Wall Street

Wall Street New Yorkeko Lower Manhattan auzoan dagoen kalea da. Ekialderantz jotzen du, Broadwayetik South Streetera, East Riverretik gertu. Hiriko finantza gunea da. Bertan New York Stock Exchange izeneko burtsa dago, munduko kapitalizazio handirik dituena[1]. Denboraren poderioz, kalea ez ezik inguruko auzoko izena ere bada[2].

Wall Street
Geografia
Luzera1,1 km
LurraldeaManhattan
Map

NYSE egoteaz gain, NASDAQ, AMEX, NYMEX edo NYBOT burtsek ere bertan dute egoitza.

Historia

1625ean, Hudson ibaiaren ahoan, Mendebaldeko Indietako Nederlandar Konpainiak Amsterdam Berria sortu zuen, ibaian zehar abiarazitako larru salerosketa kontrolatzeko aukera ematen zien kokalekua. 1653an, bertakoen nahiz ingelesen erasoez babesteko, kolono herbeheretarrek zurezko eta buztinezko hesia eraiki zuten Amsterdam Berriko iparraldeko mugan. Edo zuzen esanda, hesia eraikitzeko agindu zuten, harresia benetan jaso zutenak 1627tik aurrera koloniara eramandako esklabo afrikarrak izan baitziren[3]..

Handik urte batzuetara ingelesek hesia bota arren, Wall Street (harresiaren kalea) izenak oraindik esklaboek eraikitako babes horren ondorio da. Eta hesia eraikitzeaz gain basoak soildu zituzten eta bideak, errotak, etxeak, kaia, espetxea eta holandarren eliza ere jaso zituzten, geroago ingelesen eliza eraikiko zuten bezalaxe[3].

XVII. mendearen amaieran eta XVIII. mendearen hasieran, hiriak dagoeneko New York zuen izena, ingelesen eskuetan zegoen, eta esklaboen lana oinarri, hazkunde bizia izan zuen. Doako langile haiei are eta probetxu handiagoa ateratzeko aukera zegoela ikusirik, esklaboen salerosketan hastea erabaki zuten hiriko merkatariek. 1711n New Yorkeko udalak hiriko lehen esklabo azokaren sorrera onartu zuen eta, hain zuzen, merkatua Wall Streeten jartzea erabaki zuten. Meal Market (janari azoka) esaten zioten garaua eta haragia ere saltzen zutelako, baina negozio nagusia gizakien salmenta zen, eta berehala Wall Street erabakigarria izango zen esklaboen Atlantikoan zeharreko merkataritzan. Giza salgai gehienek hirian denbora gutxi egin arren, XVIII. mendearen lehen erdian New Yorkeko biztanleen %20 esklaboak ziren[3].

Esklabo ontziak Afrikatik New Yorkera iristen ziren eskulanez gainezka, nagusiki kotoi sailetan jarduteko. Bide batez, kotoia bera New Yorketik banatzen hasi ziren. Itsasontzien aseguru-etxeek, merkatari handiek eta bidaiak nahiz lurjabeen jarduerak finantzatzen zituzten bankuek ere “inbertsioetatik” hurbil egon nahi zuten eta, hala, geroz eta negozio gehiago bildu ziren giza azokaren inguruan[3].

1792ko maiatzaren 17an, Wall Streeteko 68. zenbaki pareko platano baten gerizan, 24 artekarik eta merkatarik hitzarmena sinatu eta New Yorkeko Burtsa izango zenaren hazia erein zuten. Horrenbestez, gaur egun Wall Streeten kotizatzen duten enpresa ezagun askok esklaboen salerosketan inbertituz ekin zioten bideari: Bank of America, Aetna Insurance, J.P. Morgan, Lehman Brothers, Wachovia Bank, Royal Bank of Scotland...[3]

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.