Vietnamgo historia
Vietnamgo historia orain dela 20.000 urte inguru hasi zen, lehenbiziko gizaki modernoak eskualde hartara iritsi zirelarik. Txinako Inperioaren mende egon zen mende askoan. X. mendean independentzia lortu zuen, eta bertako errege-dinastia jarri zen agintean.
XIX. mendean Frantziak kolonizatu zuen. Bigarren Mundu Gerran Japoniak okupatu zuen, baina Frantziaren nagusitasuna errespetatuz. Izan ere, garai hartan Vichyko gobernuaren mende zegoen Vietnam; Japonia bezala, Hitlerren aliatua zen beraz. Gerra horren amaieran, Japoniaren eta Frantziaren arteko harremanak gaiztotu egin ziren, Japoniari Frantzia aliatuen aldera mugitzen zela iruditu zitzaion eta. Horregatik, Japoniak frantziarrak kanporatzeko ahalegina egin zuen. Hala ere, Ho Chi Minhek gidatuta, Vietnamgo Errepublika Demokratikoa osatu zen.
Gerra amaitu ondoren, Frantziak ezin izan zion eutsi hego-ekialdeko Asian zeukan botereari. Indotxinako gerra galdu zuen, eta 1954 urteko Genevako Akordioek herrialdea bitan zatitu zuten: Ipar Vietnam (Gerra Hotzaren garaian Txina eta SESBen laguntza izan zuena) eta Hego Vietnam (Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin). Zatiketa horren ondorioa Vietnamgo Gerra izan zen, 1958-1973 bitartekoa. 1976an Ipar Vietnamek Hego Vietnam menderatzea lortu zuen, AEBetako soldaduak kanporatu zituzten eta Vietnameko Errepublika Sozialista sortu zen. 1990eko hamarkadaren amaieran AEBrekin zuen gatazka leunduz joan zen, eta negoziazio politikoak hasi ziren. 2000tik aurrera, Estatu Batuen diru-laguntzak eskuratzen hasi zen berriz.
Lehen gizakiak
Arkeologia indusketek erakutsi dute Paleolitoan jada Vietnamen pertsonak bizi zirela. Orain dela 500.000 urteko Homo erectusen aztarnak ere aurkitu dituzte[1], Lang Son probintzian eta Nhge An probintzian, Ipar Vietnamen. Pleistozeno Ertainan ere aurkitu dira giza fosilak. Adibide gisa Tham Omen orain dela 250-140.000 urte datatuak izan diren haginak, eta Hang Humen orain dela 140.000tik 80.000ra datatutakoak.[2] Homo sapiens egotzitako haginak ere aurkitu dira Dong Canen, ziurenik 16.000 urteko adinarekin eta Mai da Dieun Holozeno hasierakoak (8.200 urte) Lang Gao eta Lang Cuomen (6.440 urte)[3]
Arkeologia-aurkikuntzen arabera, Vietnamgo herria Neolitoan moldatu zen Ibai Gorriaren deltan, bertan finkaturik zegoen melanesiar edo indonesiar tankerako biztanleria eta iparretik iritsitako mongoliar jatorriko jendea elkartu ondoren. Brontzea Dong Son deituriko zibilizazioan azaldu zen, K.a. 1000 aldean. K.a. III. mendean, Âu Lạc erresuma eratu zen, eta K.a. 208an Zhao Tuo txinatar jeneralak Nam Viet erreinua sortu zuen.
Lehen dinastiak
Brontze Aroan Dong Son deituriko zibilizazioa azaldu zen, K. a. 1000. urtean. Bere elementurik bereizgarriena nekropoliak dira (60 cm inguruko zangetan eginiko hilobiak), brontzezko objektuez gain, hilobiek armak eta burdinazko beste tresna batzuk gordetzen dituzte, baita jadezko apaingarriak, harri leunduzko aizkorak eta eskistozko tresnak ere. Horrek esan nahi du Brontze Aroa baino lehenagoko kultura ere egon zela eskualdean.[4]. K. a. III. mendean Au Lac deitutako erreinua eratu zen, eta K. a. 208an Txao To txinatar jeneralak Nam Viet erreinua sortu zuen.
