Violeta Parra

Violeta del Carmen Parra Sandoval, Violeta Parra izenez ezagunagoa (San Fabián edo San Carlos, Txile, 1917ko urriaren 4a - Santiago, 1967ko otsailaren 5a) txiletar folk egile abeslari, margolari, eskultore, brodatzaile eta zeramikagilea izan zen. Nicanor Parra olerkariaren arreba zen. Txileko folklorean oinarrituriko kantak, eduki sozialekoak, egin zituen. Gracias a la vida (Eskerrak bizitza) da haren abestirik ezagunena.

Violeta Parra

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakVioleta del Carmen Parra Sandoval
JaiotzaSan Carlos, 1917ko urriaren 4a
Herrialdea Txile
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaLa Reina, 1967ko otsailaren 5a (49 urte)
Hobiratze lekuaSantiagoko hilerri nagusia
Heriotza moduasuizidioa
Familia
Seme-alabak
Anai-arrebak
LeinuaParra Family (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakegile abeslaria, poeta, margolaria, eskultorea, brodatzailea, zeramikaria, idazlea eta estudioko musikaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Genero artistikoaNueva cancióna
Chilean folk music (en) Itzuli
protesta abestia
Ahots motamezzosopranoa
Musika instrumentuagitarra
charango (en) Itzuli
cuatro (en) Itzuli
harpa
akordeoia
perkusio instrumentua
ahotsa
DiskoetxeaEMI
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Txileko Alderdi Komunista

IMDB: nm0663420 Spotify: 4ejp2yEDQIIJIy0iFpoI5B Last fm: Violeta+Parra Musicbrainz: bb92cd9f-0446-42bb-adc7-b6f7c5bea2e3 Discogs: 663496 Allmusic: mn0000215803 Find a Grave: 7943993 Edit the value on Wikidata

Gaztelerazko protesta kantarien aitzindaria izan zen. Bere abestietan eduki sozial eta politikoa agerikoa da. Txileko folklorea berreskuratzeko ahaleginean ekarpen nabarmena egin zuen, eta gero etorriko ziren artista askoren inspirazio iturri bilakatu zen.[1] Hego Amerikan ospe handia izan zuen, eta Euskal Herrira eta Mendebaldeko Europako beste hainbat aldetara ere iritsi zen haren eragina. Oskorri taldeak Violetaren martxa ondu zuen haren omenez.[2][3]

Biografia

Jaiotza eta familia

Ez dago argi non jaio zen, Violeta Parra Fundazioak San Fabián de Alicón, San Carlosen ekialdean jaio zela esaten dute.[4] San Carlos herrikoek, ostera, euren herrian jaio zela defendatzen dute. Euren leku ofizialean eta herri sarreran ere "Violeta Parraren jaioterria" jarrita dago kartelean eta 1992tik Txileko Monumentu Historikoa den Violetaren etxea bertan dago, El Roble kalean,[5] etxe hartan jaio omen zen eta. 2013an, Isabel Parrak, Violetaren alabak eta amaren ohorez Fundazioaren presidentea denak, San Carlosko etxea defendatu zuen, Fundazioaren sukurtsala izango zela esatean.[6]

Ama jostuna, Violeta Parra Museoa

Violeta, Nicanor Parra Alarcón eskola-maisuaren eta musikariaren (gitarrajolea eta biolinjolea) eta Rosa Clarisa Sandoval Navarrete jostun, ehule eta nekazari-kantariaren alaba izan zen. Bi ahizpa erdi izan zituen, Marta eta Olga Sandoval (bere amaren lehen ezkontzakoak, lehengusu batekin) eta beste zortzi ahizpa-neba zituen: Nicanor (1914-2018), Hilda (1916-1975), Eduardo 'Lalo' (1918-2009), Roberto (1921-1995), Caupolicán 'Polito' (jaio eta hila 1924) , Elba 'Yuca' (1926-1981), Lautaro (1928-2013) eta Óscar (1930-2016).[7][8]

Haurtzaroa

Violeta Parraren jaiotetxea

Haurtzaroa landan eman zuen batez ere. 1919 eta 1921 bitartean, familia Santiagon bizi izan zen, eta gero Lautarora joan zen, hegoaldera. 1927an Chillánera joan eta "Villa Alegre" herrian kokatu ziren.[4] Amak josteko makina erabiltzen zuen familia ugariaren mantenuarekin laguntzeko. Violetak etengabe sufritzen zituen gaixotasunak, hiru urterekin baztangak erasotzea barne. Hobetzen ari zela, neba-ahizpekin dibertitzen zen Ñuble ibaiaren uretan, sektoreko zerrategi eta barraketan.

