Vikidia
Vikidia Frantzian sortutako wiki entziklopedia-proiektu bat da, 8 eta 13 urte bitarteko umeentzat pentsatua, baina ez bakarrik irakurle edo erabiltzaileak izateko, baita parte hartzaile eta artikulugileak izateko ere. Webgune hau ez dago Wikipedia bultzatzen duen Wikimedia Fundazioarekin loturik. Jatorrizko Vikidia proiektua 2006ko azaroan jarri zen martxan.
- Euskarazko Vikidiaren bertsioa, Txikipediaren oinarria izan zen.
Sorrera
Vikidia proiektua Wikipedia Junior izeneko wiki entziklopedia bat sortzeko asmoan du jatorria. Frantsesezko Wikipedia Junior horretan, Wikipediako artikulu bilduma bat hartu eta umeentzako CD-ROM batean argitaratu nahi zen. Azkar ikusi zen, ordea, artikuluak adin-tarte horretarako egokiak eta baliagarriak izango baziren, moldaketa dezentekoak egin beharko zirela, bai artikuluen luze-laburrari dagokionez, baita erabilitako hizkuntza-mailari dagokionez ere. Gainera, bultzatzaileek garbi zuten umeen beraien partaidetza ere interesgarria izango zela; hau da, umeek aukera izan behar zutela artikuluak egiteko ere, ez bakarrik irakurtzeko. Hori, irakasleen laguntzarekin errazagoa izango zela pentsatu zen, eskolako lan edo jarduera osagarri modura. Horregatik guztiagatik, aparteko wiki bat egitea erabaki zen.
Garai hartan Wikipedia Fundazioaren barruan hori egitea posible ez zenez gero, Mathias Damour (Astirmays) izeneko wikizale batek zabaldu zuen Vikidia 2006ko azaroaren 17an, aurreko proiektuari buruzko eztabaidetan parte hartu zuten beste wikizaleen laguntzaz.
Norentzat da Vikidia?
Vikidia umeentzat da eta umeek ere idatz dezaketen entziklopedia bat da. Wikipediak duen funtzionamendu berbera du, arau berberak eta antolaketa berbera.
Artikuluak idatzi nahi dituztenek argi eduki behar dute 8 eta 13 urte bitarteko umeen euskara eta ulermen mailara egokitutako testuak nahi ditugula. Horrek ez du esan nahi beste edonork erabili ezin duenik Vikidia gai bati buruzko azalpen sinple bat eskuratzeko. Vikidiako artikulu bat oso lagungarria izan daiteke, euskarazko wikipediako artikulua luzeegia edo zailegia bada.
Nork egiten du Vikidia?
Nornahik har dezake parte Vikidia eraikitzeko lanetan, baina arauak errespetatuz beti ere. Horretarako, beharrezkoa da kontua irekitzea. Hasieratik bertatik, bultzatzaileek asmo garbia erakutsi dute eskola-komunitatearen partaidetza bilatzeko, eta, horregatik, gure eskoletako ikasle eta irakasleei dei egiten diegu proiektu hau handitzen eta hobetzen laguntzeko, artikuluak idatziz, osatuz, zuzenduz eta, beti ere, hobetuz. Izan ere, Vikidian ez dago kontu desberdinik partaideen adinaren arabera: kontua irekitzean, adina ez da eskatu ere egiten!
Frantsesezko Vikidia bultzatu dutenak Wikipediako kolaboratzaileak ziren lehendik ere, baina, orain, izena emanda dauden gehienak eskola-ume gazteak dira.