Txinaren mende
K. a. 111n Nam Viet osoa Txinako probintzia bihurtu zen, eta hala iraun zuen mila urte inguru. Hegoaldean, Annamen eta Kotxintxinan, hinduen zibilizazioaren eragin nabarmena zuen Tsampa erreinua sortu zen. Txinak, bere administrazioa ezartzearekin, herrialdea egituratu zuen, bertako gizartea txinatartu zen eta goi-klaseak konfuzianismora bihurtu ziren. Txinaren aurkako matxinadak izan baziren ere (Trung ahizpak, K.o. 39-43;, Ly Bon,541-602) 939. urte arte ez zuen Nam Viet-ek askatasuna lortu.
Dinastia nazionalak
X. mendearen erdialdetik aitzina, bertako zenbait familiak gobernatu zuten Dai Viet herrialdea: Dinh (968-980), Le (980–1009), Ly dinastia (1010-1225). Ly dinastiarekin estatua garatu zen, eremua hedatu zen Champa lurraldeak hartuta, hiriburua egungo Hanoin kokatu zuten eta khmerren erasoak geldiarazi zituzten. Tran dinastiak (1225-1413) mongolen erasoei aurre egin zien, eta Hue aldea beretu zuen 1306an. 1400ean, Ho Quy Ly aginpideaz jabetu zen, eta Txina, Tran familiari tronua itzultzeko aitzakian, herrialdeaz jabetu zen berriro 1407an. Le Loi txinatarren aurka matxinatu zen 1427an eta, herrialdetik egotzi ondoren, Lê dinastia berria sortu zuen. Le Thanh Tonek (1460-1497) Champa menderatu zuen, eta erdialdeko Mekongeraino iritsi zen. 1527an Mac Dang Dung gudarostearen buruzagiak aginpidea eskuratu zuenetik, egonkortasuna galdu zen herrialdean.
1592an, Trinh familiak Hanoi hartu zuen, eta lêtarrak berrezarri zituen tronuan benetako aginpidea beren eskuetara iragan zenean. Hegoaldean, ordea, Nguyen familia indartsuak aurre egin zien. Herrialdea zatitu egin zen, eta Tonkin eta Annam erresumen arteko gatazka 1627tik 1802ra luzatu zen. Aldi hartan hasi ziren mendebaldeko herrialdeak bertako arazoetan esku hartzen: portugaldarrek, lehenik, nguyendarrei lagundu zieten; gero, herbeheretarrek eta britainiarrek merkataritzarako guneak ezarri zituzten bertan, eta frantsesak, azkenik, nguyendarren alde aritu ziren.
1802an, Nguyen Anhen gudarosteak Hanoi hartu zuen, eta erreinua berriro batu zuen bere agintaritzapean. Bi urte geroago, Nguyen Ahn enperadoreak (1802-1820), Gia Long izena harturik, Vietnam deitu zion bere erreinuari eta Hue aukeratu zuen hiriburutzat; errege absolutu gisa gobernatu zuen; administrazioa zentralizatu zuen, eta herri lan handiei ekin zien: errepideak, ubideak, dikeak, portuak, gotorlekuak. Ming Mang (1820-1841) haren ondorengoak Kanbodia protektoratutzat hartu zuen 1834an, eta kristauek lagunduriko Saigongo matxinada zapaldu zuen (1833-1835). Ondoko enperadoreak, Thieu Tri (1841-1847) eta Tu Duc (1847-1883), administratzaile nabarmenak izan ziren, baina Frantziaren presio gero eta handiagoa jasan behar izan zuten.
Frantsesen konkista (1859-1895)
Bertako kristauen eta mendebaldeko misiolarien jazarpena aitzakia harturik, Napoleon III.ak Vietnam mendean hartzea erabaki zuen. 1859an, frantsesek Saigon hartu zuten. 1862ko itunaren ondorioz, Frantzia Kotxintxinaz jabetu zen, eta 1873an Hanoin sartu ziren. 1883an, Annamen eta Tonkinen Frantziaren mendeko protektoratu ezartzen zuen ituna onartu behar izan zuen enperadoreak. Txina gatazkan sartu zen frantsesen aurka, baina 1885ean Vietnam osoaren gaineko aginpidea aitortu zion Frantziari. 1887an, frantses gobernadore nagusi baten mendean zegoen Indotxinako Batasuna sortu zuten frantsesek, Kotxintxina, Annam, Tonkin, Kanbodia eta Laos barne zirela.
