Wattpad
Wattpad istorioak idatzi eta beste pertsonekin partekatzeko aukera ematen duen aplikazio bat da. Wattpaden perfila egin duen edonork istorioak idatzi ahal ditu, kapituluz kapitulu joan igotzen eta beste erabiltzaileek irakurri eta komentatu dezakete, eta gustukoa izanez gero botoak eman.
Wattpad | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | 2006 |
Ezaugarriak | |
wattpad.com | |
Aplikazioaren helburu nagusia idazle eta irakurleak elkarren artean harremantzeko gune bat sortzea da sarean[1]. Ordenagailu, mugikor edo tablet batetik erabili daiteke, edota internetera konexioa duen ia edozein gailutatik.
Sorrera
Wattpad enpresa 2006an sortu zen Allen Lau eta Ivan Yuen ingeniarien eskutik, nahiz eta ideiak bere lehen urratsak 2003an eman zituen interneteko webgune bezala. Enpresaren egoitza nagusia Toronto Canadan dago. Hasiera batean mobilerako doitutako plataforma bezala sortu zen, eta geroago App bezala 2009an. Urte horretan bertan 5 milioi deskarga baino gehiago izan zituen. Hartutako bultzakada dela eta 2011 bere egoitza fisikoa zabaldu zuten Toronton eta gaur egun 92 langileko enpresa bat da.
Wattpad-ek bere sorkuntzatik 400 milioi liburu baino gehiago argitaratu ditu, hau da, beren plataformara igoak izan dira (argitalpen batzuk egiletza eskubideei lotutako arazoak sortu dituzte[2]).
Hilabetero 60 milioi pertsonako audientzia du, horren %90 mobilen bitartez[3]. Bataz beste hilean 15 bilioi minutu ematen dituzte audientziak plataforman[4]. 50 hizkuntza baino gehiago aurkitzen dira plataformako liburuetan eta plataforma 30 hizkuntza ezberdinetarako konfiguratu daiteke.
Wattpadek kanpo inbertsioak jasotzen ditu, adibidez W Media Ventures, Golden Venture Partners eta Union Square Venturesen partetik, hauek Tumblr eta Twitterren eren inbertitzen dute[5]. Aplikazioa doakoa den arren, enpresaren blogean jakitera eman dutenez, ordainpeko premium aukera ere kaleratuko dute[6].
Funtzionamendua
Wattpadek sare sozial gehienen estruktura oso antzekoa jarraitzen du, bereziki Instagram aplikazioren estetika eta funtzionamendua tankerakoak ditu. Lehenik eta behin erregistratu egin behar zara kontu bat sortuz email bitartez eta horrela profil propioa izango duzu plataforman parte hartu ahal izateko. Profilak hiru atal publiko ditu: informazio orokorra, zuri buruzko zeozer jartzeko; Works, zuk idatzitako liburuak agertuko diren atala eta Reading list, zure irakurketa zerrenda bat sortu dezakezu besteek zure liburu gogokoenak zeinek diren jakiteko.
Behin profil osoa osatuta dagoela, orrialde nagusira sar zaitezke, non liburuak gaika sailkatuta bilatu ditzakezun eta zure txoko pribatuetara sartu. Zure txoko nagusiak hauek dira: “Liburutegia”, zure liburutegi pribatua, zuk aukeratutako liburuak biltzen dira bertan; “Jakinarazpenak”, liburutegiko liburu baten kapitulu berri bat igo badute bertara mezu bat heltzen da eta “Lanak”, zu idazten ari zaren liburuak biltzen dira bertatik idazten jarraitzeko.
Wattpad-en bereizgarritasun nagusia berehalako feedback-a izateko aukera da. Liburu guztietan eta kapitulu osoan zehar irakurleek komentarioak egiteko aukera dute. Komentario horiek 3 era ezberdinetan egin daitezke: liburuaren hasieran komentario orokor bat, kapitulu konkretu batean komentatzea edo esaldi bat azpimarratuz horri egingo dioen komentarioa edo debatea hasi. Gainera irakurketa dinamikoagoa egiteko idazleek bideo, musika eta irudiak txertatzeko aukera dute kapitulu bakoitzaren hasieran.
Idazleen motibazioa sustatzeko Wattpadek urte osoan zehar lehiaketa txiki batzuk egiten ditu, gaika antolatuak, baina urte amaieran ematen da ekitaldi handiena, Wattys sariak. Watty-ak urte osoko liburu onenen bilketa dira, irakurleen botoen arabera banatzen dira eta idazle irabazleei publizitatea egiteko balio dute.
