Wim Kok
Willem "Wim" Kok (Bergambacht, Herbehereak, 1938ko irailaren 29a - Amsterdam, 2018ko urriaren 20a) holandar politikaria izan zen.
Biografia
Ikasketak bukatuta, 1961ean, Eraikuntzako Sindikatuen Holandar Federazioaren nazioarteko bulegoan sartu zen. 1965ean, Ekonomia Arazoetako Sailean hasi zen lanean, eta idazkari hautatu zuten 1967an. Bi urte geroago, Sindikatuen Holandar Federazioaren idazkaritza eskaini zioten, eta erakunde horretako lehendakari izan zen 1973tik 1985era. Sindikatuen Holandar Federazioak eta Sindikatu Katolikoen Holandar Federazioak bat egin zutenean ere, erakunde berriko lehendakari izan zen.
1986an, aulkia lortu zuen Herbehereetako Legebiltzarrean. 1989an, Finantzen ministro eta lehen ministrorde izendatu zuen lehen ministroak, Ruud Lubbers demokrata-kristauak. Urte horretan bertan, Internazional Sozialistaren lehendakari hautatu zuten. 1991n, OCDE Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundearen batzordeburua izan zen, eta Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantzen Ministro Batzordeko lehendakari. 1994ko hauteskunde orokorretan, Wim Kok izan zen boto gehien jaso zuen hautagaia, eta, negoziazio luzeen ondoren, hiru alderdiko koalizio-gobernu sozialdemokrata-liberala osatzeko agindu zion Beatriz erreginak.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.