaren helburua da jokalari bakoitzak, zuriak eta beltzak deitzen zaiena, bere koloreko xake-piezen armada kontrolatuz, aurkariaren erregea hiltzea, xake mate deitzen dena. Batzuetan, nazioarteko xakea edo mendebaldeko xakea esaten zaio, lotutako beste joko batzuetatik bereizteko, hala nola xiangqitik (txinatar xakea) eta shogitik (japoniar xakea). Xakearen historia dokumentatua VII. mendean hasten da, gutxienez, Indian chaturanga izeneko jokoa agertu zenean. Xakearen arauak, gaur egun ezagutzen den bezala, XV. mendearen amaieran sortu ziren Europan, eta XIX. mendearen amaieran estandarizatu eta onartu ziren unibertsalki. Gaur egun, xakea munduko joko ezagunenetako bat da, milioika pertsonak mundu osoan egiten dutena.
Xakea estrategia abstraktuko jokoa da, eta ez dago ezkutuko informaziorik, ez zorizko elementurik. 64 laukiko taula batean jokatzen da, 8 x 8ko lauki-sare batean. Hasieran, jokalari bakoitzak hamasei pieza kontrolatzen ditu: errege bat, erregina bat, bi dorre, bi alfil, bi zaldi eta zortzi peoi. Zuriak mugitzen dira lehenik, eta ondoren beltzak. Partida irabazteko, aurkariaren erregeari xake matea egin behar da, hau da, ezinbestean harrapatuta geratu behar da. Partida berdinketan amaitzeko hainbat modu ere badaude.
Xake antolatua XIX. mendean sortu zen. Gaur egun, xake-txapelketak FIDEk (Nazioarteko Xake Federazioa) arautzen ditu nazioartean. Mundu osoan ezaguna den xakeko munduko lehen txapelduna, Wilhelm Steinitz, txapeldun izan zen 1886an; Ding Liren da gaur egungo munduko txapelduna. Xakearen hasieratik corpus teoriko izugarria garatu da. Xakeak, era berean, eragina izan du mendebaldeko kulturan eta artean, eta loturak ditu beste arlo batzuekin, hala nola matematikarekin, informatikarekin eta psikologiarekin.
Lehen informatikarien helburuetako bat xakean jokatuko zuen makina bat sortzea zen. 1997an, Garry Kasparov garaitu zuenean, Deep Blue partida batean munduko txapelduna irabazi zuen lehen ordenagailua bihurtu zen. Gaur egungo xake-motorrak giza jokalari onenak baino askoz indartsuagoak dira, eta eragin handia izan dute xakearen teoriaren garapenean; hala ere, xakea ez da ebatzitako jokoa.
Piezak eta mugimenduak
Euskal Herriko xakelariek bi izendapen erabiltzen dituzte xake-piezak izendatzeko:
- Erregea, dama (edo erregina), gaztelua, alfila, zalduna eta peoia edo oinezkoa.
- Erregea, anderea, dorrea, gudaria, zalduna eta peoia edo oinezkoa.
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ez dago piezen izenik: horregatik, ez dago ofizialki onartutako izendapenik, izan ere Euskal Xake Federakuntzak berak ere ez baitu halakorik xedatu.
Hala ere, 1985ean Jon Esturo eta Maximo Aierbek argitaratutako Xake euskaraz idatzitako xakeari buruzko lehenengo liburuan lehenengo izendapena erabiltzen da. Geroago, ChessBase enpresa alemaniarraren Xake zakurtzarrari bideo-jokoa euskaratu zenean ere, FIDEk onartzen duen notazio aljebraikoa itzultzeko garaian lehenengo izendapen hori erabili zen.
Nolanahi ere, bigarren izendapena darabilten jokalariak aurkitzea oso arrunta da.
Erregea | |
Erregina | |
Dorrea | |
Alfila | |
Zaldia | |
Peoia |
Erregea
Erregea piezarik garrantzitsuena da, jokoa berau defendatzean datzalako. Nahi duen lekurantz mugi daiteke (ezker-eskuin, aurrera-atzera eta diagonalean), beti ere mugimendu bakoitzean lauki bat eginez. Gazteluarekin batera endroke izeneko mugimendua egin dezake: hor, erregea dorrearen beste aldean babesten den mugimendu bakar baten (endroke luzea eta endroke laburra daude, erregearen aldean edo damaren aldean egiten diren endrokeak bereizteko). Gazteluarekin batera egiten den jokaldia den arren, arauz erregearen jokalditzat jotzen da endrokea.
Dama edo anderea
Dama edo Anderea da erregearen ostean piezarik garrantzitsuena, eta balio gehien daukana. Jokalari batzuek "Xake erreginari" edo Xake damari ere erabiltzen dute berau jateko arriskuan dagoenean.