Frantziak administrazioa erreformatu zuen, letratu tradizionalen ordez, bere aldeko jendea ezarriz, eta hezkuntza-sistema aldatu zuen. 1905etik aurrera, europar hezierako burges-giroetan, kolonialismo-egoera aldatzea helburu zuten zenbait talde sortu ziren. Gero, beste erakunde erradikalago batzuk agertu ziren: Nguyen Thai Hocek 1927an Viet Nam Quoc Dan Dang ("Vietnamgo Alderdi Nazionala") eratu zuen Txinako Kuomintangen eredura, eta 1930ean Indotxinako Alderdi Komunista sortu zen, Ho Chi Minh buruzagi nagusi zuela. Bi alderdiok herriaren matxinada prestatu zuten 1930ean baina, arrakastarik ez izanik, ondoko errepresio gogorra jasan behar izan zuten. Iraultzaileen aurka, frantsesek erreformabideak sustatu zituzten: 1932an, Frantzian ikasia zen Bảo Đại enperadoreak bere karguaz jabetu zen, eta Ngô Đình Diệm gaztea izendatu zuen ministro. Administrazioa berritzen saiatu ziren arren, ez zuten emaitza nabarmenik lortu.
Bigarren Mundu Gerran, 1940an zehazki, Japoniak okupatu zuen, baina Frantziaren nagusitasuna errespetatuz. Izan ere, garai hartan Vichyko gobernuaren mende zegoen Vietnam; Japonia bezala, Hitlerren aliatua zen beraz. Gerra amaiera aldera, ordea, Japoniaren eta Frantziaren arteko harremanak gaiztotu egin ziren, Frantzia aliatuen aldera mugitzen zela iruditu baizitzaion Japoniari. Horregatik, Japoniak frantziarrak kanporatzeko ahalegina egin zuen.
Indotxinako lehenbiziko gerra
Bigarren Mundu Gerran japoniarrak Frantziar Indotxinan sartu zirenean, Ho Chi Minhek, Indotxinako alderdi komunistaren buruzagiak, Viet Minh alderdia sortu zuen, kanpoko gudarosteei aurre egiteko eta independenzia lortzeko. Gerra bukatu ondoren, Viet minhek hartu zuen aginpidea eta Vietnamgo Errepublika sortu zuen. Frantziak, ordea, ez zuen bere inperio koloniala galdu nahi eta Frantziar Batasuna (frantsesez: L’Union française) eratu zuen, horrela beste izen batez koloniak atxikitzeko. Frantziako gobernuak Indotxinari erresuma independente modura eutsi nahi zion, baina Frantziar Batasunaren barruan.[5]
1948an, armada frantsesa itzuli zen Indotxinara, Hai Phong hiria bonbardatu ondoren. Viet minhen barruan komunistak, burgesak eta abertzaleak elkartu ziren Frantziaren kontra, fronte bakar eta indartsu batean. Viet minhgo armadak, Võ Nguyên Giáp jeneralak zuzenduta, Cao Bangeko gudua irabazi zuen 1950ean, baina gero frantsesek kontraeraso batez lurralde osoa menderatu zuten berriro. Azkenean Giáp jeneralak frantsesak inguratu zituen Diên Biên Phun, eta 1954an Frantziako gudarostea errenditu egin zen. Genevako bake itunean, Indotxina bi estatutan banaturik gelditu zen: Ipar Vietnam eta Hego Vietnam.[5] Hala ere, Genevako Ituneko erabakiek Vietnamgo batasuna aurreikusten zuten.
Vietnamgo gerra
Vietnamgo batasuna aurreikusten zuten Genevako Ituneko erabakiak (1954) Vietnamgo Errepublikak ez betetzean abiatu zen gatazka armatua, Indotxinako Bigarren Gerra ere deitu izan dena (1955-1975).
Ngo Dinh Diem-en aldia
1955eko urrian, Estatu Batuen laguntza zuela, Ngô Đình Diệmek Bảo Đại enperadorea eraitsi eta errepublika aldarrikatu zuen Hego Vietnamen, Genevako erabakiei uko egiten zien bitartean. Horrenbestez, su-etenaren ondoren hegoaldean ziren Viet Minheko kideek errepresio gogorra jasan zuten, hala demokratek nola liberalek erbesterako bidea hartu behar izan zuten. 1957an, azkeneko oste frantsesek alde egin zuten Indotxinatik, Estatu Batuek laguntza militarrerako ordezkaritza bertan finkatu ondoren. 1960ko urtarrilean lehen gudu irekiak gertatu ziren eta, urte berean, gobernuaren aurkako borroka gidatu behar zuen Hego Vietnamgo Askapenerako Nazio Frontea (FNL) sortu zen, komunistek eta joera ezberdineko beste zenbait alderdi politikok bultzatua.