Haurrek berehala erakutsi zuten ikuskizunarekiko zuten zaletasuna. Etxe inguruan jartzen ziren zirkuetako artistak imitatzen zituzten. Paperezko jantziekin mozorrotzen ziren; Violetak eta haren nebak, Lalok, bikotean kantatzen zuten, eta haurrentzako sarrerak kobratzen zituzten. Hainbat antzezpen ere muntatu zituzten. Violeta 9 urterekin hasi zen gitarra jotzen, eta 12 urterekin lehen kantak konposatu zituen.

Lehen mailako ikasketak egin zituen eta urtebete eman zuen eskola arruntean. Eskola utzi eta landan lan egin zuen, eta familiari lagundu zion, aita larri gaixotu baitzen. Familiaren seme-alabak bizirik irauteko borrokatu ziren jatetxeetan, ostatuetan, zirkoetan, trenetan, zelaietan, herrietan, kaleetan eta burdeletan ere kantatzera aterata.

Santiagora iristea

Neskatoen Escuela Normalista

Arazo ekonomikoak areagotu egin ziren aita 1929an hil zenean,[9] eta, 1932an, Violeta Santiagora joan zen bizitzera, neba zaharrenak gonbidatuta, Nicanor Parra etorkizuneko antipoetariak han ikasten baitzuen. Neskatoen Eskola Normalistan ekin zion ikasteari, baina ez zen gustura ibili, interesatzen zitzaiona kantua zelako eta ez eskola. Horregatik eskola utzi eta tabernetan, aisirako kintetan eta auzo gela txikietan hasi zen kantatzen, Hilda ahizparekin batera.

1935ean, bere ama eta neba-arrebak Santiagora iritsi ziren, eta elkarrekin Quinta Normal deituriko komunan jarri ziren. 1937an, Violetak bere ibilbide artistikoa hasi zuen Avenida Matucanako El Popular jatetxean boleroak, korrituak, kuekak, rantxerak eta tonadak interpretatuz, Hilda, Eduardo eta Roberto ahizpa-nebekin batera; gero, baita aurrekoaren aurrez aurre zegoen El Tordo Azul-en ere. Bietan Luis Cereceda Arenas ezagutu zuen, Yungay Estazioko tren-gidaria.[9] Harekin ezkondu zen urtebete geroago, eta bi seme-alaba izan zituen: Isabel (1939) eta Angel (1943). Musikari ospetsu egin ziren eta amaren abizena hartu zuten giro artistikoan sartzean. Cerecedak, Alderdi Komunistan militatzen zuenak, jarduera politikoan hasi zuen Violeta, eta biek parte hartu zuten Gabriel González Videlaren lehendakaritza-kanpainan (1946). Senar-emazteak Llay-Llay, Valparaíso eta Santiagon bizi izan ziren. Leku horietan, Violetak bere izaera egonezin eta sortzailea izan zuen, portuko potoetan kantatuz, irratietan aurkeztuz eta antzerki-talde bateko kide bihurtuz. Violetaren bizitza artistikoak etengabeko tentsioa sortu zuen Cerecedarekiko harremanean, familia tradizionalagoa eta emazte otzanagoa espero baitzuen. Azkenik, 1948an banandu ziren.

