Wankel motor
Wankel motorra barne-errekuntzako motor mota bat da, Felix Wankelek asmatua. Aldizkako pistoiak erabili beharrean errotore batzuk erabiltzen ditu.
Wankel motor | |
---|---|
pistonless rotary engine (en) | |
Fabrikazioa | |
Diseinatzailea | Felix Wankel |
Wankelek motor birakari hau 1924an asmatu zuen, baina patentea 1929an lortu zuen. 40ko hamarkadan diseinua hobetzeaz arduratu zen. 50eko eta 60ko hamarkadetan esfortzu handiak egin ziren Wankel motor birakaria hedatzeko. Bereziki interesgarriak dira modu leun eta isilean funtzionatzen dutelako eta matxura gutxi dituztelako, diseinuaren soiltasunari esker.
Funtzionamendua
Wankel motorrak barne errekuntzako motorraren lau aldiak garatzen ditu: sarrera, konpresioa, espantsioa eta ihesa.
- Sarrera: Aurreko zikloko gasak iheseko tututik kanporatzen dira eta nahaste berria sarrerako tututik sartzen hasten da. Errotore-ardatzak bilatu ahala, ganbararen bolumena handitu eta nahastea hartzen hasten da, sarrerako tutua irekita dagoelako.
- Konpresioa: Sarrerako tutua itxita geratu da eta ganbararen bolumena txikitzen hasten da. Nahastearen konpresioaren unea da. Ganbarak geroz eta bolumen txikiagoa duenez, nahastearen konpresioa handitu egiten da. Une horretan, bujiak txinparta sorrarazi eta nahasteak su hartzen du.
- Espantsioa: Errekuntzak sortutako gasen presioak errotorea bortizki birarazi eta higidura hau ardatz eragileari komunikatzen zaio, pinoi-koroa engranajearen bitartez. Nahastearen espantsioaren unea da.
- Ihesa: Iheseko tutua irekitzen da eta erretako gasak errotoreraen higidurak bultzatuta kanpora irteten dira. Hala, zikloa osatzen da.
Errotorearen bira bakoitzeko hiru ziklo oso gertatuko dira. Ondorioz, esan liteke Wankel motorrak hiru zilindroko eztanda motor batek bezala funtzionatzen duela.
Abantailak eta desabantailak
Biraketa-mugimendua pistoitik edo errotoretik eskuratzen da zuzenean, eta horixe da, hain zuzen ere, motor honen ezaugarri nagusia. Pistoia triangeluarra da, eta bere hiru ganbera erradialetan ondoz ondo sortutako errekuntzak bultzatuta egiten du bira.
Errotorearen bira batean sarrerako, konpresioko, espantsioko eta iheseko prozesuak burutzen dira, errotorearen hiru aldeetako bakoitzean. Hiru zilindroko lau aldiko motorraren antzera jarduten du, baina motor birakarian hiru leherketa sortzen dira bira bakoitzean.
Atzera-aurrerako pistoiko motorrean mugimendu lerrozuzena lortzen da joan-etorrian, eta mugimendu hori, gero, biraketa bihurtzen da biela eta biraderaren mekanismoari esker.
Pistoiaren atzera-aurrerako mugimenduaren bidez sortutako indarrek higadura irregularrak eta desorekak eragiten dituzte, eta horiek, era berean, bibrazioak sortzen dituzte motorrean, Motor birakariak, aldiz, abantaila nabarmenak ditu eremu horretan; izan ere, leunago dihardu, eta, horregatik, bira-kopuru handiagoa lor dezake.
Errotorearen biraketak kontrolatutako leihoen bidez gauzatzen dira sarrerako eta iheseko prozesuak; ez da banaketa-sistemarik erabiltzen, beraz. Motor birakaria mekanikoki soil-soila da, eta pieza gutxi batzuk besterik ez ditu mugimenduan edukitzen.
Historia
Felix Wankel alemaniarrak, 1957an, pistoi birakariko motorra probatu zuen arrakasta handiz, eta asmatzailearen deitura eman zioten; hau da, Wankel motorra.
Motor birakariak 1588tik proposatu ziren, baina hirurehun urte gehiago itxaron behar izan zen haietako bat eraiki ahal izateko. Lehenengo, Otto zikloko motorra garatu zen 1876an, eta automobila asmatu zen 1896an.
1759an, James Watt-ek pistoi birakariak zituen lurrunezko motor bat fabrikatu zuen, 1903an Juan Cooleyk Wankel tipoko motor bat egin zuen, eta 1908an Umplebyk barne errekuntzari aplikatu zion. Ez zen inoiz burutu.
1936an Felix Wankelek patente bat eskuratu zuen bere motor birakariarentzat. 1959an N.S.U izeneko fabrika alemaniarrak Felix Wankel ingeniariak asmaturiko motorra egoera esperimental batera iritsi zen.
Motor horretan enpresa garrantzitsuek lan egin dute: Curtiss-Wright, Estatu Batuetan; Alemanian, Mercedes Benz; Fitchels-Sans eta Japonen Toyo-Kogyo. Gainera, Perkins, Rolls-Royce, Fiat, Renault, Citroën eta Volkswagen modu batera edo bestera interesatu ziren.
Zailtasun asko izan ditu, baina oraindik problema batzuk edukitzen jarraitzen du.