Xabier Mendiguren Bereziartu
Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio, Gipuzkoa, 1945eko uztailaren 13a - 2023ko urriaren 2a) euskal idazlea eta itzultzailea izan zen, eta euskaraz traduktologiaren inguruan jardun duen egilerik oparoenetakoa. Euskaltzalea eta ekintzaile nekaezina. XX. mende bukaeran eta XXI. hasieran lortu den Euskal Herriko itzulpen jarduna modernizatzearen eragilerik indartsuenetako bat izan da, eta nabarmentzekoa da itzulpenen maila jasotzeko eta itzulpenaren inguruan hausnartzeko egin duen ekarpena.[1] Kontseiluaren idazkari nagusia izan zen 1998tik 2010era bitarte. Iñaki Mendiguren itzultzailearen anaia zen.
Xabier Mendiguren Bereziartu | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ezkio, 1945eko uztailaren 13a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 2023ko urriaren 2a (78 urte) |
Familia | |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Deustuko Unibertsitatea lizentzia : humanitateak |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta itzultzailea |
Lantokia(k) | Euskal Autonomia Erkidegoa |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Ibilbidea
Ezkioko Igartubeiti baserrian jaio zen, 21. mendean museo etnografiko bihurtua dagoenean.[2]
Filosofia eta Letretako lizentziako ikasketak Deustuko Unibertsitatean amaitu ostean, Euskara eta Euskal Literatura irakatsi zituen. Geroago, hainbat ikastola sortu ziren garaian, planifikazio didaktiko eta pedagogikoan parte hartu zuen.
Testuliburuak ontzen nahiz euskaratzen lan eskerga egin zuen; hain zuzen ere, IKER taldearen sortzaile izan zen 1974an, zeinak Saioka euskarazko lehen ikasliburuak sortu baitzituen.[1][3] Lehen irakaskuntzarako Saioka liburu-bilduma horretan Bizkaiko eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak ziharduten, eta besteak beste pertsona hauek: Xabier Mendigurenek berak, Jose Ramon Etxebarriak, Xabier Kintanak, Imanol Añonek, Iñaki Antiguedadek, Kepa Martinez de Lagosek, Karmele Baelok, Joseba Agirreazkuenagak, Roman Basurtok eta Rafael Lopez Atxurrak.[3]
Geroago, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta hango irakasle eta zuzendari lanetan aritu zen 1990a arte. Eskola horretatik atera ziren 1987an EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Senez aldizkaria, Mendigurenen parte hartzearekin, jakina.[1]
Pentsamenduaren Klasikoak bildumaren zuzendari teknikoa izan zen. Euskaltzain urgazlea zen, eta Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluko idazkari nagusia izan zen.[1]
Haur literaturako hainbat lan itzuli zituen, batez ere ingelesetik eta alemanetik.
Elhuyar Hiztegiaren zuzendaria izan zen, Miren Azkaraterekin eta Xabier Kintanarekin batera.[4] Gainera, zenbait lan lexikografiko euskaratu zituen, eta EITBrentzako ere itzulpen lanak egin zituen.
Traduktologiaz, testuak era ulergarrian idazteko joera berriak
Traduktologiari eta itzulpengintzaren historiari buruzko funtsezko saiakera batzuk idatzi ditu, besteak beste hauek:
- Itzulpen teoriazko ezagupenak (Lazkao, Pax, 1983),[5]
- Itzulpengintza, historia eta teoria (Donostia, Elkar, 1995),[6]
- Euskal Itzulpengintzaren Historia Laburra (Donostia, Elkar, 1996).[7]
Senez, Riev eta Jakin aldizkarietan artikulu andana argitaratu ditu.[8][1]
Ez dago zalantzarik Xabier Mendiguren aitzindari arrakastatsuetako bat dela. Euskara batuaren oinarriak 1966an sortu zirenean, euskara batu horrekin hizkuntza ulergarri, zehatz eta komunikatibo bat sortu behar izan zenean, Mendiguren erronka hori gainditzeko aitzindari arrakastatsuetako bat izan zen (Jose Ramon Etxebarria,, Xabier Kintana, Andoni Sagarna, Mikel Zalbide, Luis Bandres, Joseba Intxausti, Klaudio Harluxet, Jose Antonio Aduriz, Martxel Aizpurua, Lore Azkarate, Andres Urrutia...).[9] Euskaraz idazten trebakuntza lortzeko hainbat ikastaro eman zituen, Jose Ramon Etxebarria eta Xabier Kintanarekin hainbatetan.