1947 inguruan, Parra Ahizpak izeneko musika folklorikoko bikotea osatu zuen bere ahizpa Hildarekin batera,[10] eta diru iturri bat izan zuen.[11] 1949. urtean, bere alaba Carmen Luisa Arce Parra (2007an Bruselan hil zena)[12] jaio zen. Urte hartan bertan, neskatoaren aitarekin ezkondu zen, Luis Arce Legton, altzari-langilea eta tenorea.[9] 1952an, Rosa Clara alaba jaio zen, bi urte geroago hilko zena.[4] Garai berean, bere lehen diskoak argitaratu zituen Hilda ahizparekin batera, RCA Víctor zigilurako. Txileko herri-kanten formatu sinpleko grabazioak ziren, hala nola "El Caleuche", "La cueca del payaso" eta "La viudita". Bikoteak etengabe funtzionatu zuen 1952ra arte.

1950eko hamarkadaren hasieran, musika-tradizioak biltzen hasi zen Santiagoko hainbat auzotan eta herrialde osoan. Ibilbide horietan, hainbat poeta ezagutu zituen, besteak beste, Pablo Neruda eta Pablo de Rokha. Bere nebak, Nicanorrek, Txileko benetako musikaren defentsa bere nortasunez onartzera bultzatu zuen, ordura arte erabiltzen ziren estereotipoen kontra. Halaxe haren errepertorioa, ordura arte boleroetan, Espainiako kantuetan, Mexikoko korridoetan eta Peruko baltseetan oinarritua, Txileko kanta tradizionalenetara igaro zen, eta, aldaketari esker, identitate nazionalaren balioak ikusi ahal izan zituen, lehen ez bezala. Bilduma lan hori hiru mila abestik baino gehiagok osatu zuten, Cantos folclóricos chilenos liburuan eta EMI Odeonek argitaratutako bakarkako lehen diskoetan.

Lehen bidaiak

1953an, "Casamiento de negros" eta "Qué pena siente el alma" arrakastatsuak grabatu zituen, eta abesti ezagunenetako bi bihurtu ziren. 1954an, Canta Violeta Parra programa izan zuen Txileko Irratian, eta urteko folkloristarentzako Cauán saria irabazi zuen,[13] eta horrek Varsoviako (Polonia) gazteentzako jaialdi batean aurkezteko aukera eman zion. Sobietar Batasuna eta Europako hainbat leku ezagutzeko aprobetxatu zuen bidaia. Bereziki probetxugarria izan zen Parisko egonaldia, han grabatu baitzituen lehen iraupen luzeko diska "Guitare et chant: chants et danses du Chili" (1956) eta hainbat konpilaziotan geroago argitaratu ziren hainbat abesti, Txileko folkloretik bildutako abestiak soilik biltzen zituztenak. Europan lortutako arrakasta ezezaguna zen Txileko edozein artistarentzat, eta Violeta inspirazioz eta sormenez bete zen. Parisen zegoela izan zuen Rosa Clara alabaren heriotzaren berri.

1957an itzuli zen Txilera, eta azaroan Ángel eta Carmen Luisa seme-alabekin joan zen Concepciónera, bertako Unibertsitate penkistak kontratatua. Han, hurrengo urtean, Arte Folklorikoaren Museo Nazionala sortu zuen eta gero Santiagora itzuli zen.

kitarra Violeta Parra Museoan

Bere lau disko aldi horretan agertu ziren Canto y guitarra (1957), Compañia de guitarra (1958), La tonada eta La cueca (1959koak azken biak) EMI Odeonen etiketaren azpian, lehen konposizioetako batzuekin. Gai sozialez arduratutako abeslaria Yo canto a la diferencia, poesia-hamarren eta konposizioen eraikitzaile bikaina Verso por desengaño eta olerkien musikalizazioa Cueca larga de los Meneses, bere neba Nicanorrenak izan ziren. Zurezko gitarra batek lagunduta grabatu ziren diskoak eta, gaur egun, "deskontinuatuta" daude, baita Toda Violeta Parra (1961) eta Violeta Parra (1962) albumak ere.

