Vicenta Llorente del Moral

Vicenta Llorente del Moral (Algorta, Bizkaia, 1930eko irailaren 17a) XX. mendeko entomologiaren historiaren parte den zientzialaria da. Ortopteroetan aditua da, eta intsektu mota desberdinen azterketan zentratu da profesionalki.

Vicenta Llorente del Moral
Bizitza
JaiotzaAlgorta, 1930eko irailaren 17a (93 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaMoskuko Estatu Unibertsitatea
Madrilgo Complutense Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakentomologoa eta ikertzailea

Biografia

Bizitza etxetik urrun

Vicenta Llorente del Moral Algortan (Bizkaia) jaio zen 1930eko irailaren 17an. Bere aita, errepublikar armadan izena emana, Elorrion hil zen 1936ko irailean. Bere amak, alarguna, bi semerekin eta haurdun, Vicenta eta bere neba nagusia, Miguel, Sobietar Batasunera ebakuatzea onartu zuen. Bidaia luze baten ondoren, bi neba-arrebak ustekabean banandu zituzten: bi urte behar izan zituzten berriro elkartzeko, hamar urte amaren eta ahizpa txikiaren berri jasotzeko, eta hemeretzi urte Espainiara itzultzeko.[1]

Alderdi errepublikarreko gainerako seme-alabak bezala, Sobietar Batasunean Miguel eta Vicenta besoak zabalik hartu zituzten. Han, hasieran, bizimodu lasaia, ikasi eta gozatu ahal izan zuten. 1941eko ekainean armada naziak Sobietar Batasuna inbaditu zuenean, haien bizitzak korapilatu egin ziren, eta elikagaiak urritzen hasi ziren ere.[1]

Migelek tornulari lanbidea ikasi zuen. Vicentak bigarren hezkuntzako ikasketak amaitu zituen eta 1948an Moskuko Estatu Unibertsitateko Edafologia eta Biologia Fakultatean matrikulatu zen.[1]

Bizitza aurrera zihoan bitartean, Migelek eta Vicentak ez zuten amaren eta ahizpa txikiaren zortea ezagutzen.[1]

Vicenta Llorente entomologian espezializatu zen, eta, lizentziatu ondoren, Asjabadeko Epidemiologia Institutura (gaur egun Turkmenistan) joan zen lanera, Elvira Mingo Pérez (1930) lagunarekin batera. Vicenta eta Elvira hiru urtez egon ziren erakunde hartan, eta gaixotasunak transmititzeko dipteroetan espezializatu ziren.[1]

Itzulera eta entomologo lana

1956an, azkenean, Vicenta Espainiara itzuli ahal izan zen, ama eta arreba bizirik atera zirela jakin ondoren, eta zegokion dokumentazioa kudeatu ondoren. Vicentak unibertsitateko ikasketak baliozkotu ahal izan zituen, eta Elvira Mingorekin batera Edafologiako Institutuan (CSIC, Madril) hasi zen lanean – José María Albareda Herrerak zuzendua (1902-1966) –, Salvador V. Peris Torres entomologoak gainbegiratuta (1922-2007).[1]

Vicenta Jorge Prado Fernandezekin ezkondu zen, gerrako beste haur batekin, eta seme bat izan zuen. Sobietar Batasuneko ingeniari energetiko doktorea izan arren, Vicentak ez bezala, Jorgek ezin izan zituen baliozkotu eginda zituen ikasketak, Industria Ingeniarien Elkargoa aurka baitzegoen.[1]

Espainian, Vicentak dipteroen azterketa utzi eta ortopteroen azterketan jarri zuen arreta, denborarekin aditu ezaguna bilakatuz. Ikasketak zabaltzeko beka bati esker, Vicentak urtebetez ikertu zuen Londresko Natur Zientzien Museo Britainiarrean, eta han bere espezialitateko aditu handiak ezagutu zituen, hala nola Boris Pavlovich Uvarov (1888-1970), Vitali Mijailovich Dirsh (1904-1982) edo David R. Ragge.[1]

Vicenta Llorentek Zientzia Biologikoetako doktoretza lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Espainiara itzuli eta urte batzuetara. Ibilbide zientifiko luzean, hamazazpi espezie berri, lau azpiespezie eta bi azpigenero aurkitu ditu entomologiaren esparruan. Liburu eta artikulu zientifiko ugari idatzi ditu[1]

Erretiroa hartuta egon arren, Vicenta Llorentek bere ikerketa-ibilbidearen ardatz izan diren ortopteroak ikertzen jarraitu du.[1]

Lanak

  • Libro rojo de los ortópteros ibéricos.  S. K. Gangwere, M. G. de Viedma, Vicenta Llorente.[2]
  • Los Phampaghidae de la Península Ibérica: Insecta, Orthoptera, Ca Elifera. Vicenta Llorente del Moral, Juan Jose Presa Asensio.[3]
  • Tropidopola cylindrica cylindrica (Marschall, 1836) (Orthoptera:Catantopidae) en el área iberobalear y nuevos datos sobre su biología. David Llucià Pomares, Jorge Iñiguez Yarza, Vicenta Llorente del Moral.[4]
  • Estudio taxonómico preliminar de los Grylloidea de España (Insecta, Orthoptera) ( Graellsia aldizkaria) A. V. Gorochov, Vicenta Llorente.[5]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «Vicenta Llorente del Moral: estudiando insectos | Vidas científicas» Mujeres con ciencia 2018-05-29 (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
  2. Gangwere, S. K.; Viedma, M. G. de; Llorente, Vicenta. (1985). Libro rojo de los ortópteros ibéricos. ISBN 978-84-7479-051-1. (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
  3. (Gaztelaniaz) «LOS PHAMPAGHIDAE DE LA PENINSULA IBERICA: INSECTA, ORTHOPTERA, CA ELIFERA | VICENTA LLORENTE DEL MORAL | Casa del Libro» casadellibro (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
  4. http://sea-entomologia.org/PDF/BOLETIN_36/B36-016-097.pdf. .
  5. Gorochov, A. V.; Llorente, Vicenta. (2001). «Estudio taxonómico preliminar de los Grylloidea de España (Insecta, Orthoptera)» Graellsia: revista de zoología 57 (2): 95–139. ISSN 1989-953X. (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.