Belaunaldi horrek itzulpenak egiteko modu berriak ekarri zituen. Itzulpen literala ez zen sustatzen. Helburu nagusia testu ulergarriak lortzea zen, testuaren egitura apur bat aldatu behar bazen ere.
« | Zientzia euskaraz lantzeko euskarri bi baino ez dira behar: zientzia egitea eta euskara erabiltzea. Posiblea da, borondatea badago; eta batzuek badakigu hizkuntza guztiak gai direla edozein jakintza-arlo lantzeko, pertsonengan bizirik badaude; hau da, benetan erabiltzen badira. | » |
—Joserra Etxebarria (aikor.eus) |
Lanak
Itzulpen jardunaz gain, bereak diren obrak ere idatziak ditu, batik bat kontakizunak eta politikaren eta historiaren inguruko entseguak.
Itzulpenak
Guztira 40 bat liburu itzuli ditu, besteak beste egile hauenak: Cesare Pavese, Salgari, Shakespeare, Faulkner, Dickens, Goldoni, Croce, Anouilh, edo Laxalt.
KLASIKOAK bilduman 12 liburu itzuli ditu pentsamendu unibertsalaz:
- Giza historia ulertzeko azterketa: saiakera antologia (2009).
- Pentsamenduaren historia. Karl Marx: idazlan hautatuak (2004). Honekin batera: Baleren Bakaikoa Azurmendi.
- Kapitalismoa, sozialismoa eta demokrazia (2002). Honekin batera: Baleren Bakaikoa Azurmendi.
- Morala eta erlijioaren bi iturriak (2002). Honekin batera: Joxe Azurmendi Otaegi.
- Mundua nahimen eta errepresentazio gisa (1999). Honekin batera: Joxe Azurmendi Otaegi.
- Historiak I (1997). Honekin batera: Iñaki Usabiaga Sukia.
- Historiak II (1997). Honekin batera: Josu Naberan Naberan.
- Mistika liburuak (1997). Honekin batera: Juan Mari Lekuona Berasategi.
- Moralaren genealogia: idatzi polemikoa (1997). Honekin batera: Joxe Azurmendi Otaegi.
- Izpiritu-zientzietarako sarrera: gizartea eta historiaren estudiorako oinarri... (1995) Honekin batera: Ibon Uribarri Zenekorta.
- Naturako nahimena (1994) Honekin batera: Joxe Azurmendi Otaegi.
- Honela mintzatu zen Zaratustra (1992) Honekin batera: Jesus Mari Mujika Arakistain.
EIZIEk sortutako Literatura Unibertsala bilduman, 7 liburu hauek itzuli zituen:
- Katua eta sagua (1994).
- Michael Kohlhaas (1993).
- Hautapen ahaidetasunak (1992).
- Herioa Venezian (1992).
- Peter Camenzind (1992).
- Ivan Ilitxen heriotza (1991).
- Ipuinak (1990). Anton Txekhov.[10]
Narrazioa
- Bi istorio (1997, Elkar).
Saiakera
Biografia
- Iparragirre (1981, Elkar).
Historia
- Euskal historian zehar (1980, Ikastolen Elkartea).