Estatu Batuak gerran
1960an, Estatu Batuen esku-hartze zuzena hasi zen, eta 1961ean Kennedyren administrazioak aholkulari militarren kopurua handitu zuen. Hala eta guztiz, 1963an Ngô Đình Diệmen gudarostea lehen aldiz garaitua izan zen; gobernuak budisten kontrako zapalkuntza bideratu zuen, eta 1963ko maiatzean haietako batzuen jendaurreko suizidioak mundu osoaren jakin-mina erakarri zuen. Estatu Batuek Diệm familia bertan behera utzirik, militarrek hartu zuten aginpidea.
Johnsonen agintaldian (1965-1968), William Westmoreland jenerala Vietnamgo amerikar armadaren buru zela, estatubatuarren esku-hartze zuzena indartu zen: 275.000 soldadu 1966an, 550.000 1968an. Estatu Batuek Vietnamgo Errepublika Demokratikoa bonbardatu zuten, napalma eta landaredia hondatzen duten produktuak erabiliz, aldi berean beren tropek operazio handitan parte hartzen zutela. Vietnamgo Errepublikak, 1965etik Nguyên Van Thieu eta Nguyên Cao Kỳ jeneralak agintari nagusiak zirela, 1.500.000 gizonez osaturiko gudarostea eta polizia zituen. Guztiarekin ere, FNL indartsu ageri zen landa-eremuetan, eta 1966an hegoalde osoaren hiru laurdenetan bere administrazioa ezarri zuen.
FNLren barnean, bi tropa-mota bereizten ziren: herri-milizia, tokian tokiko gerrilla-ekintzak egiten zituena, eta tropa erregularrak, higikortasun handikoak eta etsaiari oste handitan erasotzeko gai zirenak. FNLren esku zeuden lurraldeen aurkako bonbardaketa etengabeek biztanleak bertatik alde egitea eta kontrolaturiko hirietara biltzea zuten helburu, baina ondorio latzak ekarri zituzten: nekazaritza-guneak hondaturik eta abandonaturik geratu ziren, eta hirietara gehiegizko jendetza bildu zen denbora laburrean. Gizartea guztiz desegituratua geratu zen. Vietnamgo Errepublikaren ekonomia guztiz Estatu Batuen mende geratu zen.
1968ko urtarriletik martxora, FNLk Tet erasoaldia jo zuen: gerrillari-talde handiak erabiliz, 34 probintzia-hiriburuz eta garrantzi txikiagoko beste hainbat hiriz jabetu zen denbora batez. Estatu Batuek, beren estrategiaren porrotaz oharturik, iparraldeko bonbardaketak geldiarazi zituzten 1968ko martxoak 31n. Hanoik bake-negoziazioak hastea proposatu zuen, eta Johnsonen administrazioak elkarrizketak hastea onartu zuen: Parisko bake konferentzia, 1968ko maiatzean hasi zena.
Vietnamdartzea
1965etik aurrera, Estatu Batuetan geroz eta jende gehiagok azaltzen zuen gerraren aurkako iritzia, batez ere ikasleen artean. 1968an, Richard Nixon presidente hautatua izan ondoren, Estatu Batuetako agintari berriek vietnamdartzea deitu estrategia berria abiatu zuten: beren tropak gutxitzen hasi ziren arian-arian eta, aldi berean, Saigongo erregimenari erabateko laguntza ekonomikoa zein militarra ematen zioten. FNLk 1969ko ekainean Behin-behineko Gobernu Iraultzailea sortu zuen. 1969ko abuztuan, Washington eta Hanoi isilpeko negoziaketan hasi ziren Parisen, Henry Kissinger eta Lê Ðức Thọ ordezkari nagusiak zirela.