Gainera, bere arte-jarduera dibertsifikatu egin zen, zeramiketan, olio-pinturetan eta arpillegietan lan egin baitzuen. Arte Plastikoen Txileko Azokaren lehen bi edizioetan aurkeztu zituen (1959 eta 1960). Denbora bat eman zuen arte herrikoi eta folklorikoko museo batean, berak Concepción Unibertsitatean sortzera bultzatu zuena, eta gero ia Txile osoan ibili zen, folklore-ikastaroak eskainiz.

Argentinako eta Frantziako sasoia

1961ean Violeta Argentinara joan zen, Joaquín Blaya gobernadorearen familiaren etxean bizi izan zen General Picon. Pampan, El Alero izeneko peñan kantatu zuen eta folklore, zeramika, pintura eta arpillera ikastaroak eman zituen. Buenos Airesera joan zen bere pinturak erakustera eta telebistan eta IFT antzokian abestera. LP bat grabatu zuen EMI Odeónentzat, debekatu eta banatu ez zena. Argentinako hiriburuan, 1962ko ekainean, Angel eta Isabel seme-alabekin eta Tita bilobarekin bildu zen. Helsinkira (Finlandia) abiatu ziren Gazteen eta Ikasleen VIII. Mundu Jaialdian parte hartzeko.

Ondoren, Sobietar Batasunean zehar ibili zen, Alemanian, Italian eta Frantzian, eta han kokatu zen, Parisen. Hantxe Barrio Latinon kantatu zuen , eta errezitaldiak eman zituen Unescoren Nazioen Antzokian; irratian eta telebistan abestu zuen bere seme-alabekin batera, arpillerak bordatu zituen eta alanbrezko eskulturak egin zituen.[4] Era berean, 1962an Arion zigilurako hainbat abesti grabatu zituen, ondorengo bilduma batzuetan argitaratuak.

Isabel eta Ángel Parra seme-alabak Au Chili avec los Parra de Chillán diskoarekin (1963) diskografia-mundura botatzeaz gain, LP Recordando a Chile (txiletar bat Parisen) lanarekin jarraitu zuen grabazioan. 1964 eta 1965 artean grabatu zen, eta frantsesez konposatu eta abestutako bi abesti sartu zituen, baita bere ibilbideko beste gai garrantzitsu batzuk ere. Nostalgia handiko garaia izan zen, Violeta ausente bezalako abesti sentituek erakusten duten bezala.

1964an, marka historiko bat lortu zuen, Louvre jauregiko Dekorazio Arteen Museoan bere arpillerak, oleoak eta alanbrezko eskulturak bakarka erakutsi zituen lehen latinoamerikarra bihurtu baitzen,[13] Violeta Parraren tapizak izeneko erakusketan. Andeetako poesia herrikoia liburua ere idatzi zuen, eta Suitzako telebistak Violeta Parra, Txileko bordatzailea, dokumentala filmatu zuen. Garai hartan, harreman estua izan zuen Gilbert Favre antropologo eta musikologo suitzarrarekin, haren bizitzako maitasun handiarekin (harekin bizi izan zen Genevan, Frantzia eta Suitzaren artean), maitasun- eta desamodio-konposizio garrantzitsuenen hartzailea: Corazón maldito, El gavilán, Qué he sacado con quererte, besteak beste.

Garai hartan, testu borrokalariagoak sortu zituen. Besteak beste, Miren cómo sonríen, Qué dirá el Santo Padre, Arauco tiene una pena eta Según el favor del viento abestiek osatu zuten Txileko Abesti Berria deituriko korronte musikalaren oinarria. Kantak Parisen berraurkitutako Canciones saioetan jaso ziren.

Azken urteak

1965eko ekainean Txilera itzuli zen. Urte horretako abenduaren 17an, La Cañada etorbideko izkinan, Mateo de Toro eta Zambranorekin batera Erreginaren komunan, karpa handi bat jarri zuen Isabel eta Ángel seme-alabekin eta Rolando Alarcón, Víctor Njara eta Patricio folklore-zentro garrantzitsu bihurtzeko asmoarekin. Karpa Txileko kulturarako erreferentzia bihurtzeko ametsa izan arren, han jarriko baitzuen Folklorearen Unibertsitate Nazionala, Txileko folklore ikastaroak egunez eta peña gauez egiteko, baina erantzuna ez zen oso motibatzailea izan eta jendeak ez zuen babestu.

