Vienako Batzarra
Vienako Batzarra nazioarteko topaketa bat izan zen, 1815ean Vienan egindakoa, Napoleon I.aren porrotaren ondoren Europako mugak berrezartzeko, eta Antzinako Erregimeneko forma eta ideologia politikoak berrantolatzeko, deitua izan zena. Batzarrak, 1814ko urriaren 1etik 1815eko ekainaren 9raino iraun zuen. Lortutako adostasunak, Erdialdeko Europan eta Ekialdekoan, Lehen Mundu Gerra amaitu arte indarrean egon ziren. Hala ere, bakea, absolutismoaren ezarpenarekin lortu zen. Austriako enperadore zen Frantzisko I.a Austriakoak deitu zuen, honek, batzarraren amaieran, Europa berria Berritzearen Europa izango zela esanez. Antzinako Erregimenaren etsaiak kontrolatuta izateko hartu ziren neurriak gora-behera, ezin izan zen 1830 eta 1848ko iraultzak eragin zituzten ideia liberalen zabalkuntza eragotzi.
Parte-hartzaileak
Bi izan ziren protagonista nagusiak: Klemens von Metternich, konferentziako presidentea, eta Charles Maurice de Talleyrand, Luis XVIII.aren ordezkaria, porrota gora-behera, Frantziarentzat zenbait arrakasta lortu zituena. Gainera, Alexandro I.a tsarra ere aipa daiteke, paper klabea izan baitzuen batzarrean. Bere kontseilari ziren Karl Nesselrode eta Andrei Razumovski konde ospetsuarekin joan zen, estatu alemanak bateratzeko eta Polonian konstituzio erregimen bat ezartzeko xedearekin. Bertan egon ziren beste batzuk, Austriako Frantzisko I.a eta Frederiko Gilen III.a Prusiakoa izan ziren, azken hau, Hardenberg eta Humboldtek lagunduta, Erresuma Batuko ordezkariekin, lehenik Lord Castlereagh eta ondoren Wellingtongo Dukea (Europaren laguntzan irten behar izan zuena Napoleon Elba uhartetik ihes egin zuenean, batzarra ospatzen ari zen bitartean, eta Napoleonen antzinako aliatuekin, Saxonia eta Danimarkako erregeak bezala. Espainiarrak ere egon ziren (Labrador markesa), portugaldarrak, (Pedro de Sousa Holstein, Palmelako kondea, Antonio Saldanha da Gama, Joaquim Lobo da Silveira), estatu germaniarrak (Hanover, Bavaria, Wurtemberg), eslaviarrak, eskandinaviarrak (Suedia) eta Aita Santuen Lurraldearen ordezkariak. Guztiak, ados geratu ziren bat eginak egotean eta liberal, errepublikar eta ateoen aurka azti egotean.
Batzarrak iraun zuen denboran, parte hartzaileak Vienan jauregietan egon ziren, parkeetatik eta basoetatik ibilaldiak egiten. Toki guzti hauek, aisialdi, oturuntza eta dantzen eskenategi izan ziren, gertaera hauetatik sortu zen Ligneko printzearen esaldia: Le Congrés ne marche pas, il danse, eta 2000 zalditik gora eta beste hainbeste zakur biltzera iristen ziren ospatzen zituzten ehizaldietan. Aisialdiko ekitaldi hauetako batek, Beethovenen kantata baten kontzertua izan zuen, Une loriatsua izena zuen kantata.
Lurralde aldaketak
Batzarrean eginiko negoziaketen ondorio bezala, honako erabaki hauek hartu ziren:
- Frantziak, konkistatutako lurralde guztiak galdu zituen.
- Prusiak, Mendebaldeko Prusia, Posen, Saxonia iparraldea eta Rhin eta Westfaliako probintzien zati bat jaso zuen.
- Austriar Inperioak Napoleonen aurka galdu zituen lurralde gehienak berreskuratu zituen, eta, gainera, Tirol, Salzburgo, (Bavaria), Lonbardia eta Veneto jaso zituen, Dalmazia eta Herbehere austriarren galera konpentsatzeko.
- 38 estatuko Alemaniar Konfederazio bat sortua izan zen, aurreko 309 estatuetatik sortua, austriar enperadorearen presidentziapean. Austria eta Prusiako zati txikiak bakarrik sartu ziren Konfederazioan.
- Errusiak bere lurraldea mendebalderantz hedatu zuen. Besarabia eta Finlandiaren jabetza baieztatu zuen, Varsoviako Dukerri Handiaren zati gehienaz gain.
- Norvegia, Danimarka eta Suediari eman zioten.
- Otomandar Inperioak, neurri baterainoko autonomia eman zien Serbia, Montenegro, Valakia eta Moldaviari
- Hanover erresuma bilakatu zen, Münsterko apezpikuaren antzinako lurraldeak eta Ekialdeko Frisia bereturik.
- Napoleonen emaztea zen Austriako Maria Luisari, Parma, Piacenza eta Guastalla eman zizkioten
- Herbehereetako Erresuma Batuaren sorrera berretsi zen.
- Sardiniako Erresumak Niza eta Savoiako dukerria berreskuratu zituen eta Genova eman zioten.
- Krakoviako hiriak eta bere inguruek, Krakoviako Errepublika eratu zuten
- Erresuma Batuak Heligoland, Malta eta Joniar uharteak bereganatu zituen, baita itsasoz haratagoko beste lurralde batzuk ere.
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Europaren Mapa Batzarraren ondoren