Aldi berean, ordea, Estatu Batuek bere aire-indar guztia erabili zuten oinezko tropen murrizketa orekatzearren eta Ho Chi Minh bidea deitua (iparraldetik hegoalderako laguntza bideratzen zuena) hondatzearren. Xede horretan, CIAk Kanbodian sustaturiko estatu-kolpeak Norodom Sihanouk neutralista eraitsi zuen 1970eko martxoan eta, ondoren, hegoaldeko gudarostea amerikarrekin batera sartu zen herrialde hartan; antzeko ekintza egin zuten Laosen 1971ko martxoan. Ahalegin horiek guztiek ez zuten inolako garaipen garbirik ekarri; aitzitik, etsai guztien batasuna ekarri zuen (Ipar Vietnam, FLN, Pathet Lao, Kanbodiako gerrilla). Borrokatokiak ugaldu ziren, eta herri-armada zenbait lurralde estrategikoz nagusitu zen: Mekong haraneko goi-eskualdeak, Kanbodiako iparraldea, etab. 1971ko ekaina-uztaileko negoziaketan, Estatu Batuek uko egin zioten Hanoik eta Behin-behineko Gobernu Iraultzaileak aurkezturiko bake-planari, Nguyên Van Thieuren dimisioa eta nazio-akordiorako gobernua eskatzen baitzituzten.
1972ko ofentsiba orokorra
1972ko martxoaren 30ean, FLNren indarrek eta Vietnamgo Errepublika Demokratikoko gudarosteek erasoa jo zuten; Quang Tri probintziaz jabetu ziren, eta Saigondik 100 kilometrora hurbildu. Erantzun gisa, Iparraldeak gerra-hasieratik izandako bonbardaketarik gogorrenak eta hilgarrienak jasan zituen (Hanoi, Hai Phong). Halaber, Estatu Batuek minak jarri zituen iparraldeko portuetan, eta erabateko blokeoa ezarri zuen.
Parisko akordioak
Zigor horiek gorabehera, FNLri irabazteko ezintasuna gero eta garbiago ageri zen Estatu Batuentzat eta 1973ko urtarrilaren 15ean bonbarbaketak gelditu zituzten. Handik egun gutxira, urtarrilaren 27an, bake-ituna sinatu zuten. Estatu Batuek bi administrazioen existentzia onartzen zuten Hegoaldeko Vietnamen eta, nazio-akordiorako batzordea eratu aurretik, su-etenaren beharra aitortzen zuten.
Guztiarekin ere, Van Thieuren gudarosteak, Estatu Batuek bultzaturik, ahaleginak egin zituen Behin-behineko Gobernu Iraultzailearen mendeko eskualdeak eskuratzearren; baina, haien kontraerasoak beharturik, 1975eko martxoan Thieuren gudarostea erdialdeko goi-lautadetatik erretiratu zen, Saigonen inguruko defentsa-perimetroa finkatzeko. Hala ere, Behin-behineko Gobernu Iraultzailearen etengabeko garaipenek etsaien desmoralizazioa eragin zuten eta, apirilaren 30ean, haien eta Vietnamgo Errepublika Demokratikoaren gudarosteak Saigonen sartu ziren.
Vietnam batua
1976ko uztailean, iparraldeak eta hegoaldeak Vietnamgo Errepublika Sozialista eratu zuten, eta Tôn Đức Thắng izan zen lehenengo presidentea. Nazio askok berehala ezagutu zuten estatu berria. Egin beharreko lana, ordea, handia zen. Oinarri ezberdineko bi sistema ekonomiko adostu beharra zegoen, eta gerraren ondorioei aurre egin behar zitzaien: Saigonen 500.000 pertsona lanik gabe zeuden, eta laborantza lurretara itzuli behar zuten, bonbardaketak deseginik ziren lurraldeetara hain zuzen; amerikarrak erretiratu ondoren, 300.000 prostituta geratu ziren, eta droga gogorren mendekotasunak jotako 20.000 lagun inguru.
Gerra ondoren, milioi inguru pertsonak ihes egin zuen, aurreko erregimenarekin zerikusia zutenen eta erdi-mailako klaseko pertsonen artean. Auzo-herriekiko harremanei dagokienez, 1978ko abenduan, SESBen eta Txinaren arteko etsaigoaren ondorioz, Vietnamgo gudarosteak Kanbodiari eraso zion eta, Txinaren laguntza zuen Khmer Gorrien gobernuaren ordez, beren aldeko gobernua ezarri zuen aginpidean. Ekintza horren ondorioz, 1979ko otsailaren 17an Txinaren erasoa jasan behar izan zuen. 1989ko irailean, Vietnamek bere tropa guztiak atera zituen Kanbodiatik, eta 1990ean itun bat sinatu zuen Txinarekin gatazkari amaia emateko.