Gilbert Favre-rekin zuen harremanaren amaierak,1966an Boliviara joan baitzen, bere kanta ezagunenetako bat sortu zuen: «Run Run se fue pa'l norte». Boliviara ikustera joan zen, eta ezkonduta aurkitu zuen. Kaleko mitoak esaten du Violetaren depresioa Pedro Messone kantariak Violeta ez maitatzearen ondorioz zela; Pedrok gezurtatu egin zuen hori, eta bien arteko adin-aldea nabarmendu zuen. Violetak berak eman zuen harreman horren berri irratian, Hegoalderako bira batean harekin izandako idilio ederra. Hala ere, Alberto Zapicán musikari uruguaitarra izan zen, eta ez Messone haren azken pasioa.[14]

1966an kaleratu eta seme-alabekin eta Alberto Zapicanekin grabatua, Las últimas composiciones diskoa "bere lan gorena eta bere testamentu musikala, non era superlatiboan erakusten baitu lortu zuen maisutza eta heldutasun artistikoa".[15] Albumak bere himno humanitarioak ditu: Gracias a la vida, besteak beste, Mercedes Sosa, Raphael eta Pedro Vargas artistek ere interpretatua (1977an, Telebista Nazionaleko agintariek bere garaipena debekatu zuten La canción de todos los tiempos programan, Gloria Simonettik interpretatua), eta Volver a los 17 Joan Manuel Serratek, Milton Nascimentok, Franco Simonek eta beste askok abestua, baita beste abesti garrantzitsu eta ezagun batzuek ere, hala nola El rin del angelito, Pupila de águila, Cantores que reflexionan eta El Albertío, azken hori Zapiani eskainia.[16]

Violeta Parraren hilobia

Margot Loyolaren arabera, Violeta Parrak zera esan zion: Norberak erabaki behar duela heriotzaren unea ... "Nik erabakiko dut noiz hil nahi dudan".[17] Gutxienez hiru saialdi huts egin ondoren 1966an eta 1967an barbiturikoak irentsi eta zainak mozten saiatu zen,[9][16] [18] bere buruaz beste egin zuen 49 urterekin buruan tiro bat emanda, Erreginaren karpan, 1967ko otsailaren 5eko 17:40an. Bere azken gutunean, Nicanorri zuzendua, hauxe idatzi zuen, besteak beste: "Ez dut neure burua hiltzen maitasunarengatik, erdipurdikoen gainezkako harrotasunagatik baino". Bere heriotzaren berri izan zuenean, Pablo Nerudak hauxe adierazi zuen: "Gizakiari eta jainkotasunari kantatzetik, boluntarioki zure isiltasuna zeure egin zuen, tristezia baino beste gaixotasunik gabe". Kapera bero bat bere karpan altxatu zen eta hileta bi egun geroago egin zen, Santiagoko Hilerri Nagusiko 31. galeriako nitxo batean lurperatu zutenean. Ondoren, gorpuzkiak Atxilotu Desagertuaren eta Betearazpen Politikoaren Memorialetik gertu eraman zituzten, hilerri berean, eta 2018an plazatxo bat eraiki zuten hilobiaren inguruan.

Askorentzat paradoxikoa da "Gracias a la vida" lanaren autoreak, existentziari himnoa idatzi eta urtebetera bere buruaz beste egitea; beste kritikari batzuek, berriz, depresio-aldartearen eta agur-kantaren isla hautematen dute hizkietan, musikalizazio-estiloan, erabilitako tonuetan eta gaien monotonian.

Hil ondoren, 1998an Gabriela Mistral domina eman zioten.

