Wim van Eekelen
Willem Frederik van Eekelen (Utrecht, Herbehereak, 1931ko otsailaren 5a -) Herbehereetako politikari eta legegizona da.
Biografia
Utrechteko Unibertsitatean Zuzenbideko ikasketak hasi zituen, baina 1950-1952 urte bitartean ikasketak eten eta Estatu Batuetara (Princeton) joan zen Zientzia Politikoak ikastera beka batekin. Herbehereetara itzuli zenean, zuzenbidea ikasten jarraitu zuen, eta 1954an amaitu zuen karrera. 1964an Zientzia Politikoetako doktoregoa lortu zuen Indiako kanpo-politika eta muga-arazoak Txinarekin. tesiarekin. 1957-1977 urteetan Herbehereetako Kanpo Zerbitzuko funtzionario izan zen; 1977-1978 eta 1981-1982 urteetan Estatu Orokorretako Bigarren Ganberako kide izan zen; aldi berean, Europako Batzordeko kide izan zen, eta baita Mendebaldeko Europar Batasunekoa (MEB) ere. 1971-1981 aldian Estatuko idazkari izan zen; 1982-1986 aldian Defentsa eta Kanpo Harremanetako idazkari; 1986an Defentsako ministro (1988an dimititu egin zuen). 1989an MEBko idazkari nagusi izendatu zuten. Kargu horretan zegoela europar erakundeak indartzeko beharraren inguruan lan egin zuen, segurtasunaren mailan batez ere. Bestalde, Eekelenen iritziz MEBk zeregin eraginkorra izan behar du Ekialde-Mendebaldearen artean armak uzteko hitzarmen bat lortzeko prozesuan. 1994an José Cutilheiro jarri zuten haren lekuan.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Wim van Eekelen |
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.