Edozein mugimendu egin dezake ezker-eskuin, aurrera-atzera eta diagonalean nahi dituen koadro guztiak mugituz jokaldi bakoitzean.
Gaztelua edo dorrea
Gazteluak ezker-eskuin eta aurrera-atzera bakarrik mugi daitezke (ez-diagonalean) eta nahi haina lauki har ditzakete.
Alfila edo gudaria
Alfilek gazteluek egin ezin dezaketena egin dezakete, hau da, diagonalean mugitu. Horren truke ezin dira ezker-eskuin ez aurrera-atzera mugitu. Egoera honek alfil bat beti lauki zurietan egotea eta beste bat beti beltzetan egotea dakar.
Zalduna edo zaldia
Zaldunaren mugimenduaren definizioa hauxe da: hurbilen daukan laukira mugi daiteke, baldin eta lauki hori ez badago zaldunaren diagonal, errenkada edo zutabe berean. Hala ere, errazago ulertzen da L forma duen mugimendua egiten duela esaten bada. Hau da, bi lauki alde batera eta bat horrekiko elkarzut. Edozein norabidetan egin dezakete mugimendu hori eta beste piezekin konparatuta alde bat du: pieza baten gainetik salto egin dezake.
Peoia edo oinezkoa
Peoiak banan-banan mugitzen dira (lehenengo mugimenduan ezik, kasu honetan bi lauki egin dezakete aurrera, beti ere biak libre badaude). Euren zutabea uzteko modu bakarra beste pieza bat harrapatzea da, diagonalean aurrerantz lauki bat mugituz egiten baitute. Zortzigarren lerroraino iritsiz gero dama edo erregina bihurtzen dira.
Erlojua
Jokalariek txandaka mugitu behar dute eta txapelketetan denbora mugak jartzen dira. Jokalari bakoitzak erabiltzen duen denbora neurtzeko erloju bereziak erabiltzen dira.
Xake mate
Jokoaren helburua xake mate egitea da. Xake mate egitean aurkariaren erregea ihes egin ezin duen egoeran jartzen da eta behin egoera horretara iritsiz gero, jokoa amaitu egiten da. Ezagutzen den xake materik laburrena honako hau da (Zoroaren matea):
Jokoaren faseak
Xakean hiru fase berezitu ohi dira:
- Irekiera: lehen jokaldiak hartzen ditu barne; piezak hasierako laukietatik irteten dira.
- Joko ertaina: erdialdeko borroka bizia hartzen du barne; aurkariek peoi eta pieza asko dituzte oraindik.
- Amaiera: azken gudua hartzen du barne; peoi eta pieza gutxi gelditzen zaizkie aurkariei.
Fase bakoitzak estrategia eta trebetasun bereziak eskatzen dizkio jokalariari. Hori dela eta, gerta daiteke jokalari bat ondo moldatzea hasieran eta amaieran baina ez izatea oso iaioa joko ertainean. Hiru faseren arteko mugak ez dira zehatz-zehatzak.
Xake txapeldunak
Munduan hainbat lehiaketa burutzen dira xake txapelduna nor den erabakitzeko. Lehiaketa ofizialaz aurretik, egondako txapeldun ezberdinak zerrendatzen dira. 1993tik hona bi modalitate daude. Lehenengoa lehiaketa klasikoaren parekoa da. Bigarrena, FIDE lehiaketa, azkarragoa da eta horregatik, hainbat jokalariren ustez, ez da kalitate maila berekoa.
2006ko irailaren 21etik urriaren 13ra jokatu zen Errusiako Elista hirian, Munduko Txapelketen bateratze txapelketa deitu zena. Veselin Topalov eta Vladimir Kramnik jokalarien arteko arazo eta salaketen ostean, Vladimir Kramnik errusiarra izan zen garaile azken desberdinketa partidan.
2007an Mexikon jokatuko da berriz ere Munduko Txapelketa, aurrerako Argentinako San Luis hirian jokatu zen sistema bera erabilita. Aurretik, eta berriz ere Elistan, Txapelketa horretara sailkatzeko hautagaien txapelketak deritzonak jokatuko dira. Bertako 4 garaileek, aurretik sailkatuta dauden beste 4en aurka jokatuko dute Mexikon.
Luanda errorea in Modulu:Navbar at line 58:Invalid title Munduko Xake Txapeldunak.