Lanak

Violetak bere bizitzan diska hauek plazaratu zituen:

  • 1956: Cantos de Chile (Presente/Ausente)
  • 1957: El folklore de Chile, vol. I – Violeta Parra, kantua eta kitarra
  • 1958: El folklore de Chile, vol. II – Violeta Parra kitarra lagun
  • 1959: El folklore de Chile, vol. III – La cuecar Violeta Parrak aurkeztua
  • 1959: El folklore de Chile, vol. IV – La tonada Violeta Parrak aurkeztua
  • 1961: El folklore de Chile, vol. VIII – Violeta Parra osoan
  • 1962: Violeta Parra en Argentina
  • 1962: Los Parra de Chile (Isabel y Ángel Parrarekin)
  • 1965: Recordando a Chile (una chilena en París)
  • 1965: Carpa de La Reina (interprete batzuk)
  • 1966: Las últimas composiciones

Violeta Parrak argitaratu gabeko musika ugari utzi zuen, gero ezagutu duguna. Haren Décimas autobiográficas, Violetaren ahotsarekin grabatuak, Alercek 1976an argitaratutako LP batean bildu ziren (gero Décimas y centésimas zabaldu ziren); Warner Music Chilek 1999an atera zuen Genevan (Violeta Parra Genevan) emandako kontzertua eta haren Gitarra konposizio bereziak.

Musikari ekarpen garrantzitsua egiten dio Violetak Txileko musika-tradizioa berreskuratzean: jainkozko kantua (El rin del angelito, Verso por una niña muerta, adibidez), maputxea (Qué sacado con quererte), gitarra-jolea, haren nortasun-abestiak, eta abar, Recquérica, Carta.

Filmografia

Urtea izenburua lana oharra Ref.
1957 Mimbre Musika Dokumental film-laburra
1958 Andacollo Musika Dokumental film-laburra
1959 Trilla Musika Dokumental film-laburra
1960 Los artistas plásticos de Chile Musika Dokumental film-laburra

Banakako erakusketak

  • 1964: Exposición individual del cuerpo humano Louvre, París, Francia.
  • 1970: Recordando a Violeta Parra. Instituto Cultural de Las Condes, Santiago.
  • 2003: Óleos de Violeta Parra, Palacio Consistorial de la I. Municipalidad de Santiago, Chile.

Erakusketa kolektiboak

  • Ferias de Artes Plásticas al aire libre, Museo de Arte Contemporáneo, Universidad de Chile, Santiago.
  • 1959: Exposición pictórica en Buenos Aires, Argentina.
  • Exposición en Ginebra, Suitza.
  • 2010: Voces se unen con la canción «Gracias a la vida»Txileko lurrikarak kaltetutakoentzako dirua biltzeko

Lanak bilduma partikularretan

  • Velorio de angelito, bordadoa telan, 27 x 41 cm
  • La hija curiosa, oleoa egurrean 36 x 46 cm
  • El machitún, oleoa egurrean, 31 x 46 cm
  • Contra la guerra, bordadoa arpilleran, 144 x 192 cm
  • Combate naval I, bordadoa arpilleran, 225 x 130 cm
  • El circo, bordadoa telan
  • Árboles coloridos, oleoa egurrean, 46 x 23 cm
  • La cantante calva, 1960, bordadoa yute naturalean, 136 x 46 cm
  • Leyendo 'El Peneca', 1965, oleoa egurrean 51 x 73 cm
  • Juicio final, oleoa egurrean, 60 x 88,5 cm
  • Hombre con guitarra, 1960, bordadoa telan, 134 x 89 cm

Legado artístico

Fundación Violeta Parra

Bere seme-alaben ekimenez, artista eta kantautorearen irudia eta ondarea berreskuratzeko asmoz, 1992 Fundación Violeta Parra sortu zen[4]. Lehen urtean, Isabel Parra alaba izan zen erakunde horren lehen lehendakaria, eta haren helburua: Bere lana bildu, antolatu eta gordetzea zen; Txilen eta kanpoan proiektatzea, ikasleek, artistek eta, oro har, ikusleek ikus dezaten.

