William Lamport

William Lamport (Loch Garman, Irlanda, 1615Mexiko Hiria, 1659ko azaroaren 19a) Irlandan jaiotako abenturazalea izan zen. Mexikon bere izena Guillén Lombardo eran egokitu zuten.

William Lamport

Bizitza
JaiotzaWexford, 1615
Herrialdea Irlandako Errepublika
HeriotzaMexiko Hiria, 1659ko azaroaren 19a (43/44 urte)
Heriotza modua: sutan errea
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta kazetaria

Ikasle, itsaslapur, soldadu, espioi, Filipe IV.a Espainiakoaren gorteko kide eta erreboltaria izan zen. Mexikora espioi joanda, hango jatorriko herriekin eta esklaboekin bat egin zuen eta herrialdearen independentziaren aldarrikapena egiteko ekimena antolatu zuen. Hala ere, Inkisizioak deskubritu egin zuen eta sutan erre zuten.

Zenbait historialariren arabera Mexikon izan zituen gorabeherengatik El Zorro pertsonaiaren oinarrian dago.

Biografia

Irlandako familia noble batean hazia, berak eta bere anaiak idatzitako agiriak dira bere bizitzari buruzko iturri nagusiak. Bere sendia ingelesen aurka aritu zen Irlandako Bederatzi Urteko Gerran. Irlandarren porrotaren ostean britainiarrek Lamporten osaba eta lehengusuetakoa hil zituzten. Gainontzeko senideak Loch Garmanen geratu ziren eta Espainia zein Frantziarekiko esportazioei esker dirutza egin zuten; horri esker William semea Europako eskola on batzuetara bidali ahal izan zuten.

Dublin eta Oxforden ikasi zuen; Ingalaterrako unibertsitatetik bota egin zuten, bertako erregea kritikatzeagatik eta hiltzera kondenatu zutenez ihesari eman zion. Itsaslapur batzuen buru izendatzen zuten bitartean hiri batzuetan (Coruña, Salamanca, San Lorenzo de El Escorial...) bere ikasketak segitu nahian ibili zen.

Hogeita Hamar Urteko Gerran

Irlandarren batailoiarekin Hogeita Hamar Urteko Gerran esku hartu zuen; Nördlingeneko (Bavaria) 1634ko guduan eta Hondarribikoan (1638) egon zen, frantsesen kontra; El Escorialen ikasitakoa balio handikoa suertatu zitzaion. Pragako Bakearen ostean Espainian egon zen; antza denez alaba bat izan zuen baina itxuraz utzi egin zuen eta Herbehereetara joan zen.

Mexikon

Familia nobleko andrazko batekin izan zuen maitasun kontuagatik gortetik alde egin behar izan zuen. Mexikon Olivares konde-dukearentzat espioi lanetan hasi zen baina han jatorriko herriengana hurbildu zen eta haien medikuntza tradizionala ikasten ibili zen.

1642an Inkisizioak atxilotu egin zuen eta Espainiaren aurkako ekimen independentista bultzatzen aritzeaz salatu zuten. Hamar urteko kartzela kondena ezarri zioten; 1650ean kartzelatik ihes egin zuen. 1659an berriro harrapatu zuten eta heresea izateagatik hiltzera kondenatu zuten; sutan erre zuten.

Mexikon XIX. mendeko mugimendu independentistaren aitzindaritzat jotzen dute eta eta Mexiko Hiriko "Independentziaren Monumentuaren" barruan Lamport irudikatzen duen estatua dago.

Jakingarriak

El Zorro fikziozko pertsonaia inspiratu zuela diote ikertzaile batzuek; beste batzuen arabera hori ez da egia eta Zorroren oinarrian Joaquín Murrieta edo beste zenbait daudela esan ohi da.

Kanpo loturak

  • (Ingelesez) Lamport Irlandeses.org webgunean.
Biografia
Irlanda
Artikulu hau Irlandako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.