Hau da Munduko Txapelketetako txapeldunen zerrenda:
Munduko xake jokalari onenak 1886–1993 artean
# | Izena | Urtea | Herrialdea | Adina |
---|---|---|---|---|
1 | Wilhelm Steinitz | 1886–1894 | Austria-Hungariako Inperioa, Bohemia | 50–58 |
2 | Emanuel Lasker | 1894–1921 | Alemaniar Inperioa | 26–52 |
3 | José Raúl Capablanca | 1921–1927 | Kuba | 33–39 |
4 | Alexander Alekhine | 1927–1935 1937–1946 | Frantzia Errusia | 35–43 45–54 |
5 | Max Euwe | 1935–1937 | Herbehereak | 34–36 |
6 | Mikhail Botvinnik | 1948–1957 1958–1960 1961–1963 | Sobietar Batasuna (Errusia) | 37–46 47–49 50–52 |
7 | Vasili Smyslov | 1957–1958 | Sobietar Batasuna (Errusia) | 36 |
8 | Mikhail Tal | 1960–1961 | Sobietar Batasuna (Letonia) | 24 |
9 | Tigran Petrosian | 1963–1969 | Sobietar Batasuna (Armenia) | 34–40 |
10 | Boris Spaski | 1969–1972 | Sobietar Batasuna (Errusia) | 32–35 |
11 | Bobby Fischer | 1972–1975 | 29–32 | |
12 | Anatoli Karpov | 1975–1985 | Sobietar Batasuna (Errusia) | 24–34 |
13 | Gari Kasparov | 1985–1993 | Sobietar Batasuna (Errusia) | 22–30 |
FIDEko munduko txapeldunak 1993–2006 artean
|
Munduko txapeldun klasikoak 1993–2006 artean
|
Eztabaidatuak ez dauden munduko txapeldunak 2006-gaur egun artean
# | Izena | Urtea | Herrialdea | Adina |
---|---|---|---|---|
14 | Vladimir Kramnik | 2006–2007 | Errusia | 31 |
15 | Viswanathan Anand | 2007–2013 | India | 38 |
16 | Magnus Carlsen | 2013–Egun | Norvegia | 22 |
Euskal xakea
Euskal xakeak ez du oso ibilbide oparoa egin oraindaino eta, gainera, ez du hedapen maila handiegirik lortu, beste zenbait jarduerekin alderatuz (kirolak, musika...) edo xakeak berak beste zenbait herrialdetan (Errusia...) izan duen garapenarekin parekatuz gero. Hala ere, azkenaldian hainbat xake-talde ari da jardunean Euskal Herri osoan. Maila ezberdineko txapelketa ofizialak eta bestelako lehiaketak antolatzen dira eta jokalari bikainik ere badugu, nola helduen hala gazteen artean ere.[2]
Euskadiko bakarkako txapelketa (1986-2002)
1986-1987: Felix Izeta NM; 1987-1988: Mario Gómez NM; 1988-1989: Francisco Gallego NM; 1989-1990: Mario Gómez NM; 1990-1991: Felix Izeta NM; 1991-1992: Rafael Alvarez NM; 1992-1993: J.M. Iruzubieta1993-1994: Rafael Alvarez NM; 1994-1995: J.M. Iruzubieta; 1995-1996: J.M. Iruzubieta; 1996-1997: Mario Gómez NM; 1997-1998: Mario Gómez NM; 1998-1999: Unai Garbisu NM; 1999-2000: Rafael Alvarez NM: 2000-2001: Mario Gómez NM; 2001-2002: Felix Izeta MH
Euskadiko taldekako txapelketa (1986-2002)
1986-1987: Marlaxka (Hondarribia); 1987-1988: Marlaxka (Hondarribia); 1988-1989: Fomento Cultural (Orereta); 1989-1990: Marlaxka (Hondarribia); 1990-1991: Marlaxka (Hondarribia); 1991-1992: La Salle (Irun); 1992-1993: Peña Rey Ardid (Bilbo); 1993-1994: Marlaxka (Hondarribia); 1994-1995: Marlaxka (Hondarribia); 1995-1996: Peña Rey Ardid (Bilbo); 1996-1997: Fomento Cultural (Orereta); 1997-1998: La Salle (Irun); 1998-1999: Zuri-Baltza (Santutxu-Bilbo); 1999-2000: Peña Rey Ardid (Bilbo); 2000-2001: Gros (Donostia); 2001-2002: Gros (Donostia)
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) FIDE Nazioarteko Xake Federakuntza
- Euskal Xake Federakuntza
- Xake hiztegi lau eleduna.
- (Ingelesez) FICGS Doako posta-trukezko zerbitzaria.
- (Ingelesez) FICS Doako zerbitzaria.
- Lichess Doako zerbitzaria.
- (Ingelesez) Xakearean Legeak (jatorrizko bertsioa)
- (Gaztelaniaz) Xakearen Legeak
- Xakearen Legeak edo Araudia Euskaraz
- (Alemanez) (Ingelesez) (Gaztelaniaz) (Frantsesez) (Suedieraz) ICC Ordaindu beharreko internet kluba.