Erabiltzaile ezagunak
Wattpaden hasitako idazle asko geroago zinema eta telesail mundura eman dute jauzia, oraingoz promoziotako kolaboratzaile bezala. Adibidez Apryl Baker Universal Pictures-ekin egin du lan Ouija eta Unfriended filmetako promozioetan, Edward Mullen USA Network eta A & E-kin egin du lan DIG eta Returned telesailen promozioetan eta Whitney Grandison Relativity Mediaren Beyond the Lights filmaren promozioan parte hartu du. New York Times egunkari ospetsuan agertzera ere heldu dira wattpadeko idazle batzuk, Rebecca Sky esate baterako.
Wattpad-etik paperera
Wattpadeko istorio batek irakurketa eta komentario ugari izaten dituenean askotan editorialak kontaktuan jartzen dira idazleekin. Wattpadek hainbat editorialekin lan egin du jada: Penguin Random House, HarperCollins, Simon & Schuster, Hachette Book Group, Scholastic, Macmillan, Bonnier, Planeta, Bloomsbury Publishing, Harlequin, Sourcebooks eta Hot Key Books.
Liburuak publikatzeko akordioa egin duten erabiltzaile askok, hala nola, Anna Todd (@Imaginator1D) eta Ariana Godoy (@cold_lady19), bere liburuak publikatzeaz gain Wattpaden jarraitzeko akordioak izan dira.
Bere liburua Wattpadetik paperera eraman zuen lehen idazlea Abigail Gibbs (@Canse12) izan zen, 2012an “Dark Heroine” banpiro nobela romantiko-fantasiazkoa publikatu zuen. Bere liburuak publikatu dituzten beste idazle bat Brittany Geragotelis (@BrittTheBookSlayer) da, “Life’s A Witch" liburuarekin.
After
After Wattpaden sortutako liburu sagarik famatuena eta salduena da[7]. Liburua Anna Todd izeneko 24 urteko makillatzaile batek idatzi zuen 2013an bere Iphonetik[8]. Toddek ez zuen inoiz idazle bezala lan egin, baina liburuekiko zaletasun handia zuenez, Wattpaden “fanfic” bat idaztea erabaki zuen, Tessa Young eta Harry Styles One Directioneko abeslariaren arteko amodio istorioa (paperean publikatzean Hardin Scott izena jarri zitzaion protagonistari kontu legalak zirela eta)[9], eta egunero zortzi orduz egoten zen eleberria idazten.
Todden esanetan bere lehen liburua arrakasta izaten hasi zen 80.kapitulua publikatu zuenean, jendeak liburuari buruz txiokatzen hasi zen eta laster milioi bat irakurle baino gehiago izatera iritsi zen. Urtebete igaro baino lehenago Simon & Schuster Ameriketako Estatu Batuetako editorialarekin kontratu bat sinatu zuen lau liburu publikatzeko eta eskubideak 23 estaturi saldu zizkion.
Gaur egun After 30 hizkuntzatan publikatu da eta lehen best-seller izan da Italian, Alemanian, Frantzian eta Espainian. Gainera, Paramount Pictures eskubideak erosi zituen eta nobela pelikula bihurtu dute. Hala eta guztiz ere, After oraindik ere irakurgai dago musu-truk Wattpaden, Todden ustez plataformako irakurleak oso garrantzitsuak izan ziren istorioko akatsak zuzentzerako orduan eta liburua eskuragarri izaten jarraitzeko eskubidea dute. Hala eta guztiz ere After-en irakurle asko fenomenoaren parte sentitu dira eta liburuak ere erosi izan dituzte[10].
Polemika
After sagak hainbat polemika izan ditu liburuak matxismoa eta gazteen arteko biolentzia sustatzen dutela esan delako, baina bere idazleak esaten duenez protagonista ez da matxista, lizuna baita pertsonaia guztiekin eta bere liburuek biolentzia sustatzen dutela esatea “Game of Thrones” jendea hiltzera bultzatzen duela esatea bezala da[11].
Antzeko aplikazioak
Sweek
Sweek istorioak irakurri eta idazteko plataforma da. Funtzionamendu aldetik Wattpaden berdina da. Interneteko web orrialde eta aplikazio moduan eskuragarri dago (Android eta iOS). Gaur egun 75 herrialde baino gehiagotan eskuratu daiteke eta 66 hizkuntzetan erabili daiteke (Wattpad 30 hizkuntzatan dago eskuragarri).
