Wyoming
Wyoming Ameriketako Estatu Batuetako erdi-mendebaldeko estatu bat da. Estatu honetako hiririk handiena Cheyenne da, hiriburua. Estatu Batuetako estatuetatik biztanle gutxien dituena da Wyoming. Beste hiri nagusiak Casper eta Laramie dira.
Geografia
Muga hauek ditu: iparraldean eta ipar-mendebaldean, Montana; ekialdean, Hego Dakota eta Nebraska; hegoaldean, Colorado; hego-mendebaldean, Utah; mendebaldean, Idaho.
1.500-2.000 metro arteko goi-lautada da Wyoming-eko lurraldea, mendikateek eta sakanek hautsita. Ekialdeko eskualdeak Missouri ibaiaren adarrek ureztatzen dituzte (Powder, Cheyenne, Belle Fourche, North Platte). Hego Dakotako mugan Black Hills mendiak daude. Estatuko erdialdea eta mendebaldea Rocky Mountains sistemaren barnean daude, eta han daude lurraldeko mendialde eta mendi garaienak: Laramie, Big Horn, Absaroka, Teton, Wyoming eta Wind (4.207 m Gannett mendian). Mendialdeon artean sakanak daude, Yellowstone Parke Nazionala esaterako, izen bereko aintzira barne.
Konderriak
Wyoming estatua 23 konderriz osatua dago.
Wyoming estatuko konderriak 2005eko biztanleri kopuruaren arabera sailkatuak | ||||||
---|---|---|---|---|---|---|
Postua | Konderria | Biztanleria | Postua | Konderria | Biztanleria | |
1 | Laramie konderria | 85.163 | 13 | Converse konderria | 12.766 | |
2 | Natrona konderria | 69.799 | 14 | Goshen konderria | 12.243 | |
3 | Sweetwater konderria | 37.975 | 15 | Big Horn konderria | 11.333 | |
4 | Campbell konderria | 37.405 | 16 | Platte konderria | 8.619 | |
5 | Fremont konderria | 36.491 | 17 | Washakie konderria | 7.933 | |
6 | Albany konderria | 30.890 | 18 | Johnson konderria | 7.721 | |
7 | Sheridan konderria | 27.389 | 19 | Sublette konderria | 6.926 | |
8 | Park konderria | 26.664 | 20 | Weston konderria | 6.671 | |
9 | Uinta konderria | 19.939 | 21 | Crook konderria | 6.182 | |
10 | Teton konderria | 19.032 | 22 | Hot Springs konderria | 4.537 | |
11 | Lincoln konderria | 15.999 | 23 | Niobrara konderria | 2.286 | |
12 | Carbon konderria | 15.331 | Denera | 509.294 | ||
Biztanleak
Wyomingeko biztanle-dentsitatea Estatu Batuetako txikiena da Alaskaren ondotik (1,8 biztanle km2-ko). Biztanleen laurdenak hirietan bizi dira, eta nekazaritza-eremuetan gainerakoa. Indiarrak % 2 baino gutxiago dira gaur egun, eta Wind River esparruan bizi dira. % 95etik gora zuriak eta hispanoak dira, eta badira, halaber, mexikar, eskandinaviar, italiar eta alemaniar talde txikiak.
Ekonomia
Turismoa (Yellowstongo eta Great Tetongo parke nazionalak), meategiak (petrolioa, gasa, ikatza, uranioa, burdina, fosfatoak), abere-hazkuntza (ardi- eta behi-azienda), basogintza eta sakanetan eta ibaien ertzetan egiten den laborantza (azukre-erremolatxa, garia, garagarra, patata) dira ekonomia-jarduera nagusiak. Industria (petrolio-findegiak, zurgintza, janari-industria) hiri nagusietan baizik ez dago.
Historia
Siouxak eta txeieneak («oin beltzak») bizi ziren bertan 1743. urtean La Vérendrye anaia esploratzaileak hara heldu zirenean. 1834. urtean sortu zuten Laramieko lehen gotorleku egonkorra. 1867. urtean, burdinbidea eraiki zutenean, egin zen erabateko kolonizazioa. 1890. urtean, Estatu Batuetako 44. estatu bihurtu zen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
- Wyoming estatuaren webgunea (Ingelesez)
Artikulu hau Ameriketako Estatu Batuetako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |