Xálimako ibarra

Xálimako ibarra (Vali de Xálima bertako jatorrizko hizkuntza den falaz, Valle de Jálama gaztelaniaz eta ofizialki) Extremadurako eskualde bat da, Portugal eta Salamancaren mugan kokatua, Gatako mendilerroaren alboan. Hiru udalerriz osatuta dago, hiruren artean 3.700 biztanle inguru biltzen dituzte (2015eko datuen arabera) eta udalerri nagusia Valverde del Fresno (falaz Valverdi du Fresnu) da. Eskualdean fala dute jatorrizko hizkuntza, galaikoportugesaren aldaera, gaztelaniarekin batera eskualdean mintzatua.

Xálimako Ibarra
Val de Xálima
Valle de Jálama
Extremadura
Xálimako ibarra bandera

Xálimako ibarra armarria

Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Extremadura
HiriburuaValverde del Fresno
Espainiako Gorteak
Geografia
40°12′N 6°48′W
[[Fitxategi:{{{kokapena}}}|285px]]
Azalera254.11 km²
Demografia
Biztanleria3.788 biztanle (2022)
Dentsitatea14.85 bizt/km²
HerritarraXálimar

Falaz, Val do riu Elhas eta Os tres lugaris izenak ere jasotzen ditu bailarak.[1]

Geografia

Gatako mendilerroaren ipar-mendebaldean kokatua, Navasfrías eta El Payo Salamancako udalerriekin egiten du muga iparraldean, Villamiel eta Cilleros Caceresko udalerriekin hegoaldean eta mendebaldean Penamacor Portugalgo udalerriarekin. Eskualdea geografikoki isolatuta dagoela esan daiteke, Erdialdeko Sistemaren alboan kokatua egonik, 1990eko hamarkadaren hasierara arte zaila baitzen bertara iristea errepidez. Horri esker, eskualdeko betiko paisaia, ohiturak, hizkuntza eta bizimodua Extremadurako beste lurraldetan baina hobeto mantendu dira.[2]

500 metroko altueran kokatuta dago batez bestean eta punturik garaiena Xálimako gailurra da, 1.492 metroko altuerakoa,[3] Erjas (falaz, Riu das Ellas) ibaian bat egiten duten errekasto ugariren iturburua. Ibai horrek haran osoa zeharkatzen du, Tajorantz bideratuz bere urak azkenik. Harana mendiek babesten dute, Extremadurako gainerako lurretatik banatzen du 700 eta 900 metro arteko mendilerro batek hego-ekialdean eta aldiz, mendebaldean Portugalera irekitzen dira mendiak. Orografia horrek ondoko ibarretan mintatzen den extremadurera eta gazteleraren eraginetik urrundu du ibarra eta hori erraz nabari daiteke herriko toponimia, abizendegi, arkitektura eta gastronomian.

Harana hiru udalerrik osatzen dute: Valverdi du Fresnu (Valverde del Fresno), As Ellas (Eljas) eta Sa Martín de Trevellu (San Martín de Trevejo). Ibarrean guztira 3788 biztanle bizi dira (2022ko datuen arabera) eta 254,11 kilometro karratuko azalera du.

Fala hizkuntza

Sakontzeko, irakurri: «Extremadurako fala»

Bailararen ezaugarri nagusia bertako berezko hizkera da, A fala izenekoa. Gaztelania bada ere bailarako hizkuntza ofizial bakarra, Extremadurako Juntak nolabaiteko aitorpena egiten dio hizkuntza horri (ondasun kulturaltzat du) eta hura babesteko beharra ezartzen du. Udalerri bakoitzean hizkuntzaren aldaera ezberdin bat mintzatzen da eta hizkuntzan erraz topa daitezke leoneraren maileguak, arkaismoak eta belaunaldi berrien hizkeran, gaztelaniako maileguak gero eta gehiago.[2][4]

Erreferentziak

  1. «21 de febrero, Día Mundial de las Lenguas Minoritarias - Opinión - Sierra de Gata Digital - El Primer Digital de la Sierra de Gata» web.archive.org 2013-07-16 (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  2. (Gaztelaniaz) «A Fala de Sierra de Gata» Viajar por Extremadura 2022-06-13 (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  3. «Mendikat :: J�lama ( 1.487 m )» web.archive.org 2014-07-10 (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  4. (Gaztelaniaz) «"A Fala es extremeña"» El Periódico Extremadura 2006-05-08 (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.