Hiztegiak
- Elhuyar Hiztegia: euskara-gaztelania, castellano-vasco. (1996, ISNB14-87114--06-7, Elhuyar) Zuzendariak Miren Azkarate, Xabier Kintana eta Xabier Mendiguren Bereziartu euskaltzainak izan ziren, eta Antton Gurrutxaga eta Iñaki Azkune Mendia, zuzendari teknikoak[4].
Euskaltzain urgazlea
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975eko ekainaren 27an. Batzorde hauetan aritu zen: Gramatika (1976), Alfabetatzea (1979), Elebitasuna (1979), Irakaslegoa (1978-1983), Hiztegigintza (1987-1989), Exonomastika (1993-1997), Jagon saila (1995-1999) eta Corpusa (1999-).[11]
Sariak eta errekonozimenduak
- 1989: Literatur itzulpenik onenaren Euskadi Saria jaso zuen, Xiberotar bat Nevadan liburuarengatik (jatorrizko izenburua, ingelesez: Sweet promised land, Robert Laxalt).
- Kontseiluaren ohorezko idazkari nagusi izendatu zuten 2010ean. 1998ko martxoan Idazkaritza Nagusia osatu zenetik, Kontseiluko idazkari nagusia izan zen.[12][13]
Oharrak
- Aldamenean ditu Alfonso Irigoien, Eneko Irigoien, Txillardegi, Xabier Mendiguren Bereziartu, Iratzeder, Jose Maria Satrustegi, Luis Villasante, Jean Haritxelhar eta Jose Luis Lizundia.
Erreferentziak
- Mendiguren Bereziartu, Xabier. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-21).
- Leire. «“Ganbara museoan bihurtuta” Ipuin kontaketa tailerra. — Igartubeiti Baserria» www.igartubeitibaserria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
- Kintana, Xabier. (1994). Bilbao, euskararen bizitzan. X. Kintanaren Euskaltzaindian sartzea. Euskaltzaindia.
- ZETIAZ, Nogeras, Itziar. (1996-05-01). «ELHUYAR HIZTEGIA» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
- Mendiguren, Xabier.. (1983). Itzulpen-teoriazko ezagupenak. Itzultzaile Eskola ISBN 84-86268-01-X. PMC 39066238. (Noiz kontsultatua: 2020-02-21).
- Mendiguren Bereziartu, Xabier ( 1945-). (D.L. 1995). Itzulpengintza : historia eta teoria. Elkar ISBN 84-7917-194-4. PMC 920102630. (Noiz kontsultatua: 2020-02-21).
- Mendiguren, Xabier.. (1995). Euskal itzulpenaren historia laburra. Elkar ISBN 84-7917-525-7. PMC 39298544. (Noiz kontsultatua: 2020-02-22).
- «Xabier Mendiguren Bereziartu ::70 artikuluak. Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-22).
- UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa. (2017-11-27). #LarretikNoranahi dokumentala. (Noiz kontsultatua: 2017-12-11).
- Bereziartu, Xabier Mendiguren. (1990). Ipuinak. (Noiz kontsultatua: 2020-02-22).
- Mendiguren Bereziartu, Xabier. «Euskaltzain Urgazleak» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2020-02-21).
- Irureta Azkune, Onintza. (2008-01-27). ««Gaurko erritmoekin euskararen normalizazioa izugarri berandutuko da»» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-02-21).
- «Xabier Mendiguren Bereziartu: «Gaurko erritmoekin euskararen normalizazioa izugarri berandutuko da»» Argia 2008-01-26 (Noiz kontsultatua: 2020-02-21).
Kanpo estekak
- «Xabier Mendiguren Bereziartu», Literaturaren Zubitegia.
- Elkarrizketa, Argia astekarian (2008-01-27).
- Xabier Mendiguren Bereziartu, Egunkariaren hemeroteka 1990-2003, 138 albiste
- «Mendiguren Bereziartu, Xabier», Auñamendi Eusko Entziklopedia.