1992an konstituzio berria onartu zen. Lege-nagusi hark aukera ematen zuen hauteskundeetan hautagai independenteak aurkezteko. Hala eta guztiz ere, urte hartako hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagaien % 90 Alderdi Komunistako kide ziren. Urte hartan bertan, Estatu Batuetako senatari-batzorde batek Vietnam bisitatu zuen 2.000 gerra-presoei buruz hitz egiteko. Pribatizazio-neurriek eta atzerriko inbertsioen liberalizazioak BPGa % 8,3 igotzea ekarri zuen. Garai hartan, Vietnamgo kanpo-ekonomia bi gairen mende zegoen: arroza eta, maila apalagoan, petrolioa. Arrozaren ekoizpenaren igoerak onurak ekarri zizkion batez ere hegoaldeari eta, aldi berean, nabarmendu egiten zituen Vietnam hegoaldearen eta iparraldearen arteko desberdintasunak.
1993an, langabezia % 30era iritsi zen, eta kontrabandoa gorantz zihoan. Estatu Batuen boikota urte hartan hasi zen desagertzen, Senatuko batzorde batek azaldu zuenean Vietnamen ez zegoela preso estatubatuar soldadurik. 1994ko otsailean, 19 urte igaro ondoren, Bill Clintonek merkataritza-blokeoaren amaiera iragarri zuen. Alderdi Komunistak gogor egiten zion kontra politikaren eta ekonomiaren liberalizazioari. Vietnam eta Estatu Batuen artean 1995. urteaz geroztik hasi ziren harreman diplomatikoak. Harreman haien ondoren, askok uste zuten Estatu Batuetako enpresa asko berehala joango zirela Vietnamera inbertsioak egitera, baina ez zen horrenbestekoa izan, zain baitzeuden Vietnamgo ekonomia noiz liberalizatzen zen.
1997an, Asiako diru-krisia iritsi zen herrialdera. Urte hartako bozetan, Trần Đức Lương hautatu zuten presidente, eta Phan Văn Khải lehen ministro. 1998an, lehorteak 7.000 kafe-sail hondatu zituen, eta beste 40.000 galtzeko zorian utzi. 1999an, uholdeek kalte latzak eragin zituzten ekonomian. Ustelkeria gero eta gehiago zabaldu zen eta, 1998an, arazo nazionaltzat aitortu zuten agintariek; hiru funtzionario hil zituen gobernuak, ustelkeria egotzita, eta hainbat ministro eta goi-mailako kargu dimisioa ematera behartu zituzten.
2000n eta 2001ean, hainbat hitzarmen sinatu ziren Vietnamen eta Estatu Batuen artean. 2002an, ehunka pertsona eta erakunde epaitu zituzten bankuetan iruzurra egiteagatik. Uztailean, Trần Đức Lương berriz aukeratu zuten presidente eta Phan Văn Khải, berriz, lehen ministro. 2004an, hegazti gripearen pandemia izan zen herrialdean, baina urte hartan bertan indargabetu zuten gaixotasuna. 2005ean, gerra bukatu izanaren 30. urteurrena ospatu zuten. Phan Văn Khải lehen ministroa aurrenekoz joan zen Estatu Batuetara bisita ofizialean. 2006an, legebiltzarrak ikerketa sakon bat egin zuen hainbat ministeriotako ustelkeria argitzeko, eta, azkenean, lehen ministroak eta goi-mailako beste kargudun batzuek dimisioa eman behar izan zuten. 2007an, Nguyễn Tấn Dũng lehen ministro berriak gobernua eraberritu zuen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/5/12 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- The Human Migration: Homo Erectus and the Ice Age
- PMID 8610161 (PubMed)
Citation will be completed automatically in a few minutes. Ilara saltatu edo eskuz egin - doi:10.1016/j.jhevol.2004.12.004
Zita hau gehitzeko bi modu daude: Botaren zain egon gabe edo eskuz egin - (Gaztelaniaz)Nguyen Khac Vien.- Vietnam una larga historia.- H : The goi, 2015.- orr. 11-14. ISBN 978-604-77-3197-8
- Indotxina, Frantziakoa. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-7-24).