Violeta Parra Museoa

Museo_Violeta_Parra_03

Violeta Parra Museoa 2015eko urriaren 6an ireki zen jendearentzat, zenbait urteko atzerapenarekin (hasiera batean, inaugurazioa 2011. urtearen amaieran egin behar baitzen), artistaren lana etengabe erakusteko helburu nagusiarekin. Cristián Undurraga arkitektoak diseinatua, bere arpillerak, oleoak eta maché paperean egindako lanak biltzen ditu. Bildumak 48 lan ditu, dohaintzan eta komodatuen artean, baina 23 besterik ez, Violeta Parraren bi gai nagusietan banatuak: gizakia eta jainkoa.[19]

Vicuña Mackenna etorbideko 37an dago, Santiagon. Museoak, Violetaren obrari eskainitako aretoez gain, beste gune batzuk ere baditu, hala nola tailerrak, kontzertuak eta hitzaldiak. Sarrera doan da.[19]

Antzerkia, zinema eta telebista

Francisca_Gavilán Violeta izan zen Andrés Wood-en Violeta se fue a los cielos filman (2011)

Buenos Airesen omenaldia egin zitzaion bere bizitzari Violeta viene a nacer antzerki-lanarekin, Y ahora, la resucitada de la violenta Violeta Rodolfo Braceli[20] idazle eta kazetari argentinarrarena eta Virginia Lago aktore argentinarrak 1993 eta 1994an interpretatua.[21]

2011n, Andrés Woodek Violeta se fue a los cielos filma estreinatu zuen, Ángel Parraren izen bereko liburuan oinarrituta, eta Francisca Gavilánek interpretatua. ​[22] Filmak hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Sundance Jaialdiko Nazioarteko Sari Nagusia (2012ko urtarrila).​[23]

2012an, Violeta se fue a los cielos miniseriea eman zen, Andrés Woodek zuzendutako eta Francisca Gavilán protagonista duen filmaren telebistarako egokitzapena. Chilevisiónek eman zuen, eta hiru kapitulu izan zituen; horietan, filmaren metraje estratik abiatuta, Violetaren haurtzaroa, haren lehen ezkontza eta Nicanor nebarekiko lotura sakontzen dira.[24]

Música

Violetaren seme-alabak, Isabel Parra (goian, 2006) eta Ángel Parra (behean, 2015) amaren musika indarrean mantendu nahi izan dute.

Hainbat kanta eskaini dizkiote Violetari:

  • 1971 - La violeta y la parra - Jaime Atria
  • 1980 - Violetaren martxa - Oskorri
  • 1981 - Cardo o ceniza - Chabuca Granda
  • 1997 - Violeta Parra, texto y música - Ángel Parra
  • 2001 - Después de vivir un siglo - hainbat kantari
  • 2004 - Violeta - Ángel Petisme
  • 2006 - Violeta se fue a los cielos - Ángel Parraren albuma
  • 2007 - Mariposa de noviembre - Luis Pastor
  • 2008 - Pascuala canta a Violeta - Pascuala Ilabaca
  • 2009 - Violetas para Violeta - Joaquín Sabina. La carta-ren adaptazio librea, Mercedes Sosa argentinarrarekin Cantora, un viaje íntimo diskoan grabatua (2009)
  • 2010 - Carta a Violeta Parra - Silvio Rodríguez
  • 2011 - Violeta in marchita - Alfredo Becker Carrasco
  • 2016 - De nombre Violeta - Manuel García

Era berean, Angel Parra Orrego bilobak antikuekak biltzen zituen diskoa argitaratu zuen 1994an, eta Tita Parrak 1998an Décimasen jarraipena egin zuen, Centésimas del alma izenburupean.

Aterciopelados izeneko talde kolonbiarraren Protesta kanta abestiak Violeta Parra aipatzen du (Oye diskoan, 2006). Gustavo Cerati argentinarraren Karaoke abestiak La carta abestiak sampling bat du (Siempre es hoy diskoan, 2002).

2003ko Viña del Mar jaialdian, Charly García argentinarrak Demoliendo hoteles abestiaren hitzak aldatu zituen: "Yo fui educado con Parra y odiaba a la humanidad. Un día di gracias a la vida, y tuve mucho mucho mucho más."

