Xabier Gorritxategi Agote

Xabier Gorritxategi Agote, (Eibar, Gipuzkoa, 1954ko urtarrilaren 31 Ispaster, Bizkaia, 1980ko otsailaren 1a) ETA erakunde armatuko kidea izan zen. Espainiako Guardia Zibilaren konboi bati eraso egin ondoren, esku-bonba baten leherketaren ondorioz hil zen, Gregorio Olabarria Bengoa "Goio" komando kidearekin batera.

Xabier Gorritxategi Agote
Bizitza
JaiotzaEibar, 1954ko urtarrilaren 31
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaIspaster, 1980ko otsailaren 1a (26 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Izengoitia(k)Xabiertxo

Gaztaroa Eibarren

Eibarko La Salle ikastetxean aritu ondoren elektrizitatea egin zuen Armeria Eskolan, Arrate Kultur Elkartean gau eskolan alfabetatzearekin batera. Mobilizazioetan parte hartu ohi zuen, garaiko gazteekin batera: Roberto Perez Jauregi bere ondoan zegoela hil zuten Guardia Zibilek, Burgosko prozesuaren aurkako manifestazioan, 1970ko abenduaren 4an.

Elektrizitate ikasketak egin ondoren, 18 urterekin, fabrika batean lanean hasi zen. Soldaduska Donostiako Loiola kuartelean egin zuen. Horren ondoren, fabrika utzi eta lagun batzuekin baserri batera bizitzera joan zen, Markinako Amalloa auzoan.

ETAko militantea

1977an ETAn sartu zen, eta komando bat antolatu zuen koadrilako lagun batzuekin batera. 1978ko urtarrilean ihes egin behar izan zuen etxetik, beste kide batzuen atxiloketan torturaren bitartez berari buruzko datuak lortu ondoren. ETAko Bizkaia komandoan aritu zen harrez gero.

Heriotza Ispasteren

Sakontzeko, irakurri: «1980ko Ispasterko atentatua»

1980ko otsailaren 1ean ETAko komando batek Guardia Zibilaren konboi bat eraso eta segi guardia zibil hil zituzten [1].

Markinako Esperanza y Cia enpresako morteroak eta granadak zeramatzaten Lagako hondartzan tiro probak egitera, Ispastereko irteeran, Barainka auzoko inguruetan, pinu inguru batean, Guardia Zibilaren lehen Land Roverra bihurgunea pasa eta bonba bat lehertu zen bere kontra. Konboia gelditu zenean komandoko kideek tiroa egin zuten alboetatik eta Land Roverretara hurbildu eta esku-bonbak bota zituzten[2].

Komandoa erretiratzean, konboian zeramatzaten morteroak eta gainerako armamentua jasotzen ari zirela, esku-bonba bat lehertu zitzaion Gregorio Olabarria komando kideari: Goio berehala hil zen eta Xabiertxok zauri larriak jaso zituen. Taldeko kideek ekintza bertan behera utzita, zaurituak jaso zituzten: Goio Natxituako medikuarengana eraman ondoren auto baten barruan utzi zuten taberna batekoei abisua emanda eta Xabiertxo etxe seguru batera eraman zuten Guardia Zibilen inguruko kontrolak gaindituz. Etxean mediku batek ikusi zuen eta Ospitalera eraman ezik hil egingo zela esan zuen. Hala ere, Xabiertxok erakundearen kontu asko arriskutan jarriko zirela-eta, uko egin zion Ospitalera joateari eta hurrengo eguneko eboluzioari begira gelditu ziren irtenbideak aztertzen zituzten bitartean. Gau horretan hil zen ordea.

Taldeko kideek Xabier Gorritxategiren gorpua Ermuko hilerriaren atarian utzi zuten manta bat eta ikurrina batean bilduta. Egin egunkarira deitu zuten horren berri eman eta bere familiakoei abisua pasatzeko eskatuta [3] [4]. Aurretik Eibarko hilerrira eraman zuten baina Ispastereko ekintzaren ostean "inkontrolatuek" Ondarroan Jesus Maria Zubikarai Badiola bahitu, hil eta Aginagan (Eibar) mendian utzi zuten [5]eta haren gorpua Eibarko hilerrira eraman zutenez [6], Guardia Zibila bertan zen Xabier Gorritxategiren gorpua bertan lagatzera joan zirenean eta Ermuko hilerrira eraman zuten azkenean.

Madrilen ere, Yolanda Gonzalez Martin hil zuten egun horretan [7]. Batallon Vasco Español delakoaren izenean erreibindikatu zituzten Zubikarai zein Gonzalezen hilketak[5].

Mobilizazioak Eibarren

Mobilizazio jendetsuak egin ziren Eibarren Xabier Gorritxategiren omenez. 6.000 lagun baino gehiagok lagundu zuten hilotza otsailaren 4an, hileta elizkizunetan, Eibarren Burgosko prozesuaren ostean izandako mobilizazio handienean[8].

Erreferentziak

Bibliografia

  • Euskadi eta Askatasuna.Txalaparta. Tafalla, 1984. ISBN 84-86597-87-0
  • Voluntarios. Semillas de libertad. Ricardo Zabalza Txalaparta. Tafalla, 1984. ISBN 84-8136-165-8

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.