Wembley estadioa (1923)
Wembley Stadium zaharra (1923-2000) erabilera anitzeko estadioa zen, baina batez ere futbolean aritzeko erabiltzen zen, Londresko izen bereko auzoan, Ingalaterrako hiriburuan. Britainia Handiko estadio ospetsuena izan zen, eta mundu osoko estadio ezagunenetako bat. Toki berean dago Wembley Berria edo 2000tik aurrera.
Wembley estadioa (1923) | |
---|---|
Wembley Stadium | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Erresuma Batua |
Herrialdea | Ingalaterra |
Ingalaterrako eskualdea | Londresko eskualdea |
Ingalaterrako konderri zeremoniala | Londres Handia |
Londresen banaketa administratiboa | Brent |
Koordenatuak | 51°33′20″N 0°16′47″W |
Historia eta erabilera | |
1966ko Munduko Futbol Txapelketa | 1966 |
1992 Rugby League World Cup Final | 1992 |
1995 Rugby League World Cup | 1995 |
UEFA Euro 1996a | 1996 |
Inaugurazioa | 1923ko apirilaren 28a |
Jabea | Wembley National Stadium Ltd (en) The Football Association (en) |
Kirola | futbola |
Erabiltzailea | The Football Association (en) |
Edukiera | 82.000 |
Suntsipena | 2002ko irailaren 30a |
Arkitektura | |
Arkitektoa | John William Simpson (en) Maxwell Ayrton (en) |
Egitura ingeniaritza | Owen Williams |
Kontaktua | |
Helbidea | Wembley Park, Wembley, London HA9 0WS |
Historia
1923an inauguratu zen, hurrengo urtean egin behar zen erakusketa inperial britainiarrean testuinguruan. Berez, "Estadio Imperial" zuen izena (ingelesez: Empire Stadium).
Apirilaren 28an jokatu zen lehenengo partida Ingalaterrako Futbol Kopako finala izan zen. Bolton Wanderers F.C. eta West Ham United F.C. futbol taldeek jokatu zuten eta inoizko ikusle kopuru handiena bildu zen, 300.000 ikusle inguru, ofizialki 126.047 ikusle kopurua eman bazen ere. Zaldi zuriaren finala ezizenaz ezagutzen da.
Pelé-ren arabera "futbolaren katedrala" zen (beste maila batean, baina Euskal Herrian izen bera jaso izan du Bilboko San Mames zelaiak ere[1]), eta bertatik munduko futboleko jokalari ospetsuenak pasa ziren. Gainera, futbolaren historia markatu zuten jokaldi batzuk gertatu ziren han, hala nola gol ingeles polemikoa 1966ko Munduko Koparen amaieran eta "eskorpioi" izeneko geldialdi ospetsua, René Higuita atezain kolonbiarrak Ingalaterraren aurkako lagunarteko partida batean egina.
Estadioa, ordea, 2000. urtean eraitsi zuten, leku berean Wembley Berria eraikitzeko. Erabilera anitzeko estadio ultramodernoa da, eta 2012ko Londresko Joko Olinpikoetan 90.000 lagun hartzen zituen.[2]
Gertaerak
1948an izan zen Londresko Joko Olinpikoen egoitza nagusia. Atletismoko probak, hockeyko eta futboleko finalerdiak eta finalak, ekitazioko nazioen saria eta Lacrosse erakustaldi bat ere egin ziren bertan.
1966an, Munduko Kopako egoitzetako bat izan zen, eta finalaren eszenatokia. Ingalaterra izan zen txapeldun Alemaniaren aurrean. Era berean, Europako Kopako 5 finalak jokatu ziren: 1963, 1968, 1971, 1978 eta 1992an. Bartzelona lehen aldiz Europako txapeldun izan zen 1992an, Ronald Koemanen gol batekin gainditu baitzuen Sampdoria. 1996ko Eurokopako egoitzetako bat eta finalaren eszenatokia ere izan zen. Gainera, estadio horretan jokatu ohi ziren Ingalaterrako selekzioko partidak eta Ingalaterrako futbol-lehiaketetako finalak.
Gainera, errugbi 13ko Challenge Kopako finalaren egoitza iraunkorra da, 1929tik .[3] Kirol horri dagokionez, nazioarteko zenbait partiduren egoitza ere izan da, hala nola 1995eko Munduko Errugbi Leagueko Kopako finala, Australia eta Ingalaterra aurrez aurre.
Erreferentziak
- «Futbolaren katedrala San Mames da: Zergatik?» Visit San Mames 2019-03-12 (Noiz kontsultatua: 2022-12-04).
- «Wembleyk 60.000 zale hartu ahalko ditu Eurokopako finalerdietan eta finalean» EITB 2021-06-22 (Noiz kontsultatua: 2022-12-03).
- «The History Of Rugby League» Rugby League Information (napit.co.uk).
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Wembley estadioa (1923) |