2018an, Nacho Vegas musikari espainiarrak Violétika izena jarri zion urte hartako diskoari, Violetaren ohorez eta "esdrújulak" tratatzeko moduaz.

Txileko hainbat musikarik Ángel eta Isabel seme-alabak, Víctor Jara, Quilapayún, Illapu, Patricio Manns, Los Jaivas, Inti Illimani (Violetaren bakarkako abesti-grabazioez gain, Luis Advis Canto para una semilla lana egin zuen, eta Décimas autobiográficas musikalizatu zituen. Álvaro Henricezek ekoitzitako rockean, besteak beste, Los Bunkers, Pettinellis, Lucybell, Javiera Parra (biloba), Chancho en Piedra eta Juanita Parra (Los Jaivas taldeko bateria) artistek hartu zuten parte, eta 2001ean argitaratu zen, Después de vivir un siglo izenburupean. Myriam Hernández, Gloria Simonetti eta Luis Jara baladistek ere Violetaren musika jarri dute beren errepertorioetan.

Txiletik kanpo, grabaketetan zein zuzenean, Violeta Parraren abestiak, artista garrantzitsuek interpretatu dituzte, besteak beste:

Iruditegia


Erreferentziak

  1. https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/violeta-parra-musikari-eta-artista-txiletarra-jaio-zen
  2. Cantar con Sentido, una biografía de Violeta Parra - Cortometraje Completo. (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  3. Mercedes Sosa eta Violeta Parra. elearazi.eizie.eus (Noiz kontsultatua: 2016-12-15).
  4. «Violeta Parra » Cronología de Violeta Parra» web.archive.org 2012-01-15 (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  5. «CASA DONDE NACIÓ VIOLETA PARRA» web.archive.org 2014-05-06 (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  6. (Gaztelaniaz) García, Javier (2013.03.22)., «Isabel Parra: "El museo de Violeta lleva 20 años esperando"..
  7. (Gaztelaniaz) S.A.P, El Mercurio. (2018-01-26). «El árbol de los Parra: Los hijos, hermanos y sobrinos de Nicanor | Emol.com» Emol (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  8. Violeta Parra. 2022-02-05 (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  9. (Gaztelaniaz) User, Super. «Biografía de Violeta Parra» munisancarlos.cl (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  10. (Gaztelaniaz) «Las Hermanas Parra» Las Hermanas Parra | MusicaPopular.cl (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  11. (Gaztelaniaz) La última canción de Violeta,, Entrevista a Nicanor..
  12. (Gaztelaniaz) Cooperativa.cl. «Hija de Violeta Parra murió en Bruselas» Cooperativa.cl (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  13. (Gaztelaniaz) S.A.P, El Mercurio. (2005-02-05). «Hoy se conmemoran 38 años de la muerte de Violeta Parra | Emol.com» Emol (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  14. (Gaztelaniaz) Archivo Chile, Todavía se muere por amor...
  15. Andrés Gómez Bravo. (2019-07-12). «La última carta de Violeta Parra: "Me cago en los discursos de despedida"» La Tercera (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  16. Vergara, Claudio. (2021-10-03). «La muerte del último compañero de Violeta Parra» La Tercera (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  17. Loyola, Margot. (2013-06-04). «El amor a los 95» La Tercera (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  18. N, Felipe Retamal y Pablo Retamal. (2020-09-11). «¿Cómo se contó la muerte de Violeta Parra en la prensa de 1967?» La Tercera (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  19. Violeta Parra. 2022-02-06 (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  20. «Rodolfo Braceli» www.rodolfobraceli.com.ar (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  21. «Rodolfo Braceli» www.rodolfobraceli.com.ar (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  22. «Diario El Mercurio» El Mercurio (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  23. (Gaztelaniaz) S.A.P, El Mercurio. «La Segunda.com» LaSegunda.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  24. (Gaztelaniaz) S.A.P, El Mercurio. (2012-04-05). «Miniserie de "Violeta se fue a los cielos" mantuvo rating en su capítulo final | Emol.com» Emol (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  25. «Jesús Sevillano - Vol. 4 Canciones de Venezuela y América (LP Info)» sincopa.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.