Irakurketa motari dagokionez, irakurleak haren lehentasunak zeintzuk diren zehaztu ahal du. Horrez gain, aplikazioak istorioak deskargatzeko aukera ematen du, Interneterako konexiorik izan gabe irakurri ahal izateko. Gainera, Sweek-ek erabiltzaileei haien liburuak inprimaturik edo e-book formatuan argitaratzeko aukera ematen die Sweek Autopublikazioaren bidez.
Konparaketa
Wattpad eta Sweek-ek funtzionamendu berdina duten arren, ezberdintasun esanguratsu bat dago bien artean: Wattpad jende gaztean zentratzen da eta Sweek helduentzako proiektua da, haien web orrialdean zehazten denaren arabera.
Wattpad eta Sweek dituzten deskargak konparatuz gero, Sweek askoz ere atzerago dago.
Hooked
Hooked 2015ean sortu zen mugikorrerako aplikazioa da. Android eta iOS-en eskuragarri dago eta bertan agertzen diren istorioak txat bidezko elkarrizketen bidez kontatzen dira. Hooked izan zen agertu zen mota honetako lehenengo aplikazioa formatuari dagokionez, geroago agertu zirenak Hooked hartu zuten eredutzat.
Aplikazioak istorioak irakurtzeko eta igotzeko aukera ematen du, baina bigarren hori egiteko norberaren telefono zenbakia ematea beharrezkoa da. Soilik irakurri behar duenak ez du daturik eman behar.
Istorioak aurrera jarraitzen du “Next” klikatuz, baina momentu baten irakurleak ezin du aurrera egin eta irakurtzen jarraitzeko 40-45 minutu artean itxaron behar ditu. Denbora hori ez itxaroteko Premium erabiltzailearen tarifa ordaindu behar da.
Aplikazio honetan arrakasta gehien izan duen istorioa El Vigilante izenekoa da.
Tap
Wattpad-ek Hooked aplikazioaren antzeko bertsio propioa du, Tap izenekoa. Hori ere, Android eta iOS-en eskuragarri dago eta haren diseinua eta funtzionamendua berditsuak dira. Premium erabiltzailearen tarifak ere oso antzekoak dira, baina Tap-en apur bat garestiagoak. Hala ere, Wattpad-en bertsio honetan istorioa irakurtzen jarraitzeko 20 minutu itxaron behar dira soilik, Hooked-en itxaron behar denaren erdia.
Movile ux award-etan “Best entertainment app award” irabazi du 2017an.
Yarn
Mammoth Media-k Yarn izeneko aplikazioa du. Kasu honetan, Hooked-en tarifa ia berdinak ditu. Yarn-en 25 minutu itxarotea beharrezkoa da istorio baten jarraipena irakurtzeko. Android eta iOS-en eskuragarri dago.
Hooked, Tap eta Yarn
Aurreko hiru aplikazioak dituzten deskarga kopurua konparatzen badugu, Hooked da deskarga gehien dituena.
Erreferentziak
- (Ingelesez) «PW Select December 2012: Wattpad Revolutionizes Online Storytelling» PublishersWeekly.com (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
- (Ingelesez) Rich, Motoko. With E-Readers Comes Wider Piracy of Books. (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
- (Ingelesez) Wattpad. «Press - Wattpad» www.wattpad.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
- (Ingelesez) Wattpad. «Not-for-profits, charities and NGO’s on Wattpad» www.wattpad.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
- (Ingelesez) Ingram, Mathew. (2011-09-12). «Union Square backs Wattpad to make reading more social» gigaom.com (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
- (Ingelesez) «Introducing Wattpad Premium: Our First-Ever Ad-Free Experience is Now Available to Wattpadders in Canada and the US» Wattpad HQ (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
- (Gaztelaniaz) Garzón, Ricard Ruiz. (2015-01-24). «No pienses: ¡escribe!» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
- «This woman wrote One Direction fanfic on her phone and ended up with a major book deal» Business Insider (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
- (Ingelesez) «This 25-Year-Old Turned Her One Direction Obsession Into a Six-Figure Paycheck» Cosmopolitan 2014-10-21 (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
- (Gaztelaniaz) Crespo, Irene. (2014-12-22). «‘After’: de fantasía ‘online’ y por entregas a libro millonario» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
- «Anna Todd: El futuro de los jóvenes autores está en las plataformas digitales» La Vanguardia (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).